Gipuzkoako Surf Federazioa: "Orioko arraunetxea da gure proiektuaren eszenatoki nagusia"

Karkara 2018ko mai. 6a, 20:00

GSFko zuzendaritza taldeko kideak, Arraunetxean egindako prentsaurrekoan.

Hilabete pasa da dagoeneko Pro Zarautz surf txapelketatik. Federazioaren hitzetan, goi mailako ikuskizuna izan zen egun horietan, eta bertako surflariek "onenen artean daudela" erakutsi zuten.

 

“Aurten, WSLek konfirmatutakoaren arabera, 3,5 milioi euroko emaitza lortu du txapelketak, errekor guztiak gainditu ditu”. Hala adierazi du Maialen Saez oriotarrak, Gipuzkoako Surf Federazioko egungo lehendakariak. Hala eta guztiz ere, federazioa irabazi asmorik gabeko erakundea dela nabarmendu du, eta datu horiek azpimarratzearen arrazoia “txapelketaren atzean dagoen lana eta esfortzua islatzea” dela azaldu du.

“Europako harrobi onenak” laguntza eta bultzada izatea ezinbestekotzat jo du Saezek, eta esker hitzak izan ditu Zarauzko Udalarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta Eusko Jaurlaritzarentzat. Laguntzaile eta kolaboratzaile guztien lana ere txalotu du: “GSFren eta WSLren lana bikoiztu egin behar izan dugu, eta laguntza pribatua lortu txapelketa indartsuago bat aurrera eramateko”.

Txapelketari dagokionean, aldaketa klimatologikoek azken orduko egokitzapenak egitera bultzatu zuen antolakuntza taldea; baina Saezen hitzetan, eguneroko baldintzen aurrean egokitzea dakar surfak. Alabaina, txapelketak jardunaldi guztietan olatu ederrak izan zituela ekarri du gogora: “Goi mailako ikuskizuna izan genuen Zarautzen, eta gure surflarien onenen artean daudela erakutsi zuten”.

Surfaz gain, FederArte Pro kultur festibala izan zen: musika taldeak eta federatuen sorkuntza eta artelanak erakusteko azoka. Saezen arabera, “mundu mailako erakusleiho garrantzitsu” bat jarri zien GSFk federatuei. Federatuek "balore erantsi" hori izatea garrantzizkotzat jo du federazioak.

Oier Illarramendi Pro Zarautz txapelketaren zuzendariak emandako datuen arabera, 21 nazionalitate ezberdinetako 135 parte hartzaile izan dituzte lehian aurten. Emakumezkoen artean, Sofia Mulanovichen eta Pauline Adoren lana aipatu du. Jorgan Couzineten txapelketa aipatu du gizonezkoen kategorian, finaleko olatu zailetan garaipena lortu zuela gogora ekarriz.

Bertako surflariei dagokienean, Imanol Yeregui zumaiarra izan zen emaitza onena lortu zuena. Hala eta guztiz ere, final laurdenetan ezin izan zuen Maximeren aurka irabazi, eta bosgarren postuan sailkatu zen. Pauline Ado lapurtarra eta Leticia Canales bizkaitarra izan ziren bertako emakume surflarietan finalera iritsi zirenak, eta azkenik Ado surflariak lortu zuen lehenengo postua.

"Surf federazioa, momenturik onenean”

Federazioak emandako datuen arabera, GSFk %300eko hazkunde ekonomikoa izan zuen iaz. Testuinguru horretan, federazioaren jarraipena ziurtatzeko, egitura eraginkor bat lortzea helburu dutela dio Saezek.

Proiektu erabakior modura finkatu zuten teknifikazio proiektua, eta 2017an sinatutako hitzarmenari esker, Orioko Arraunetxea dute “proiektuaren eszenatoki”. Nolanahi ere, gai horren inguruan hurrengo hilabeteetan informazio gehiago helaraziko dutela iragarri dute federaziotik.

Bestetik, Emakumea Surflari proiektuak berdintasunaren alde lanean jarraitzen duela jakinarazi du GSFko presidenteak. Gipuzkoan emakume surflarien komunitate sendoa eraikitzea du helburu programak, eta izen emateak urtetik urtera goranzko joera dutela dio Saezek.

Azkenik, datozen hilabeteetan antolatutako ekimenen berri eman du Saezek:

-Uztailaren 6, 7 eta 8an: Gipuzkoako txapelketa, Donostian.
-Abuztuaren 11n: Stand Up Paddle kategorian, Deban.
-Azaroaren 6an: Sup kategoriako finala, Orion.
-Azaroaren 20an edo 27an: Bodyboard kategoriako azken proba, Zumaian.

Ekitaldi hauetan guztietan, kultura jarduerak ere izango dira iragarri dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide