XVII. Nazioarteko Estropadak aurkeztu dituzte

Karkara 2018ko mai. 3a, 16:44

Antilla hondartzako hotelean 11:30etan eskaini duten prentsaurrekoan, larunbatean uretan izango diren taldeen maila altua nabarmendu dute. Oriotarrak, horiz jantzita, eguna festa giroan pasatzera gonbidatu dituzte, 1968an egindako lehen ediziotik 50 urte bete direla ospatzeko.

Aurten 50 urte bete dira Orion Nazioarteko Estropaden lehen edizioa egin zenetik. 1968an antolatu ziren lehen estropada haiek herriarentzat garrantzitsuak izan ziren, jende asko mugitu zuten. Festa giroa ere halakoxea izan zen, bikaina. Aurtengo edizioa berezia dela nabarmenduz hasi du Ibon Huegun Orio AE-ko presidenteak prentsaurrekoa.

1968tik gaurdaino, hamazazpi alditan antolatu da aulki mugikorreko estropada hau. Honek agerian uzten du estropadaren antolaketa lanek duten konplexutasuna. Koordinazio lana handia da. Batetik, boluntario asko behar dira dena behar bezala kudeatzeko, eta bestalde, ekonomikoki egin behar den ahaleginak ere pisua dauka. Huegunek, Orio AEren izenean, eskerrak eman dizkie estropada diruz lagundu duten erakunde publiko eta enpresei, eta muxu-truk zeregin ezberdinetan lagunduko duten herritarrei.

Arraun talde erreferenteen partaidetza

Orio AEko Jon Salsamendi prestatzailearen hitzetan, eskertzekoa da estropada antolatzeko egin den ahalegina. Jende askoren esfortzua dago atzean. Ea hurrengo urtean berriro antolatzen dugun.

Estropada formatuari moldaketa txikiak egin dizkiote, ikuskizuna erakargarriagoa egiteko. Partaidetzari dagokionean, aurreko edizioetan baino talde kopuru txikiagoa izango da aurten lehian, baina elkarteen mailari eman diogu garrantzia, azaldu du Salsamendik. Nazioarteko talde erreferenteek parte hartuko dute estropadan. Beren herrialdeetan garaile izan diren taldeak gonbidatu ditugu, urtean ahalik eta mailarik onena bermatzeko. Horrela, aurrerantzean ere puntako taldeak erakartzea da helburua, gehitu du Jonek.

Frantziako zortzikoko txapeldunak, Aviron Grenoblois elkartekoak, gizonezkoak eta emakumezkoak izango dira larunbateko estropadan. R.C. Labradores elkartekoak ere berdin, Espainiako txapeldunak. Portugaleko txapeldunek ezin izango dute etorri agenda kontuengatik, eta beraien ordez S.C. Caminhense-koek parte hartuko dute. Euskal Herriko elkarteetatik, Hondarribia A.E. eta  Orio A.E. izango dira uretan.

500 metroko txanda motz eta biziak

Txalupa guztiek 500 metroko lau txanda jokatuko dituzte, Anibarko Portutik zubi pareraino. Ibaiaren eremu hori zuzena da, eta abiadura bizian jaitsiko dira enbarkazioak. Salsamendik adierazi duenez, Orioko errioan ez dira askotan ikusi, sekula ez ziurrenik,  bost zortziko batera lehian. Ikusgarria izango da. Neskek lauko enbarkazioetan egingo dute arraunean, eta mutilek zortzikoan.

Lehen estropadako kaleak zozketa bidez izendatuko dira, baina txanda bakoitzean, tripulazioak erlojuaren noranzkoan aldatuko dituzte kaleak. Honen helburua kaleen arteko aldeek emaitzan ahalik eta gutxien eragitea da. Larunbatean marea hilak izango direnez, estropada eremu nahikoa neutrala izatea espero dute antolatzaileek.

Puntuen araberako sailkapena

Estropadaren sailkapena erabakitzeko ez dira txanda bakoitzeko denborak kontuan izango, puntuak baizik. Txanda bakoitzean 1,2,3,4 edo 5 puntu lortuko dituzte taldeek. Amaieran, berdinketarik balego, azken txandako emaitzari balio gehiago emango zaio talde irabazlea nor izan den erabakitzeko, adierazi du Jonek. Horrela, berdinketarik balego, azken joaldiak final kutsua izango du.

Arratsaldeko zazpietan emango zaio hasiera estropadari, eta emakumeek eta gizonek tartekatuz jokatuko dituzte txandak; guztira, hamar txanda izango dira.

Herritarrak errio ingurura gerturatzera gonbidatu ditu Salsamendi entrenatzaileak, estropalarien eskainiko duten ikuskizun ederra gozatzera.

1968ko estropadako festa giroa errekuperatzeko deia

1968 urtean jokatutako estropadan jende asko mugitu zen herrian, ikusgarria izan zen. Garai hartan, aulki mugikorraren modalitatea nahikoa berria zen herrian, eta kanpoko taldeen aldean Oriok zuen maila konparatzeko gogoa zuen jendeak, hitza hartu du Jose Angel Zaldua alkateak.

Duela 50 urte jokatutako lehen edizioan, festa-giro ederra izan zen Orion. Txarangak kaleak girotu zituen, eta kalejiran ibili ziren herritarrak. Orduan ume ginenok, asko gozatu genuen egun hura, gehitu du Zalduak.

Larunbateko estropadarako, alkateak herrian festa giroa jartzera deitu ditu oriotarrak. Horretarako, herritarrei balkoian bandera horiak jarri eta goizetik kamiseta horia janzteko gonbita luzatu nahi diegu, gehitu du Ibon Huegun presidenteak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide