“Euskararen erabilera handitu nahi dugu babes sozial zabalarekin"

Jabier Zabaleta 2018ko api. 30a, 10:00

Arrate Illaro Etxebarria Getxokoa da, baina lau urte t’erdi darama Orion bizitzen.
Iazko maiatzetik Euskaraldia koordinatzen dabil buru-belarri.

Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da Arrate, eta bertsolaria ere bai. Bertso-eskolak eman izan ditu ikastoletan; baina ibilbide profesionala, batez ere, Euskaltzaleen Topagunean egin du, bertako langilea baita azken urteotan. Euskaraldiaz hitz egiteko juntatu gara berarekin.

Zu Orion bizi zara orain, baina zeharo bestelako errealitate soziolinguistiko batetik zatoz, Getxotik… ikuspuntu horretatik nola ikusten duzu euskararen egoera gure herrian?
Kanpotik ikusita, uste nuen Orion asko egiten zela euskara eta hala da, beste zenbait tokirekin konparatuta; baina gaztelaniaz ere asko egiten dute hemengo heldu euskaldunek, eta horrek harritu ninduen. Ez nuen espero. Uste dut Euskaraldia aukera ona izango dela heldu horiek aktibatzeko eta euskara gehiago egin dezaten bultzatzeko.
Bestalde, harritzen nau —harritu eta poztu, kasu honetan— Orion gazteak direla euskarari gehien eusten diotenak, gehien egiten dutenak. Toki askotan gazteen erabilerarekin dute kezka eta hemen gazteak dira eredu. Ea lortzen dugun gazte horiek ere Euskaraldiaren bultzatzaile aktibo izatea.

Joan den udatik hona buru-belarri zabiltza Euskaraldia koordinatzen. Zer moduzko martxa daramazu?
Intentsoa izaten ari da. Iazko martxoan hasi ginen honetan eta martxa bizi-bizian gabiltza; baina oso gustura gaude. Herrietan mugimendu handia sortu da Euskaraldiaren inguruan eta horrek hauspoa eman dio ekimenari. Oso erantzun ona jaso dugu. Herri asko eta asko ari dira izena ematen eta dagoeneko esan daiteke Euskal Herriko zazpi probintzietan egingo dela Euskaraldia eta eskualde guztiak daudela ondo ordezkatuta.

Zer da Euskaraldia eta zertan da diferente orain arte egin diren euskararen aldeko kanpainekin alderatuta?
Alde nagusia da Euskaraldia ez dela kanpaina bat. Euskaraldia ez da adierazteko Begira, ni euskararen alde nago. Beste gauza bat da. Jendearen hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktiko bat egin nahi dugu, euskaraz gehiago egitekoa.
11 egunetan egingo dugu ariketa sozial hori, azaroaren 23tik abenduaren 3ra. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute eta bi aukera izango dituzte: Ahobizi gisa izena eman, ala Belarriprest gisa. Ahobiziek, 11 egun horietan, euskaraz egingo diete beti euskara ulertzen dutenei. Belarriprestek, berriz, babesa emango diete ahobiziei, adieraziz E, niri egin euskaraz lasai. Ulertzen dut eta nahi dut zuk niri euskaraz egitea. Batzuek zein besteek txapa identifikatzaile bana eramango dute soinean. Ekimenaren helburua da egun horietan euskara gehiago erabiltzea eta, ahal bada, ondoren ere aldaketa horri eustea.Uste dugu Euskaraldia egokia izango dela euskararen erabilera handitzeko, eta hori du helburu. Euskal Herri mailako ekimena planteatu bada, izan da aurretik hainbat herritan egin direlako horrelako esperientziak –Lasarte-Orian, Agurainen, Donostiako Egia auzoan…– eta emaitza ona izan dutelako. Egin den tokietan oso ondo funtzionatu du, horrelako ekimen zabal batek babes sozial handia ematen diolako euskararen erabileran aurreratu nahi duenari.
Azaroan hasiko da 11 egun euskaraz; baina aurrez lana dago, ezta?
Orain arteko esperientziek erakutsi digute denbora behar dela horrelako ekimen bat behar bezala antolatzeko: eragile-taldea sortu behar da, ekimena sozializatu behar da ahalik eta herritar gehienengana iristeko, jendearen izen-ematea antolatu behar da…. Bestalde, parte-hartzaileen prestakuntza ere inportantea da, hizkuntza ohiturak aldatzea ez delako erraza.
Ohar bat egin nahi dut izen-emateari begira: inportantea da herritarrek ondo ulertzea zer den ahobizia eta zer den belarripresta. Gurea bezalako herrietan arriskua dago jendeak pentsatzeko guztiek ahobizi izan behar dutela eta ez da horrela: ahobizi izatea ala belarriprest izatea ez dago lotuta gaitasunarekin. Euskaldun asko, akaso, erosoago sentituko da belarriprest paperean, ahobiziei babesa ematen; eta, kasu horretan, belarripresterako eman behar du izena, dudarik gabe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide