"Musikarekin adierazten dut hitz egiten esaten ez dakidana"

IƱigo Gaiton 2018ko mai. 2a, 09:49

Bertsolaria izateko ametsa zuen, festetan musikarien bafleen azpian aho zabalik egoten zen mutil kozkorrak. Edo futbolaria. Trikitiarekin bada ere, plaza asko pasa ditu Asier Gozategik hiru hamarkadatan, futbolari askok baino gol gehiago sartuz: Nor-nori-nork, Nirekin, Kalanbreak… Disko berriaren aitzakiarekin juntatu gara berarekin.

Maiatzean argitaratuko duzue disko berria.
Kantu berriekin grabatzen dugun zazpigarrena izango da. 13 abestik osatuko dute bilduma.

Izena aurreratzerik bai?
G puntua. Kantu berrien maketak egiterakoan, asko gozatu nuen, gozamena hitza askotan ateratzen zitzaidan hizketaldietan. Hortik atera dugu titulua. Bestalde, gure abizenak ere hor daude: Gozategi, Goikoetxea... kar kar kar!

Urte hauen guztien ostean, zer eskatzen diozu teknikari edo ekoizle bati grabaketak egitean?
Pasioa, beste ezeren aurretik. Teknikari batek musikariaren onena ateratzen jakin behar du, eta horretarako funtsezkoena konfiantza da, lasaitasuna. Estudioko giroak, tentsioak, ezin du musikaria kikildu; zoritxarrez, sarritan gertatzen da.
Musikariak abestiarekin esan nahi duena ahalik eta ondoen islatu behar du diskoan teknikariak. Funtsean, abestiaren arima behar bezala dokumentatzea da bere lana.

Eta estudio bati?
Ez naiz exijentea. Pitokeria asko izaten da estudioen eta teknikarien izenekin. Nik, kantua jartzen dut beste ezeren aurretik. Abesti onik ez bada, alperrik dira gainontzekoak. Gainera, egungo teknologiarekin, grabaketa bikainak egin daitezke baliabide gutxirekin.

Nola bizitzen dituzu grabaketa egunak?
Ondo, gozatu egiten dut. Nire zatiak grabatzeko txanda iritsi zain egoten naiz.

Estudiora kantuen letra eta doinuak itxita eramaten al dituzu?
Doinuak bai, baina letrak... Lehen diskoko Auskalo abestia, adibidez, azken momentuan sartu genuen. Musika egina izan arren, letrak falta zitzaizkigun. Estudioko denbora ahitua genuenez, teknikariak kanta hori kanpoan lagatzea erabaki zuen. Goizaldeko ordu txikitan, egoskor jarrita, egun bateko luzapena eskatu nien, bukatuko nuela aginduz. Muturrak jarri zizkidaten estudioko arduradunek, baina hurrengo egunerako osatua nuen letra. Eskerrak egoskorkeria hari!

Kantu batzuk kolpetik konposatzen dira, bulkada batean, eta beste batzuk, urteak behar izaten dituzte gauzatzeko.
Hala da. Lehen diskoko Norki fandangoa, hamasei urterekin sortu nuen, oso azkar. Aian trikitixa eskolak ematen nituen garai hartan, eta ikasle batek huts egin zuen, ez zen eskolara etorri. Hurrengoa azaldu zain nengoela konposatu nuen kantaren enborra, ordubete eskasean.

Gozategiren letra askok mezu politiko edo konprometituak dituzte, sarritan umore edo probokazio kutsu handiarekin. Arazorik sortu al dizu horrek?
Jose Jimenez Sanchez Rodriguez Aizarnazabalekoa... Inoiz etorri izan zaizkit aizarnazabaldarrak kontu eske, letra hori dela-eta, beren kontra ezer ote dudan galdezka... Bai zera! Nire amona bertakoa da-eta! Txispazo bat sortu nahi nuen kantan, herri euskaldun bat eta izen-abizen castellanoak batera jarriz, eta Aizarnazabal ondo egokitu zitzaidan metrikaz.

Artistak arriskatu egin behar du.
Bai, dudarik gabe. Nor nori nork kantarekin ere arriskuak hartu genituen, eta gero begira ze ibilbide egin duen. Arrakasta eta porrota bereizten dituen marra oso fina da.  
Kantu batek izan dezakeen ibilbiderik luzeena bihotzetik bihotzera da. Sortzailearen bihotzetik entzulearen bihotzera. Apusturik egin gabe zaila da eragitea, jendearen sentimenduetara iristea.

Kantu bat grabatzeko modukoa den edo ez jakiteko, inori eskatzen al diozu aholkurik?
Urte askotan, nire buruari egindako galdera hau izan dut neurgailua: gitarraren distortsio hori, gustatuko ote al zaio nire aitari?

Zuen bigarren diskoa, Ainhoa,  Hiru izar kantarekin hasten da. Nolatan okurritu zitzaizun trikitixa reagge erritmoarekin nahastea?
Sorkuntza prozesuan, ez nekien modu kontzientean reagge kolpeekin ari nintzenik. Beti bezala, intuizio bati segika konposatu nuen pieza. Garai hartan haustailea izan zitekeen, bai, baina aitari gustatu zitzaion! kar kar kar...  Trikitia tradizionala asko gustatu arren, betidanik saiatu naiz instrumentuarekin beste generoetako musika ere egiten, tarteka puristen kritikak jaso arren.
Gaztetan, ez nuen aurreiritzirik mota guztietako musika entzuteko. Kaxianoren nahiz Julio Iglesiasen musika entzun nezakeen kotxean,  gustura, baina herrira sartzerakoan bolumena jaisten nuen, badaezpada ere, jendeak pentsa zezakeenaren beldurrez... kar kar kar

Gozategiren lehen diskotik, abestien letrak asko zaindu dituzue. Lan berrian ere bai?
Bai, noski. Abestietako hitz-jolasak altxor txikiak dira niretzat. Errekurtso horiekin saiatzen gara jendearengana iristen eta eragiten.

Askotan izan duzu bertsolarien laguntza.
Duela hogei urte inguru, Arkaitz Estiballes bertsolariarekin kantu bat egiteko tratutan genbiltzan. Bota nion: ados, baina letra txar bat egin behar didak.  Berak gogorarazi zidan esaldia duela gutxi.

Bi genero dira, kantua bat, bertsoa bestea.
Hori da. Bertsolaritzan arauak dituzte. Kantuak sortzean ez, metrika eta errima aldetik askatasun handiagoa dugu. Musikariok, nire ustez, esaldi amaieretan errimak sortzen itsutu gara sarri, eta akatsa iruditzen zait. Nik askotan egiten dut bekatu ariketa horretan, eta aldatzen saiatzen ari naiz.

Musikak ba al du funtzio terapeutikorik zuretzat?
Bai, dudarik gabe. Abenduan, San Nikolas bezperan, etxera joan eta soinua jotzeari ekin nion. Disko berrian fandango on bat eduki nahi nuen. Hor sortu nuen disko berrian sartu dugun fandangoa, aitaren presentzia, ondoan banu bezala, barru-barruan sentituz. Malkotan. Askotan, musikarekin ateratzen dut barrutik hitz egiten esaten ez dakidana.

Sorkuntza prozesuan, gozatu egiten duzu edo sufritu?
Normalean, gozatu.

Spotify eta halako plataforma digitalekin, musikariok irabazi edo galdu egin duzue?
Irabazi egin dugula esango nuke: jendeak gehiago entzuten du gure musika. Orain, zuzenekoak bihurtu dira gure diru iturri nagusia.

Duela urte batzuetatik, Orioko jendea dabilkizu taldean, metalezko instrumentuak jotzen.
Asier eta Iñigo, Gozategi taldeko kideak, baina ez partaide originalak; bigarren Asier eta Iñigo baizik kar kar kar... Sarasola eta Perona, zein baino zein, bilatzen hasita nekez aurki daitezkeen bi harribitxi. Gazte zentzudunak, azkarrak, errazkeriak aparte lagata beren ideien defendatzaile konprometituak.
Musikak batu gaituen arren, niretzat bizitzan ezinbesteko bidelagun bilakatu dira. Orio, herria bera osotasunean maite dudan aldetik, harro nago bi oriotar hauek taldean sartzeko erabakia hartu izanaz.

Zer ematen dizute?
Babes handia. Lehen, arrebarekin ateratzen nintzen etxetik kontzertuetara. Gero, urte batzuetan, taldeko oriotar bakarra izan naiz. Orain, berriz, bi hauekin ekipo ona egiten dut. Hamarkada ezberdinetako hiru gazte gara! kar kar kar

Eta teknikoki?
Oholtzara igotzen naizen bakoitzean, beraiengandik zerbait berria ikasten dut, musikari hobea izaten laguntzen didate.

Uzten al diezu kantuen sorkuntzan parte hartzen?
Bai bai, kantuak berenak ere badirela sentiarazten saiatzen naiz. Disko berrian beraiek grabatu dituzte haizeak. Ainhoa arrebak ere parte hartu du, dozena erdi bat abestitan panderoa sartuz, eta Julen Alonsok ere bai. Orain artean, nik grabatzen nituen trikitixaren bi ahotsak, eta abesti berrietan Julenek grabatu ditu bigarrenak. Zoratzen nago hirurek estudioan egin duten lanarekin. Bestalde, kantu pare baten letrak Xabier Sukia eta Jon Sarasua oriotarrek eginak dira.

Zein da taldekideekin konpartitzen duzun une bereziena?
Kontzertura joateko juntatzen garen momentua. Irriparrarekin azaltzen gara denok, bakoitza Euskal Herriko punta ezberdin batetik. Elkartzean sentitzen dugun poza bada nahikoa arrazoi aurrera jarraitzeko.

Urte hauetan guztietan, zein izan dira zure musikari erreferenteak?
Kaxiano, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Anje Duhalde, Julen Lekuona...

Eta zer entzuten duzu kotxean gaur egun?
Musika brasildarra. Asier Sarasola Brasilen izan zen, eta musika bikaina ekarri zidan. Haustaileak dira, ahotsa eta bi esku kolpe nahikoa dituzte kantu ederrak osatzeko.  

Jarraitzaileren batek esandako esaldiren bat baduzu gogoan?
Juan Mari Irigoien idazleak behin esan zidan: Ez dakizue Euskal Herriarengatik zer egiten ari zareten... Duela gutxi, beste batek: Higatik nauk trikitilaria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide