Bullyinga: ikasleen arteko jazarpenen muturreko adierazpena

IƱigo Gaiton 2018ko mai. 2a, 16:16

Gaur, maiatzak 2, Bullyingaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Azken urtetan gaiak hezkuntza munduan presentzia handia hartu duenez, Orioko ikastetxeetako bi irakaslerekin elkartu gara, eskola jazarpenaren errealitatea gertuagotik ezagutzeko. 

Ingelesetik errentan hartzen ditugun hitz ia gehienek bezala, bullying terminoak oraindik berri usaina izan dezake jendartean, bere garaian footingek edo beste askok eduki zuten bezala. Funtsean, ordea, bullying hitzak ikastetxeetan betidanik eman den fenomeno bati ematen dio adiera: ikasle bera behin eta berriz umiliatzeari, hain zuzen ere. Ikasleen arteko gatazka eta liskar egoeren adierazpenik muturrekoena da bullyinga, euskaraz eskola jazarpena bezala definitu dena.

Bullying terminoak 2004. urtean eman zuen jauzirik nabarmenena plaza publikoan, Hondarribian jazotako muturreko kasu baten ondorioz. Eskola jazarpenak eragindako lehen heriotza kasua izendatu zutenak, gaia kolpetik jarri zuen egunkarietako lerroburuetan. Zigor Saizar Orioko Herri Ikastolako zuzendariaren hitzetan, gertaeraren ondorengo fasea arriskutsua izan zen: Gaiak hartu zuen dimentsioagatik, denbora tarte batean, ikasleen artean gertaturiko edozein eraso edo borrokari bullying deitzen zitzaion. Ezjakintasunak inori mesederik egiten ez zion larritasun egora batera eraman gintuen.

Gaur egun, ikastetxeetan batik bat, eskola jazarpena pil-pilean dagoen gaia da. Hezkuntza eragileak kontzientziazio lan handia egiten ari dira gaia ikastetxeetatik atera eta interes orokorreko bihurtzeko, eta hein batean, lortu da ikasle askok isilpean pairatzen duen sufrikarioa jendartearen arazo larrien zerrendan sartzea.
Plan eta estrategia espezifikoen bidez, eskoletan aurrerapausoak ematen ari dira, eta estatistiken arabera, bullying kasuen kopurua jaisten ari da. Hau abiapuntu pozgarria izan arren, adituek arretaz jokatzea aholkatzen dute, oraindik batez beste 10%ekoa baita eskola jazarpena pairatzen duen haur kopurua. Egiteko dagoen lana handia da oraindik.

Zer da bullyinga? Eta zer ez?
Sarritan zaila izan ohi da adar jotzeak edo liskarrak eta bullyinga bereiztea. 2009an Finlandian Kiva metodoa erabiltzen hasi ziren, bullying kasuak era sistematikoan identifikatu eta erremedioa jartzeko.
Orioko ikastolak ere badarabilen plan honen arabera, eraso batek hiru baldintza bete behar ditu bullying gisa identifikatzeko. Zaragueta Herri Eskolan Bizikasi planean oinarritzen dira hezkuntza inklusiboa sustatzeko, eta programa horrek ere bat egiten du Kivaren ikuspegiarekin. Jazarpenak, erasoak, borondatez egina behar du. Nahita, intentzio txarrarekin. Hori da lehen baldintza. Bigarrena da iraina behin eta berriz errepikatzea, puntuala ez izatea, alegia. Hirugarren baldintza biktima erasotzailea baino botere egoera ahulagoan egotea da. Bere burua defendatzeko zailtasunak edukitzea, bien artean indar desoreka dagoelako, dio Kristina Olasagasti eskolako ikasketa buruak. Irainduak askotariko profilak izan ditzake: fisikoki ahula izan daiteke, oso lotsatia, ikasgelan berria izanagatik erasotik babestuko duen lagunik talderik gabea...

Adar jotze puntualak edo jolasean bortizki jardutea, ez dira bullying kontsideratzen; alabaina, jolas edo txantxa jakin batzuk mina eragin dezaketenez, kasu hauetan ere eskua hartzea gomendatzen dute adituek, errespetu eta indarkeria adierazpenak normaltzat jo gabe; bullyingari bidea ireki diezaioten aurrekariak izan daitezke.

Isiltasuna eta barrea, erasoaren konplize
Ikasle bat hiru modutan inplikatu daiteke bullying kasu batean: biktima izan daiteke, erasotzailea, edo bere isiltasunarekin (edo barre eginez) erasoaren konplize bihurtzen den testigua. Kivak azken hauen jokabideari ematen die garrantzia. Lehen, hezitzaileon esku hartzea biktima eta erasotzailearengan zentratzen zen nagusiki. Orain, jazarpenaren aurrean isilik geratzen diren edo barre egiten duten ikasleen jarrera aldatzen saiatzen ari gara: erasoa salatuko balute, edo biktima babestu, bullyinga asko murriztuko litzateke, azaldu du Zigorrek.

Kristinaren arabera, erasotzaile baten atzean gaizki kudeatutako emozioak egon ohi dira. Hau da egin behar den galdera: zergatik du haur batek ikaskideari min egiteko beharra? Atentzio falta duelako, autoestimu baxua, bere buruarekiko segurtasun gutxi…  Erasotzaileak, begira dituen ikaskide edo lagunen aurrean indartsuago edo boteretsuago sentitzeko egin ohi du jazarpena. Monologo batean, ikusleek barrerik egingo ez balute, oholtza gainean dagoenaren jardunak eta funtzioak ez lukete zentzurik izango. Adibide hori jartzen diegu ikasleei, jazarpenen aurrean jarrera aldatu behar dutela azaltzeko. Argi du hori Zigorrek.

Bullying kasuak Orion
Iaz hiru bullying kasu izan zituzten Orioko Herri Ikastolan. Zigorren arabera, zuhurtziaz aztertu beharreko datua da hau:  Euskal Herriko ikastola askotan aplikatu da Kiva, eta honi esker, %47an murriztu da bullyinga. Lehen eta bigarren hezkuntzan 500 ikasletik gora ditugula kontuan izanez gero, hiru kasuko zifra oso baxua da. Zenbaki horrek, ziurrenik, identifikatu gabeko kasuak egon daitezkeela esaten digu. Honek agerian uzten du prebentzio lanak duen garrantzia.

Kristinaren hitzetan, iaz ez zuten bullying kasurik detektatu Zaraguetan, baina duela urte batzuk bat bai. Aurten prebentziozko bost tramite zabaldu ditugu: guraso batek bere seme-alaba jazarpena jasaten ari daitekeela adierazten digunean, hamabost eguneko behaketa protokoloa jartzen dugu martxan, zeinean delegaritzako ikuskari bat ere inplikatzen den. Behaketan informazio iturri zuzenak diren hezitzaileek ere parte jartzen dute: jangelako begiraleak, eskola kiroleko entrenatzaileak...
Izan ere, eskola jazarpena, gehienetan ikasgelatik kanpo ematen den fenomenoa da, Zigorren aburuz: guraso edo irakasleen presentziarik ez den tarteetan gertatu ohi da: klasetik klaserako tartean, komunerako bueltan, errekreora irtetean… Hori ekiditeko, Kivak prestaketa berezia ematen die monitore eta zaintzaileei ere.

Gizarteko botere harremanen ondorio zuzena
Bullyinga bizi garen gizarte sexistan gertatzen, sustatzen eta legitimatzen diren indarkeriazko harreman sistematikoen ondorio zuzena da, hezkidetzaren ikuspegitik aztertuz gero. Jendartean, estereotipoek markatzen dute pertsonak nolakoa izan behar duen, sozialki onartua izan dadin.

Askotan, ikasleak heteroarauak ez jarraitzeagatik izaten dira irainduak: dagozkien rol maskulino edo femeninoak ez betetzegatik, talde dominanteko kide ez izateagatik, edertasun-eredu nagusira egokitzen ez den gorputza izateagatik... Zigorrek bat egiten du honekin. Mutilek kirolarekin eta indartsu agertzearekin zerikusia duten rolak hartzen dituzte txikitatik, eta dantza edo antzerkia gustatuz gero, litekeena da afizio horiek ezkutatzea. Nesken kasuan, gizarteak elikatzen dituen edertasun eta liraintasun idealen barruan mantentzen saiatzen dira.

Ziberbullyinga
Azken hamabost urtetan, iraultza digitalak aldaketa nabarmenak eragin ditu pertsonen arteko harremanetan. Sakelako mugikor modernoekin, Internetera konektatuta bizi gara 24 orduz, argazki eta bideo txukunak egin ditzakegu, eta sare sozialetan uneoro egiten ari garenaren berri eman. Berrikuntza hauek, noski, eragin zuzena izan dute heziketan; hezkuntzako esparru askotan lagungarri izan diren bezala, bullyingaren kasuan, honen hedapena den fenomeno baten eraketan lagundu dute: ziberbullyinga.  Jazarpena aplikazio teknologikoen –Whatssup, Instagram, Facebook…– bidez egitea.

Honek, gainera, jazarpena gauzatzen lagun dezakeen beste faktore bat jarri du mahai gainean: anonimatua. Alegia, irain edo mehatxuak ezizen baten atzetik egitea. Erasoa egiteko gailu hauek erabiltzen dituen ikasleak, normalean, bizitza errealean ez du profil boteretsua izaten. Anonimatua eta interneteko sareak erabiltzen ditu, errealitatean ez dituen boterea eta protagonismoa lortzeko, argitu du Zigorrek.

Badira gurasoak, beren argazkiez gain, sare sozialetan seme-alaben erretratu asko argitaratzen dituztenak; ez dakite, ordea, eduki hauek noraino iritsi daitezkeen, ez eta nork ikus ditzakeen. Guraso eta hezitzaileak prestatuta al daude ikasleei Internet, sare sozialak eta teknologia berriak behar bezala erabiltzen erakusteko, heldu asko telefonoa eskuan hartutakoan umetzen direnean? Oharkabean, kasu askotan gurasoek zaletzen dituzte haurrak mugikorretako jolasetara, dio Cristinak. Umeek interneten eskura dituzten joko askoren baloreek eta biolentzia mailak, eragin negatiboa izan dezakete oraindik eraikitze prozesuan egon ohi den nortasunaren garapenean.

Etxeko arauak, beharrezkoak
Gizartea aldatzearekin batera, familia eredua eraldatu egin da. Arauak beharrezkoak dira familia batean. Etxe guztietan ezberdinak izan arren, existitu egin behar dute, nabarmendu du Cristinak. Eskolan antzeman dute hori. Bullyingari erreferentzia eginez, gurasoei arduraz jokatzea eta errealistak izatea eskatzen die: Biktimen gurasoek errealistagoak izan ohi dira. Erasotzailearen gurasoei kostatzen zaie gehiago bere seme-alaben jokaera okerrak onartzea. Umeen kontuak direla esanez justifikatzen dira sarri.

Izan ere, bullying kasu bateko erasotzailea identifikatzean, ez da errua botatzeko edo kriminalizatzeko helburuarekin egiten. Haur bat erasotzailea dela esaten dugunean, ez da gaizkiletzat hartzen, hori seguru izan; momentu horretan jokabide desegokia duela adierazten zaie gurasoei, eta denon artean, hori aldatzen saiatu behar dugula esaten diegu, argitu du Zigorrek. Gurasoei inplikazioa eskatzen die, etxean bullyingik tokatu ez arren, inguruan gerta daitezkeen kasuak ekiditeko. Bere hitzetan, kontzientzia da garrantzitsua, jarrera pasibotik aktibora pasa behar dute gurasoek; gero, noski, jarrera aldaketa hau seme-alabei ere transmititzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide