“Surf taulak egitea ofizioa baino gehiago da niretzat”

Iñigo Gaiton 2018ko api. 30a, 12:00

Aginagan duen tailer txikian, eskuz, era tradizionalean egiten ditu surf taulak Joseba Bernardok. Ane bikotekidearekin batera Orion zabaldu berri duen lokal berezian hartu dugu kafea berarekin.

Marea biziengatik bete-bete eginda, errioa dotore ikusten da orain surf denda eta kafetegia den lokal eraberritutik. Joseba Bernardo -Urnieta, 1986- gustura dago  oriotarrek egindako harrerarekin: jendearekin tratuan, Donostian topatzen ez dugun gertutasuna aurkitu dugu hemen.

Oriotarra duzu familiaren zati bat.
Eraikin hau nire birraitonak eraiki zuen, 1927an.
Nire ama, Inma Eizagirre, hemen jaioa da. Aitona Karmelok aroztegia izan zuen etxe azpiko sotoan, guk kafetegiko terraza jarri dugun lekuan. Bere garaian, Elizan zeuden egurrezko banku batzuk berak egin zituen, eta Aste Santuetako prozesioetan ateratzen zuten figura erlijiosoren bat ere bai.

Orion ezizenik ba al du familiak?
Kaxintonekuak.

Aitonarengandik datorkizun artisau sena, surf taulak egitera bideratu duzu.
Duela hamar urte inguru hasi nintzen surfean. Kuriositateak bultza ninduen lehen surf taula egitera, etxeko garajean. Zientziaren eta hidrodinamikaren ikuspuntutik aztertuz gero, surf taulen fabrikazioa prozesu interesgarria da, eta horrek ere erakarri ninduen. Taula bati egindako edozein moldaketa txikik, eragin handia du oholak uretan izango duen errendimenduan. Etengabe ikastera behartzen nauen ofizioa da.

Inoren laguntzarik izan al zenuen ofizioaren oinarriak ikasterako garaian?
Bikotea eta biok Australian izan ginen bidaiatzen, eta bertako batek surf taulak egiteko oinarrizko ezagutzak erakusten zituen. Oinarria ikastaro horretan hartu nuen.

Zuretzat lehen taula egin zenuenetik bat saldu artean, denbora asko pasa al zen?
Bi urte inguru.

Eta nolatan erabaki zenuen ofizio gisa hartzea?
Nire taulekin surf egiten zuten lagunen feedbacka ona zela ikusi nuen. Merkatuan zeuden taulak ikusita, tokitxo bat egin nezakeela iruditu zitzaidan. Surf ohol klasikoen bertsio gaurkotuak egiten ditut, eta horrekin saiatu naiz hasieratik beste markengandik bereizten.

Surf oholgileok ordu asko pasatzen dituzue bakarrik, hauts artean, gela txikian sartuta. Bakardade hori ondo kudeatzen al duzu?
Beno, hori gure lanaren alde txarretako bat izan daiteke. Nire kasuan, ni naiz nire tailerreko langile bakarra, eta horri esker lan orduak nahieran antola ditzaket. Lantokian itota sentitzen banaiz, olatuak hartzera edo buelta bat ematera ateratzeko askatasuna izan ohi dut, nahi dudanean itzultzeko. Noski, diziplina ere handia behar da, gainean nagusirik edo arduradunik izan gabe lan erritmoa mantentzeko.

Surflariei sarri entzuten zaie ondorengo esaldia: Ohol honek ez du ezertarako balio, ez dabil atzeraka ere!
Surflari asko ez dira errealistak, bere burua engainatzen dute; surflari onen ohol berak erabiliz hobeto surf egingo dutela pentsatzen dute, eta oker galanta da hori.

Artisauok, eskuez gain, bihotzaren zatitxo bat ere erabiltzen duzue eguneroko lanean.
Nire taulak harribitxiak dira niretzat, mimo handienarekin egiten ditut. Zorionez, badira hori baloratzen duten surflariak.

Europako faktorietan milaka surf taula produzitzen dira urtean. Zuk, txikitasunetik, nola egiten diozu aurre konpetentziari?
Taulak nik bakarrik eginez. Beste langile bat kontratatu beharko banu, agian, egiten dudana ez litzateke errentagarria izango.

Patxi Oliden herritarra da Euskal Herriko lehen surf taula-egilea. Bera ezagutzeko aukerarik izan al duzu?
Oraindik ez, ederra litzateke bere tailer zaharra bisitatzeko aukera izatea!
Aurretik sekula surf egin gabe, Patxik taulak egiten asmatu zuen, baina ez zen saltzaile ona izan.
Ni ere ez naiz komertzial ona, baina beno, Interneten bidez saiatzen naiz oihartzun pixka bat izaten.
Oriora iritsi berriak zarete Ane eta biok. Herria erakargarria al da kanpoko begientzat?
Bai. Inguru natural paregabea du: hondartza, ibai ederra, mendia eskura... Gainera, inguruko herri eta hiriekin oso ondo komunikatuta dago. Oriok turismo gehiago erakar dezakeela iruditzen zait.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide