Dragatze lanetan ari dira errioan

Karkara 2018ko api. 9a, 15:24

Kanpoko eta barneko moilen dragatze lanek lau hilabete iraungo dute. Herriko Kirol portua ere dragatuko da, eta ondorioz, maiatzaren lehen astera arte itxita egongo da.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako sailak abiatu ditu dagoeneko Orioko errioko dragatze lanak. Lau hilabeteko iraupena izango du dragatzeak, abuztu hasieran amaitutzat ematea aurreikusten da.

Sail horretatik aditzera eman dutenez, asmoa da kanpoko kaiatik hasi eta barrurantz abiatzea. Horrela, bi zonalde horietako nabigazio kanalak dragatuko dira. Prozesu guztia ur hondotik hasi eta gorantz egingo da une oro.

Obrak iraun bitartean itsas-trafikoan ahalik eta eragin txikiena izate aldera, inplikatutako guztien kolaborazioa eta inplikazioa eskatu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Kirol portua, hutsik ia hilabetez

Errioaren guztizko dragatzea gauzatuko dela aprobetxatuz, gaur, hilak 9, Kirol Portuaren dragatze-lanak egiten hasi dira. Obra honek, ordea, hiru asteko iraupena izango du -maiatza hasierarako bukatzea aurreikusten da- eta bien bitartean, ez da ontzirik egongo bertan. Beraz, Orioko Kirol Portua hutsik egongo da lanak amaitu arte.

Euskadiko Kirol Portuak (EKP) erakundeak azpimarratu du lanek dirauten bitartean portua nabigaziorako itxita mantenduko dela. Kirol portua dragatzeko orduan, hainbat fase izango dira: Lehendabizi I pantalana eta gero H pantalanetik A pantalanera igaroko gara. Itsasontziak beste toki batean kokatzeko, hainbat hautabide aurrez ikusi dira eta ondorioz, itsasontzi batzuk ontzitegian ipini dira eta beste batzuk Gipuzkoan EKP-k dituen portuetara eraman dira, azaldu dute .

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide