Juan Jose Loidi hil zen lehengo astean, Elizako Kristo gurutziltzatuaren egilea

IƱaki Iturain 2018ko api. 3a, 11:29

Artista izan zen txiki-txikitatik Juan Jose. Lehengo astelehenean zendu zen, martxoaren 26an.

Orioko elizako bi irudi Juan Josek eginak dira: elizaren atzealdean dauden Kristoren irudiak, bata gurutzean eta bestea kristalezko hil-kutxan. Kristo gurutziltzatua 17 urte zituela egin zuen. Txikitatik nabarmendu zen arterako zuen joera eta erraztasunagatik. Juan Josek eskola 13 urterekin utzi eta Andutxikirenean hasi zen lanean. Kristau tradizioko familian hazitako 17 urteko mutil arte zaleak Kristok gurutzean sufritu zuen min eta herio izugarria adierazi nahi izan zuen egurrean. Ganbara batean aritu zen lan-orduz kanpo, ahal zuenean, Kristori forma ematen. Bukatuta, elizari erregalatu zion. Pago-egurraz egina den arte-lana gaur egun pipia jaten hasita dago. Baina irudia egin zueneko sentimendua ondo iltzatua dago oraindik egilearen bihotzean: Kristo hitz egiten ari da aitarekin, hiltzen baina bizirik: aita zergatik utzi nauzu?

Emaitza hark beste Kristo bat ekarri zuen urte batzuetara, hilkutxan dagoen Kristo hila, orduko apaiz Jose Maria Astigarragak eskatua. Bigarrena egin aurretik, zenbait zirriborro egin zuen buztinez, eta Gineako egurra erabili zuen usteltzeari aurre egiteko. Lehenengoa zuzen-zuzenean egina da, ez zirriborrorik ez ezer.

Kristo haien berri Jorge Oteizarengana ere iritsi zen, eta Jorge bere herriko gaztearengana hurbildu zen. Sortu berria zen Debako arte-eskolara konbidatu zuen, zuek egin behar duzue euskal artea, zeinek bestela? Baina Loidi lau senideko familia bateko zaharrena zen, gerra ondorengo gose-garaian, eta orduan arteak ez zuen ematen bizitzeko, eta lanean segitu zuen. Dekoratzaile lanetan aritu da, etxe eta lokal asko janzten eta edertzen.

Hirurogeita hamarretik gora urte igarota, orain ere elizan daude bi Kristo haiek, Orioko arte-altxorraren erakusle. Martxoaren 27an, Orioko elizan egin zen Juan Joseren hileta-elizkizunean, haren gorpua bertan zela, aldamenean izan zituen, aldarean ezker-eskuin, berak egindako bi irudiak.
Juan Jose arraunzalea ere bazen. Berak egina da, baita ere, Orioko Arraun Elkartearen anagrama, 1960ko hamarkadan sortua, arranoa eta arraunak batzen dituen Orioko arraunlarien irudia.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide