Miren Zinkunegi: "Momentu oso onak eman dizkit tabernak"

IƱigo Gaiton 2018ko mar. 28a, 17:42

Miren Zinkunegik Kalakari gobernatzeari lagako dio maiatza bukaeran. Gaur egun tabernak ondo funtzionatu arren, lanean gazteekiko geroz eta distantzia handiagoa sentitzen duela iritzi du. Horrek bultzatuta hartu du, urte mordoxkaren ostean,  Kalakari uzteko erabakia.

Urte asko izan dira barraren atzean.

2000. urtean hasi nintzen zerbitzari lanetan hemen, eta 2006an neronek hartu nuen errentan. Tartean urte pare batez-edo laga nuen, baina gainontzean, hauxe izan da nire lantokia.

K2 martxa handiko taberna zen, hasierako urte haietan.

Bai. Pentsa, parrandarako musika egokia jartzen ikastea kosta zitzaidan gehien. Musika asko zaintzen zen orduan. CD-ak aldatzen ibiltzen ginen etengabe. Nire anaia Iñakik astero sei disko erosten zituen gutxienez. Orain baino musika ezberdin gehiago jartzen genuen.

Bai e?

Bezeroak irekiagoak ziren gauza berriak entzuterako garaian. Orain gazteek musika mota jakin bat eskatzen dute, eta zaila da hortik ateratzea. Guk hori ematen diegu, noski, baina saiatzen gara gure gustuko piezak ere jartzen.

Garai zaharrek sortzen al dizute nostalgiarik?

Bai, noski. Urte luzez momentu oso onak eman dizkit tabernak. Asko gozatu dut.

Gaia aldatuz, jende asko harritu egin zen tabernari izena aldatu zeniotenean.

Anaiarena izan zen ideia. K2-k antro fama zuen, taberna makarra bezala ikusten zuten askok. Pertzepzio hori aldatu asmoz egin zen aldaketa, baina jende askok K2 deitzen dio oraindik. Bada gauza kurioso bat: K2 ezagutu ez duten gaurko gazteek, hala deitzen diote Kalakari beharrean kar kar kar

Tabernak izaera jakin bat mantendu izanaren seinalea izan daiteke.

Litekeena da, bai.

Zein ezaugarri izan behar du derrigor taberna on batek?

Bezeroari errespetua: ordutegiekin, tratuan,... Aldi berean, bezeroari ere erakutsi behar zaio tabernaren izaera eta zerbitzariak errespetatzen. Eta noski, lana. Taberna on baten atzean beti dago lan handia. Konstantzia.

Geroz eta egunkari gutxiago saltzen diren garaiotan, zuek lau mantendu dituzue barra gainean.

Lehen jendeak gehiago irakurtzen zituen, baina oraindik ere ibiltzen dira bezeroen eskuartean.

Euskara hutsean argitaratzen den egunkaria ia zimurrik gabe botatzen omen duzue zakarrontzira sarri egunaren bukaeran, ia inork irakurri gabe. 

Lauetatik bera da gutxien irakurtzen dena, bai. Hala ere, guk betidanik izan dugu argi egunkari horrek gure tabernan egon behar duela.

Tabernako barra neurgailu ona da gazteen euskararen erabilera neurtzeko.

Dudarik gabe. Orioko gazteen artean, tabernan behintzat, euskara asko entzuten dela esan dezaket. Gaztelera ere bai, baina euskara da nagusi.

Beste gaia: tabakoaren legea. Astindu handia jaso zenuten.

Lege horrek eragin zuzena izan zuen jende askoren ohiturengan. Urte askotan, kafe orduan erruz egiten genuen lan gure tabernan. Eguerdian eta gauean. Debeku legearekin, jende asko kafea etxean hartzera pasa zen.

Eta bestela? Jendearen ohiturak asko aldatu al dira tabernako ohiturei dagokionez?

Urte hauetan guztietan, gazte jenerazio ezberdinak ezagutu ditut lanean, baina gaur egungo neska-mutil askori ez diet aurpegirik jartzen, ez dutelako tabernatik pasatzeko ohiturarik. Sozializatzeko garaian, lehen gehiago jotzen zen tabernetara. Kuadrilla ezberdinak nahasten ziren.

Parranda. Azken urtetan jaitsi egin al da?

Hemen lanean hasi nintzenean, astebururo kristorena izaten zen. Gerora, ordutegi eta soinu mugak jarri dizkigute, eta horrek apaldu egin du festa giroa. Ni ados nago mugak jartzearekin, baina uste dut gehitxo jarri zizkigutela.

Ezagunak dira tabernari eta bizilagunen arteko liskarrak moila bazterreko hizketaldietan.

Guri sekula ez zaigu inor kexatu zuzenean. Soinua kontrolatzeko gailuak jarri ostean, multaren bat edo beste ordaintzea tokatu izan zaigu inoiz, baina denuntziarik sekula ez dugu jaso.

Tabernan lan egiteak aldartea erretzen al du?

Jendearen bizi erritmoaren aurka zoaz: asteburuetan egiten duzu lan gehien, oporretan, festetan,... Gauez lan egiteak, adibidez, neke handia sortzen du. Adin jakin bateraino, ondo asimilatu dut ordutegi aldrebesak izatearena, baina orain beste zerbait bilatu nahi dut.

Hori al da taberna uztearen arrazoia?

Ez. Normala den bezala, gazteekin gero eta distantzia handiagoa dut. Berrogeita lau urte dauzkat, eta orain, ez dut lehen bezala konektatzen beraiekin.

Ekonomikoki errentagarria al da Kalakari?

Bai. Nik izan dudan urteetan, behintzat, martxa polita izan dugu. Hiru langile gaude, gure soldata duinekin. Lana egin behar da, orduak sartu, baina tabernak ematen du.

Zer da urte hauetan guztietan jaso duzun onena?

Barra atzeko lanak izaera irekiagoa izaten lagundu dit. Jende asko ezagutzea tokatu zait, gazteak batez ere. Horrek bizia eman dit urte askotan. Izaera ezberdineko pertsona askorekin tratatu dut, eta horri esker, aurreiritzi gutxiago dauzkat orain jendearekiko.

Inoiz psikologo lanak ere egingo zenituen...

Tokatu izan zait, bai! kar kar kar Baten batek barrena hustu ostean, sarri pentsatu izan dut: zer nahi duzu nik esatea... ez naiz zure ama!

Ohiturak aldatu arren, oraindik tabernek badute askorentzat joera askatzaile bat.

Bai. Hala ere, zerbitzariari egindako barne hustuketak helduen kontuak dira, gazteenak baino gehiago.

Gauetan askotan begiratu behar izan al duzu beste aldera?

Noski! kar kar kar Kontrakoa ere gertatu izan zait. Gutxitan ateratzen den jendea parrandan ibili, eta astelehenean, ikastolara umea eramatean, topo egin eta beste aldera begiratzea... kar kar kar

(...)

Gauez jende askori ahaztu egiten zaio zerbitzaria lanean ari dela, eta ikusitako dena gogoratuko duela hurrengo egunean. Dena den, tabernan gertatzen dena tabernan geratzen da! kar kar kar

Kontzertu, monologo eta emankizun dezente antolatu izan dituzue.

Bolada batean bai. Monologoek, adibidez, ondo funtzionatu zuten hasieran. Kontzertuekin, tristea da, baina bezeroak galdu izan ditugu. Talde bat jotzen ari dela ikusi, eta gerturatu beharrean, hanka egiten du jende askok.

Kontzertu ederrak izan dira ba zuenean...

Folkcore, Arima Beltza, Ufestuek, Sorkun, Petti, herriko taldeak... Gau ederrak pasa ditugu. Hala ere, azkenaldian DJek erakartzen dute jende gehien.

Kalakari errentan hartzea pentsatzen ari den bati, zein aholku emango zenioke?

Taberna hartuko balu, lanean konstantzia mantendu eta bezeroak errespetatzea. Bezeroei lanean ari denari errespetua izaten erakustea ere bai.

Hemendik aurrera, non ikusiko zaitugu?

Ez dakit oraindik, baina ziurrenik, ostalaritzako beste alorren batean segituko dut beharrean. Gauez lanik egin behar ez izatea gustatuko litzaidake.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide