Plazara atera dute haserrea

IƱigo Gaiton 2018ko mar. 30a, 10:00

Beste urte betez, pentsio publikoei %0,25eko igoera minimoa aplikatu die Gobernu zentralak. Neurriak haserrea eragin du herritarrengan, eta urtarrilaz geroztik, mobilizazio jendetsuak egin dira pentsio duinen alde.

Zarautz, Donostia eta inguruko beste herrietan mugimendua sumatu zutenean, Orioko Zaharren Babeslekuko zuzendaritzako kideak martxan jarri ziren. Martxoaren 1ean egin zuten lehen elkarretaratzea plazan, eta orduz gero, ostegunero 350-400 lagun inguru juntatzea lortu dute. Oraingoz, ez dute gelditzeko asmorik. Jarraitu egingo dugu, Rajoyk zerbait egin artean. Behatza mugituko du horrek, baina hankarik ez, dagoeneko ondotxo ezagutzen dugu! Aho bilorik gabe mintzo da Jose Manuel Arrillaga. Hizketaldian zehar, tarteka, bere ironiak zorrotz ebakiko du egoeraren gordina.

Azken urteetan ahultzen joandako erosahalmena, krisiak behartuta hartutako aurre erretiro murriztaileak, alarguntza pentsio eskasak,…  Pentsiodunek arrazoi ugari dituzte protesta egiteko, baina %0,25eko igoera izan da, batik bat, egoera leherrarazi duena.

Txomin Iribarrek, Orioko Zaharren Babeslekuko presidenteak, gainontzekoek bezalaxe, etxean jasotako gutun zuriarekin izan zuen igoera hutsalaren berri. Gabonen ostean izan zen, urte hasieran. Gorrotoa piztu zitzaidan. Amorrua. Bosgarren urtez igoera minimoarekin jarraitzen dugu. Zifra hutsean lagako balute, hobe. Jose Manuelek hala uste du. Ezina sentitu zuen berak. Gutuna jaso nuenean, inpotentziagatik, garrantzirik ere ez nion eman; oso sinistuta dugu, barruraino sartu digute, norberak bakarrik ezin duela ezertxo ere aldatu.
 

Etorkizuneko erronka latza
Bakarkako frustrazioa etxeko egongela edo sukaldeko epeletik atereaz, milaka pentsiodunen haserreak kaleak hartu ditu urtarrilaz geroztik. Bazen mugitzeko garaia, esan dute askok. Alderdi politikoak eta sindikatuak ere berandu iritsi dira, Jose Manuelen iritziz. Orain artean ez dute borroka hau babestu. Zorionez, eztanda ez da Euskal Herrian bakarrik izan, eta Espainia osoan egin dira mobilizazio potoloak, poztu da Txomin.

Pentsioena da gizarteari datorkion erronka handietako bat. 2011. urtetik Espainiako Gizarte Segurantza defizitarioa da, eta urtetik urtera, gastuak handiagoak ditu diru sarrerak baino; pentsioen ordainketan langileen kotizazioagatik jasotzen dena baino kopuru handiagoa gastatzen da. Nazioarteko Diru Funtsaren arabera, neurri esanguratsurik hartu ezean, pentsiodunen erosahalmena herena urrituko da 2050. urterako.

Demografiaren bilakaera ere kontuan hartu beharreko faktorea da. Euskal Herrian, adibidez, Europako jaiotza-tasarik baxuena daukagu. Urtetik urtera, biztanleria galtzen ari gara, eta kotizazio-egileak geroz eta gutxiago dira. Halaber, biztanleria zahartzen doa. Munduko bizi-itxaropenik handienetakoa dugu hemen. Ondorioz, osasun eta mendekotasun gastuak ere handiagoak dira.

Emakumeak egoera larriagoan
Hego Euskal Herrian 681.719 dira pentsio publikoa jasotzen duten pertsonak. Batez beste, gizonezkoek 1.434,11 euroko pentsioa jasotzen dute hilean. Emakumeek 825,08 eurokoa. Infografian ikus daitekeen bezala, emakumezkoen %55,1-ak jasotzen duen pentsioa gutxiengo soldatatik (735,90 euro) beherakoa da.

Alargunen kasuan, adibidez, egoera larria da oso, sistemak ezkutatzen duen bidegabekeria baten ondorioz: pentsioek ez dute islatzen senar zenduek kotizatu ahal izateko emakumeek etxean egindako lana; etxeko babes hori gabe, familian ez zen soldatarik sartuko. Gaur egun, alargunek ez dute hildako senarraren pentsio osoa jasotzeko eskubiderik. Zifrei erreparatuz, emakumeek ez dute kotizatzaileak bezainbesteko ahalegina egin familien ekonomia sustatzeko. Gai honetan ere, zabal eta sakona da emakume eta gizonen eskubideen arteko arraildura.

Nola irauli daiteke egoera?
Gu ez gara adituak zenbaki eta ehunekoak kalkulatzen, baina ez da matematikaria izan behar. Pentsioak bizitza garestitu den proportzio berean igotzea exijitzen dugu, dio Jose Manuelek. Besteak beste, pentsio minimoa 1080 eurora igotzea eskatzen dute.

Itxura guztien arabera, pentsiodunen eskaria ez da beteko, Espainiako Gobernuak  pentsioen defizita estaltzeko tresna bat behintzat baduen arren: superabiteko urteetako diruaren itsulapikoa. Erreserba funtsa. 2011.urtean 65.000 milioi zeuden aurreztuta, baina urte berean hasi zen Gobernua aurrezkiak gastatzen. Gaur egun, 8.000 milioi bakarrik geratzen dira. Banketxeak saneatzeko ere erabili zuten diru hori, noiz itzuliko dute? Eta ustelkeria kasuetan lapurtutakoa? galdetzen du Jose Manuelek.

Gizarte Segurantzaren gastuak gutxitzeko, zenbait pentsio (alarguntza, zurztasun pentsioak, amatasun eta aitatasunenak…) aurrekontu bidez finantzatzea ere proposatu dute eragile batzuek. Konponbide horiek ez dira oso eraginkorrak izango, arazoaren sorburua zintzotasun eta elkartasun falta denean. Gobernuburu eta enpresariek diru gehiago irabazten jarraitu nahiko dute beti. Jose Manuelek argi du hori. Adituen arabera, lan-kontratuak egitea sustatzeko baliatzen diren hobari eta murrizketak ezabatu egin beharko lirateke. Enpresaburuei ere kotizazio handiagoak ezarri beharko litzaizkieke, enplegu eta kotizazio-aldi prekarioak eragiten dituzten lan-kontratuak baliatzeagatik, edo kontratazioan iruzur egiteagatik.

Gazteei gonbita
Denok izan gara gazteak. Hemezortzi urterekin, normala den bezala, zahartzaroa eta jubilazioa urruti ikusten dira, behin ere etorriko ez balira bezala. Baina urteek azkar egiten dute aurrera. Zaharren babeslekutik, gazteei mobilizazioetara azaltzeko gonbita luzatu nahi diete. Gazte gutxi azaldu dira plazan egin ditugun elkarretaratzetara. Borroka hau beraiengatik ere egiten dugu. Atzetik datozenengatik. Beren egungo lan panorama kaskarra da benetan, eta etorkizuna gurea baino beltzagoa dute. Borroka berean sartuta gaude denok. Txominek argi du hori.

Zintzotasunaren aldeko borroka
Injustizia sozial andanen ondorioz bizitzaz ikuspegi nahikoa grisa dugun garaiotan, optimistak ez dira inozoak. Hori dio Fréderic Lenoir soziologo eta filosofo frantsesak: pesimistak uste du munduaren egora makurra dela benetan, eta optimistak, hura nola hobetu pentsatzen dihardu etengabe.

Pentsiodunen borrokak optimismoa ekarri du gizartera. Indarra. Bizitza duinaren eta eskubideen aldeko borrokarako adinik ez dela existitzen erakusten ari dira. Jose Manuelek dioen bezala, beste ezeren gainetik zintzotasuna da eskatzen duguna. Bizitza osoa lanean pasa ostean, duintasuna eskatzen dute ozen, bizitzaren azken etapa deitzen diotenaz patxadaz gozatzeko.

Jubilazioa garai ona da ikasten jarraitzeko, mugitzeko. Nik orain inoiz baino gehiago idazten dut. Irakurri ere bai. Lehengo aldean, erretiratuak espabilatu egin gara. Txominen iritziz, kontzientzia politikoa hartu dute, eta aurrerantzean, zailagoa izango da beraiei adarra jotzea. Irabazi egingo dute borroka. Hori dio Jose Manuelek: bestela, beraien bila joango gara! Eskubideak eta erosahalmena galdu arren, ironia zorrotza eta umorea mantentzen dituzte Orioko pentsiodunek. Ez dira arma kamutsak iraultzarako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide