Kamel Ziani: “Atletismoak umiltasunaren balioa erakutsi dit”

Iñigo Gaiton 2018ko mar. 5a, 11:12

Kamel Zianik duela sei urte utzi zion eliteko atletismoari, baina oraindik, sasoi betean jarraitzen du. Atletismoaz gain, beste hainbat kontu ere izan ditugu hizpide, 1972an Marokoko Alhucemas hirian jaiotako oriotarrarekin.

Familian bazenuen korrikalariren bat aurretik?
Ez. Aita boxeoan jardun zen Hernanin. Han egiten zuen lan. Hasi eta gutxira, sudurra hautsi zioten eta berehala laga zuen.

Nolatan hasi zinen atletismoan?
Hemeretzi urte ingururekin, judoan aritzen nintzen Indar Gym zaharrean. Pisua jaisteko, korrika egitera eramaten gintuzten tarteka. Zerbait ezberdina egite aldera, Getariako lasterketa herrikoi batean parte hartzera gonbidatu gintuzten. Txapela ekarri nuen etxera.

Ederra hasiera…  
Beno, lasterketa ez zen maila handikoa. Hala ere, Lasarteko atletismo taldera eraman ninduten frogak egitera, hipodromora.

Hondarretara.
Hori da, kristoren pasara hartu nuen! Marka oso onak egin nituela esan zidaten. Harrituta zeuden bertakoak. Hor eman nuen atletismorako jauzia.

Gazte debutatu zenuen maratoian.
24 urterekin, Londresen. Lortu nuen marka ona zen adin horretarako: bi ordu eta hamalau minutu. Ez ziren garai errazak haiek, asko entrenatzeaz gain bestelako lanak ere egiten nituelako. Atletismora dedikatzeko apustua egiten ari nintzen, lanean erdizka, ikaslea erdipurdi izan ostean…

Urte berean, Amsterdamen bigarren postua lortu zenuen, gerora hobetu ez duzun errekorra ezarriz: 2:10:18. Zer gogoratzen duzu maratoi hartaz ia hogei urte geroago?
Irteeran, korrikalari batzuk munduko errekorra hausteko helburua zuten, maila handiko lasterketa zen. Nahikoa lasai irten nintzen. Lasterketaren erdi-lanak pasata, errekorraren bila irten zirenek pott egin zuten, eta ni oso indartsu bilatzen nintzen artean. Aurpegi ezagunak aurreratzeari ekin nion, eta bigarren postuan zeharkatu nuen helmuga, denbora bikaina eginda.

Irabazle ere sentitu zinen, unetxo batez…
Helmuga baino metro batzuk lehenago, karrera irabazi nuela ulertu nuen. Besoak zabaldu nituen ospatzeko, baina zinta falta zela ohartu nintzen! Keniar bat ni baino minutu bat lehenago helmugaratu zen… kar kar kar.

Lasterketa horri esker lortu zenuen lehen kontratu profesionala.
Nire managerrak Adidas etxekoei nire potentzialaren berri eman zien lasterketa baino lehenago. Eurek ordaindu zidaten trena Amsterdameraino, baina bidaia txartelaz gain, ez nuen beste inolako diru-saririk. Kexatu egin nintzaion managerrari. Errieta galanta egin zidan: hik zer uste duk, oraindik ez haiz inor! Prestigioa irabazteko daukak!

Eta?
Egundoko jenio bizian itzuli nintzen logelara. Hurrengo egunean, irteeran, amorrua barruraino sartua nuen. Motibazioa baino zerbait handiagoa zen hura. On egin zidan managerraren sermoiak! Kar kar kar Emaitzari esker, Adidasek fitxatu ninduen. Kristoren karga kendu nuen gainetik, urte batzuetan atletismoaz lasai bizitzeko bermea eman baitzidan kontratuak.

Alor ekonomikoari dagokionean, atletismoak ondo bizitzeko aukera eman al dizu?
Bai, ondo bizi izan naiz. Eroso. Urte onak harrapatu nituen.

Adituen iritziz, maratoian 2:10-etik jaisteko potentziala izan duzu, baina hortxe geratu zara, mugan. Obsesiorik sortu al dizu horrek?
Arantza hori hor geratu da, eta Olinpiadarik ez jokatzearena ere bai. Baina ez batak ez besteak, ez didate sekula lorik endu, ez dut obsesiorik izan. Atleta batzuk badira anbizio itsua dutenak. Nik betidanik errespetatu dut nire gorputza. Ez nuen marka hori edozein preziotan jaitsi nahi.

(...)
Elitean zaudenean, arrakasta, ospea eta dirua eskura ikusten dituzu, eta testuinguru jakin batean, erraza da itsutzea. Esan bezala, nik ez nuen nire gorputza mugetatik harago eraman nahi, eta horri esker, gaur egun sasoiko egoten jarraitzen dut. Orain, distantziatik begiratuta, harro nago hartutako erabakiez. Ez dut kontzientzian kosk egiten didan harrik.

Urte askotan, Orioko palazio zaharrean entrenatzen ikusten zintugun, eta hondartzan ere asko. Inguru hori eskura izateak eragin al du zure teknikan?
Bai, dudarik gabe. Orain ez ditugu zirkuito horiek herrian! Hondartzako lehengo ingurunea luxua zen niretzat. Hondarretan asko ikasten da, teknika hobetzen laguntzen dizu. Erresistentzia eta lasterketetarako teknika ere bai.

Chema Martinez korrikalariaren hitzak: Korrika egiteak min egiten du. Beti. Hainbesterako al da?
Asfalto gainean, giharrek ikaragarri sufritzen dute. Horregatik entrenatu izan dut asko belarretan edo hondartzan. Pentsa, elitean nengoenean, lan karga handieneko boladetan asteetan 220 kilometro egiten genituen. Gorputzak egurra jasotzen du.

Bizi al duzu minarekin edo sufrimenduarekin loturiko muturreko egoerarik?
Kanadako lasterketa batean, sasoiko nengoen. Bero ikaragarria tokatu zitzaigun karrera egunean. 30.kilometroan giharrak astun eta ahul sumatzen nituen, muskularki jota nindoan. Sekulako inpotentziarekin. Txikituta iritsi nintzen helmugara. Oxigenoa jarri behar izan zidaten, eta jela ere bai bularraldean, gorputzaren tenperatura jaisteko.

Eta estasi edo bete-une ikaragarririk?
Goraldiak bai; tarteka, kristorenak. Baina maratoian, halako goraldiekin kontuz ibili behar da, normalean, beherakada izan ohi baita horien ostean.

Zein izan da zure ibilbideko arrakastarik handiena?
Gozatzea. Bizimodua ateratzeaz gain, ikaragarri gozatu dut korrika egiten.  

Eta erretiroa hartzea erraza izan al zen?
Bai, nekatuta amaitu nuen; batik bat, psikologikoki. Ez nuen egindako lanaren fruiturik jasotzen, ekonomikoki batez ere. Lesio pare batek ere dezente geratu zidaten martxa.

Atzera begiratuta, zer eman dio atletismoak Kameli?
Gauza asko. Bizitzeko bide bat, egonkortasun ekonomikoa, ofizioa, gozamena.

Eta erakutsi?
Hankan lurrean izaten. Umiltasunaren balioa. Distantzia luzeko korrikalarion kasuan, ordu asko ematen dituzu bakarrik entrenatzen, gorputzari egurra ematen; gehienok, fondistok, argalak eta eskasak gara beste atleta batzuekin konparatuz. Miseria handiak pasatakoen itxura izan ohi dugu… kar kar kar. Maratoian elitean ibiltzeko, ez dago txorakeriarik. Umiltasuna eta lana. Karrera luzeek nire tokian jarri izan naute. Bizitzarako lezio handiak atera ditut atletismotik.

Gaur egun, maila oso onean jarraitzen duzu korrika.
Presiorik gabe, lasterketa politak egiten ari naiz, bai. Duela gutxi 5.000 metroko froga bat irabazi nuen, marka onarekin. Euskadiko kross txapelketa irabazteko helburua ere banuen, baina karrera eskasa atera zitzaidan.

Mendi lasterketetan lehiatzeak tira al dizu inoiz?
Parte hartu dut pare batean! Giharrak txikituta utzi zizkidaten.

Teknika ezberdina izango da guztiz.
Bai, ikaragarria da jendea maldan behera nola jaisten den ikustea.

ORIOKO ATLETISMO TALDEA

Orion atletismo eskola sortu berri duzu Aitor Rubiorekin batera.
Elkarrekin korrika ari ginen batean okurritu zitzaigun. Atletismoa modu formalagoan lantzeko aukera eskaini nahi diegu 8 urtetik aurrerako haurrei. 30 korrikalari ditugu taldean.

Umeen garapen fisikoan, lagungarria izango da korrika ondo egiten ikastea.
Oso sanoa, bai. Txikitatik teknika pixka bat ikasiz gero, hori hor geratzen da, betirako. Gainera, korrika ondo egiteak beste kiroletarako ere balio du, oinarri ona da edozertarako.

Korrikaz gain, beste modalitateak ere lantzen al dituzue?
Denetarik egiten saiatzen gara, tartekatuz: altuera eta luzeerako saltoak, distantzia ezberdinetan korrika, hesiekin… Honela, koordinazioa, teknika, indarra eta aspektu ezberdinak lantzen ditugu.

LANA

Iturriotzen egiten duzu lan, gazteentzako babes etxean.
2007an ireki zuten zentroa, eta bertan lan egiteko aukera eskaini zidaten. Korrikalari ibilbide profesionala nola bukatu pentsatzen nebilela suertatu zitzaidan aukera, eta bertan jarraitzen dut, oso gustura. Gizartera egokitzeko zailtasunak dituzten gazteekin egiten dugu lan.

Zuk zer egiten duzu zehazki?
Gazteekin eguneroko erosketak eta sukaldeko ohiturak lantzea da nire zeregina, besteak beste. Bizitzarako disziplina egokia irakasten saiatzen naiz.

Lanean hasi zinenean, garai gogorra zen.
Marokoar askok emigratzen zuten hona, egoera latzetan, gizartera egokitzeko oztopo askorekin. Kasu oso gogorrak ezagutzea tokatu zitzaidan.

Ondo kudeatzen al dituzu zure emozioak egoera gordinetan?
Bai, baina badira gurean lanean hasi eta lanpostua berehala lagatako langileak. Nik zortea dut, asko betetzen nau nire lanak; gazteekin momentu on asko ere bizitzen ditugu. Asko jasotzen dut bueltan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide