Mundua gelditu mundua mugitzeko

Karkara 2018ko mar. 1a, 16:19

Martxoaren 8rako emakumeen greba deitu du Euskal Herriko mugimendu feministak, nazioarteko deialdiarekin bat eginez. Emakumeok* planto  lelopean lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan greba egitera deitu dute.

2018ko martxoaren 8a berezia izango da Euskal Herrian. Nazioarteko mugimendu feministak grebara deitu ditu mundu osoko emakumeak* –emakume izendapena erabili du mugimendu feministak, martxoaren 8ko greba feministan artikulazio politikorako baliagarria delakoan, nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen ahalmen eta identitate diren– eta euskal mugimenduak eta sindikatuek bat egin dute.

Orion ere, Nieves Arrutik –66 urte–, Angelica Acostak –45 urte–, Ainara Peñak –39 urte– eta Esther Arrutik –28 urte– ere bat egiten dute greba deitzeko ideiekin. Emakumeen mugimendua oso beharrezkoa iruditzen zait, jende asko lo baitago oraindik, dio Nievesek.

Etxetik hasi eta lan mundura

Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan deitu ziren emakumeak grebara, emakumeen kontrako indarkeria eta egiturazko desberdintasun sistematikoa salatzeko.

Europan, emakumeek astero 26 orduz ordaindu gabeko lanak egiten dituzte eta gizonezkoek 9. Inork aitortzen ez duen lana da hori, ikusezina. Angelicak lehen haurra izan zuenean soldatapeko lana utzi eta etxeaz arduratzea erabaki zuen: ez dago lan astunagorik, etxean lan egiten duzunean, 24 orduko lanegunak izateaz gain, ez duzu oporrik, ordainsaririk, ezta bajarik ere.

Bestalde, sistemak sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du eta emakumeak dira prekarietate handiagoa jasaten dutenak. Lan munduan goi karguak betetzen dituztenak nortzuk diren ikusi besterik ez dago, dio Estherrek, gehienak gizonezkoak dira. ELAn egiten du berak lan eta sindikatuen mundua, tradizioz, gizonezkoena izan dela kontatu digu. Grebak hasieran industrian izaten ziren eta gizonezkoak ziren protagonista.

Gainera, sistemak ez ditu emakumeen enpleguak modu berean baloratzen, urtean batez beste gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen dituzte. Soldata desberdintasunik ez dagoela esaten dute batzuk, lan berean dauden gizon eta emakumeek, normalean, berdin kobratzen dutelako – jarraitu du Estherrek–. Galdera, ordea, beste bat da. Nork egiten ditu soldata handiagoko lanak eta nork lan prekarioak?

Ezkutatuta eta gutxietsita dauden ogibideak feminizatutakoak izan ohi dira gehienetan, bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutako lanak, batik bat. Prekarietateak emakume aurpegia dauka, dio Estherrek; kapitalismoari interesatu egiten zaio hori mantentzea, gainera, erantzun du Ainarak.

Arrazakeria, jendartetik eta instituzioetatik

Etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira eta herenak baino gehiagok ez dute lan kontraturik. Guztiak ados daude: bertako inork nahi ez dituen lanak egiten dituzte eta jendarteak hori sustengatzen du. Emakume horiek ez badaude lan horiek egiteko, sistemak ez du alternatibarik eskaintzen –Ainarak–, ez dago zaintza duina eskaintzeko baldintzarik.

Angelica ez da soldatapeko etxeko langilea, baina bere azalean bizi izan du arrazakeria: askotan haurrak eta helduak zaintzen edo prostituitzen bakarrik dakigula pentsatzen da etorkinotaz, edo dirua duten mutilzaharrekin ezkontzera etorri garela. Euren herria eta familia atzean utzi eta bizitza duin baten bila etortzen direnek traba handiak topatzen dituzte erakundeetan. Turismoan lizentziatua da Angelica; lau urte pasa nituen titulua baliozkotu nahian, paperekin bueltaka Mexikotik hona, eta azkenean etsi egin nuen.

Guztiok planto egiten badugu, zer?

Nire ustez, greba honek emakumeok egiten dugun guztia ikustaraztea ekarriko du, dio Ainarak, egin dezagun planto munduak ikus dezan zenbat lan egiten dugun. Eta hau egun bakarra da, imajinatu urte oso bat balitz. Gure bizimodua pikutara joango litzake.

Anjelicak dio berak behin etxean egin zuela bere greba propioa: egun batean utzi egin nion egunero egiten dudan guztia egiteari, eta familia berehala konturatu zen etxea aurrera ateratzeko egin behar den guztiaz.

Guztiak ados daude, planto eginez gero, mundua geratu egingo litzateke. Honela dio Estherrek: emakume guztiok geratzeak gizonekoek ere geratu behar izatea ekarriko luke, emakumeek egiteari utzi diogun hori guztia egiteko.

Aldaketak etxetik hasi beharko lukeela uste dut, dio Angelicak, haur bati txikitatik erakusten badiozu gizonezkoa izateagatik ez dituela etxeko lanak egin behar, mentalitate horrekin biziko da betiko.

Arrazoi eman dio Nievesek: askotan, haurrei iruditzen zaie zure betebeharra dela etxea eta beraiek zaintzea. Emakumeok egiten dugun lana handia dela konturatzea oso garrantzitsua da.

Grebaren nondik norakoak

Martxoaren 8an grebarako deialdia zabaldu du Euskal Herriko mugimendu feministak, lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak lau orduko bi lanuzte deialdi egin ditu. 11:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 22:00etara izango dira lanuzteak eta, horrela, eskoletan eta lantokietan lanuzteak egin eta 12:00etan eta 20:00etan egingo diren mobilizazio nagusietan parte hartzera deitzen ditu emakumeak mugimendu feministak zabaldutako manifestuak.

Baina greba ez da lan edo ikasketa mailakoa bakarrik izango, zaintzan eta kontsumoan planto egitea ere proposatzen du manifestuak: dei egingo diegu zaintza eta ugalketa lanak ez egitera –lan hori beste emakumeen esku utzi gabe– (...) eta, era berean, ez kontsumitzeko deia ere egingo dugu: agindu kontsumisten kontra altxa gaitezen, bereziki enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azkeneko horiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetakoak.

Grebaren indarra ikusgarriagoa izan dadin, besoko morea janztera, eta balkoi nahiz leihoetan mantalak eskegitzera ere animatzen ditu emakumeak.

Gizonezkoen parte-hartzea

Etxekoek lagundu beharko ligukete, gizonezkoek kargu egin beharko lukete haurren eta ainton-amonen zaintzaz emakumeok greba hori egin ahal izateko, dio Nievesek. Izan ere, martxoaren 8an emakumeak  dira protagonista. Nik semea ikastolara bidali eta alaba nirekin eramango dut manifestazioetara, dio Ainarak, eta lanean ere ez dut lanaren antolamenduan parte-hartuko, gizonezkoek egin dezatela beharrezko guztia.

Greba egunean gizonezkoek egin ditzaketen ekarpen proposamenak zabaldu dira azken asteetan sare sozialetan, beren aportazioarekin inguruan dituzten emakumeek greba egitea ahalbidetzeko:

-Aita bazara zure seme-alabez arduratu. Laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.
-Lankidea bazara emakume langileen lana egiteko eskaini zure burua. Nagusia bazara zure enpresan lan egiten duten emakumeei elkartasuna adierazi eta errepresioa, trabak eta arazoak saihestu.
-Ikaskidea bazara eskolara joan behar ez duten kideak eta haien lanuztea babestu. Irakaslea bazara martxoaren 8an zerrendarik ez pasatu, gogoratu zure ikasleen hutsegitea justifikatuta dagoela.
-Zure familian zaintza behar duenik badago, has zaitez egun horretatik aurrera ohituraz emakumeok betetzen dugun lan horretan pausoak ematen.  
-Emakume batekin harremanik baduzu, martxoaren 8an kalean egoteko behar duen laguntza guztia emaiozu.
-Komunikabideetan lan egiten baduzu, zure esku dagoen guztia egin emakumeek eman ditzaten egun horretako berriak.
-Mugimendu feministako gizon militantea bazara, zabaldu mezua zure lagun eta talde guztien artean. Martxoaren 8ko elkarretaratzera bazoaz jar zaitez nahi duzun tokian baina agindurik eman gabe eta manifestazioa zuzentzeko asmorik gabe.

M8a Orion

Orioko Xaltxerak Talde Feministak hainbat ekimen antolatu ditu martxoaren 8aren inguruan. Urola Kostako talde feministekin egitarau bateratua zabaldu dute eta, hau da Orion egingo dena:

Martxoak 7, asteazkena

Hitzaldia: Emakumeak eta itsasoa. Arrantzale komunitateak genero ikuspegitik, Patricia Martinezen eskutik. 18:30ean, Salatxo Aretoan. Hitzaldia gazteleraz izango da.

Martxoak 8, osteguna

19:00etan elkarretaratzea Herriko Plazan. Ondoren, emakumeen afaria Balea elkartean. Afarirako izen-ematea martxoaren 6a baino lehen, Hatoz, Kalakari, Errusta eta Kolon Txiki tabernatan.

Lan eta kontsumo grebarekin bat eginez, martxoaren 8ko emakumeen afarirako deialdia egin dute:
Gizonezkoa zara eta martxoaren 8ko grebarekin bat egin nahi duzu? Hona hemen Xaltxeren proposamena: gizonezko boluntario bila gabiltza emakumeen afaria prestatzeko; horrela guk, emakumeok, greba egin eta mobilizazioetan parte hartuko dugu. Lan egiteko prest zaude? Jarri gurekin harremaneta oriofeminista@gmail.com helbidean, gure facebookean edo taldeko kide batekin kontaktatuz.

Horrez gain, eguerdian hiriburuetan egongo diren mobilizazioetan parte-hartzera gonbidatzen dituzte herriko emakumeak.  Donostian 12:00etan izango da Boulevardean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide