Bi lan izan zituen arraunlariak herenegungo entrenamenduan: ohikoa, entrenatzaileak edota prestatzaileak jarritakoa egitea, eta larunbat gaueko jan-edanak botatzekoa. Asteburu berezia izan zutelako ia denek aurrekoa. Batetik, traineru estropada jokatu zuten, eta hori ez da ohikoa izaten garai honetan; eta, bestetik, igandean jai izan zuten, ohitura delako Orioko Traineru Jaitsieraren ondoren, afari-pasa egitera joatea sagardotegira, askoren kasuan.
Astelehen berezia, beraz, herenegungoa, eta korrika saio eta gimnasioko jardun astunean beste hitz-aspertu bati heltzeko aukera ere bai: Orioko emaitzen inguruan solasa. Ez baita alferrik izaten neguko traineru estropaden artean garrantzitsuena. Gehienek erabiltzen dute erreferentziak hartzeko, eta orain arteko lanari neurria hartzeko.
Urtetik urtera, ontzi saldo ikusgarri handia elkartzen da Oria ibaian, maila guztietakoak. 94 itsasontzi izan ziren aurreko larunbatean, eta atera kontuak zenbat arraunlari batu ziren arraunerako. Neguko testa izanagatik, banderak ere egoten dira jokoan, eta senior emakumezkoetan, San Juanek astindu zuen bandera, Orio, Arraun Lagunak eta Hibaika atzean lagata, 4.000 metroko lana egin ondoren. Gizonezkoetan, Hondarribia izan zen azkarrena, Zierbenari, Oriori eta Urdaibairi aurrea hartuz, 6.000 metroko ibilbidean. ARTIKULUA IRAKURTZEN JARRAITZEKO, EGIN KLIK HEMEN.