Konpetentziari -eta desgaitasunei- aurre eginez

IƱigo Gaiton 2018ko urt. 30a, 10:34

1983 eta 2013 urteen artean, Orioko plazatik Gureak enpresaren lantokia ikus zitekeen, errioaren beste aldean. 2014an fabrika Zarautza mugitzearekin batera, aldendu egin zitzaigun hainbat herritarren errealitatearen zati bat.

Juan Antonio Iturainek ogi egin berriaren usainarekin hasi zuen ibilbide profesionala, gaztea zela. Goizeko hirurak aldera jaikitzen zen, aitari etxeko panaderian laguntzera. Ogiak egin ostean, barrak otarrean hartu eta herrian banatzen zituen. Garai hartan, Donostiatik etortzen zen periodikozaleak herria zeharkatzen duen errepide nagusian lagatzen zituen egunkariak, eta haien bila ere joaten zen, tarteka, familiako estankora eramateko.

80ko hamarkadan Gureak-en hasi zen lanean, KRAFFT eta Indauxentzat piezak egiten, Frantses Fabrika zaharrean zuten lantokian. Gaztetako kontuez mintzo den bitartean, produkzioak ez du etenik; autoen haizetakoetarako piezak darabiltza eskuartean. Volkswagen, BMW edo Mercedes markako kotxeren baten kristala lehortzen bukatuko dute.

Juan Antoniorekin batera, Orioko eta Aiako beste 24 lagunek egiten dute lan Zarautzen. Gureak-en xedea, desgaitasunen bat duten pertsonentzat lan aukera egonkorrak sortzea da. Erakundea 1975ean sortu zuten, eta gaur egun, 5.000 langiletik gora ditu; lan-taldeko %83ak du desgaitasunen bat.  Urteekin, industriaz gain, enpresaren jarduna beste alorretara ere zabaldu da: lorezaintza, ostalaritza, garbiketa, komunikazioa, marketina…

Sektore exijenteetan lehiakor

Zarauzko instalazioek itxura modernoa dute, argitsuak dira. Puntako teknologiarekin hornitutako makinetan, langileak fin ari dira lanean. Isiltasunik ez badago ere, ez da zarata handiegirik entzuten. Atsegina da lan giroa.

Bezeroei ez zaie inporta gure enpresaren profil soziala: produktuaren kalitatea da baloratzen dutena. Estitxu Aldanondok garbi du hori. Bera da fabrikako sail baten arduraduna. Hemen, automoziorako piezak egiten ditugu batik-bat. Oso sektore exijentea da, huts gutxi onartzen ditu. Milaka piezetatik batek akatsen bat izanez gero, atzera itzultzen dizkiete denak, berriz errebisatzeko. Bezero asko harritu egiten da produktuen kalitatea eta gure langileen gaitasunak ezagutzean.

Hasier Zabaleta oriotar gaztea lanean ari den makinan, Gureak-ek bere historian patentatu duen lehen pieza darabilte eskuartean. Autoen fokuek proiektatzen duten argia automatikoki erregulatzen du gailuak, kontrako norabidean datozenei trabarik ez egiteko. Hurrengo lau urteetan lau milioi pieza produzitzea aurreikusten dute.

Ordea, nola uztatzen dira desgaitasunak dituzten langileen garapena –pertsonala eta profesionala–, merkatu lehiakorren exijentzia eta enpresaren bideragarritasuna? Lan prozesuaren analisia eta banaketa ondo eginda. Hor du erroa Gureaken errentagarritasunak. Komunikazioa handia da langileen eta lan prozesuak diseinatzen dituzten ingeniarien artean. Hauek ondo ezagutu behar dituzte langileen gaitasunak eta mugak, produkzioa errentagarri egiteko. Enpresak geroz eta baliabide gehiago inbertitzen ditu horretan.

Lan sozialaz gain, ekarpen ekonomikoa

Arduraduna lantokia erakusten ari zaigun bitartean, Joxeba Altuna oriotarrarekin egin dugu topo. Lau hitz egin ditugu berarekin. Gustura dago, ostirala izanik, gaur lehenago bukatuko dutelako lan-eguna. Ordubi t´erdietarako etxean izango da, bazkaritarako. Orain, hamabietan, txirrinak bost minutuko deskantsuaren hasiera markatuko du. Batzuk zigarroa erretzera aterako dira; besteak, besterik gabe, hankak luzatzera.
Gureak-ek desgaitasunak dituzten pertsonekin egiten duen lan soziala nahikoa ezaguna da, baina bere ekarpen ekonomikoaren inguruan ez da asko hitz egiten. 2016an, adibidez, aipatzekoa da zuzeneko zergetan soilik, administrazio publikotik jasotako diru-laguntzak baino 4 milioi gehiago ordaindu zituela erakundeak.

Europan tankera honetako enpresek diru-laguntzekiko %60ko dependentzia dute bataz beste,
azaldu digu Estitxuk. Gureak %84an autofinantzatu egiten da, salmenten irabaziekin. Enpresa irabazi asmorik gabekoa denez, helburu nagusia lan taldea mantendu, eta orain arte bezala, enplegua sustatzeko lan aukera pertsonalak eskaintzea da.

 

Teknologia eta eskulana uztartuz

Azken urtetan, teknologia aurrerapenen ondorioz lanpostuak gutxitu dira sektore askotan. Beren kasa aritzeko gai diren robot eta makinek eskulana ordezkatu dute. Gureak-en erronka handienetakoa da horri aurre egitea. Talde bat dute propio gai hori lantzen, etorkizunari begira. Hala ere, teknologiak lagundu ere egin digu. Batez ere, produktuen azken kalitatea bermatzen duten makinak optimizatzen, argitu digu Estitxuk.

Enpresak pertsona jartzen du beste ezeren aurretik. Langile bakoitzak bere plan pertsonala du interes, prestakuntza, gaitasun eta helburuen arabera. Ordea, gizarteak zer daki desgaitasuna duten pertsonen aspirazio profesionalei buruz? Inoiz pentsatu ere egin al dugu helburu profesionalik izan dezaketen ere? Orokorrean, ezjakintasun handia dugu. Gainera, ezagutza falta hori protekzionismoarekin konpentsatzen dugu sarri, eta horrek ere ez dio inori laguntzen. Sentsibilizazioaren bidez, eragin egin behar da gizartean, jende askoren errealitate hau argitara eman, dio Estitxuk.

Profil ezberdineko langileak

Jendarteak behar gehien duten pertsonekin identifikatzen du Gureak; sarritan, jaiotzatik desgaitasun intelektualak dituztenekin. Proportzio batean, hala da, baina bertan badira gaitasun eta autonomia handiko langileak. Bizitza momentu batetik bestera alda daiteke. Auto istripu batek, edo gaixotasun mental batek, edonoren kapazitateak mugatu ditzake, dio Estitxuk. Azken urteetan, gaixotasun mentalak dituztenen kopurua igo egin dela antzeman dute, besteak beste, drogek, krisiak edo egungo jendarteak duen estres maila altuak eraginda.

Berriketan goazela, lantokiko txoko guztiak ikusi ditugu. Autoentzako produktuez gain, sukaldeko altzairuen burdinazko piezak ere egiten dituzte makina batean. Marka suediar ezagun batentzat dira. Langile bakoitzak aurrean du bukaerako produktuaren irudia. Langileei argi azaltzen diegu lantzen dituzten piezak zertarako diren. Oso garrantzitsua da hori, lanari zentzu eman eta bere zeregina osotasunean uler dezaten. Horretarako dira argazkiak.

Lan eta kontratu mota ezberdinak

Bi lan egoera dituzte enpresako langileek: zerbitzu okupazionala eta kontratupekoa. Lehen multzokoek gratifikazio ekonomikoa jasotzen dute, bigarrengoek soldata. Gureak-en helburua, zerbitzu okupazionalean daudenak kontratupera pasatzea da, trebatzen joan ahala. 1975ean enpresa sortzean, desgaitasuna zuten pertsonak lanean jartzea zen helburua, produzitzea, okupazio hutsetik harago. Langile guztiek ez dute kontratupera segituan pasatzeko aukerarik, baina ahalegin handia egiten dugu beren kapazitateak indartu eta polibalentzia lantzen, azaldu digu arduradunak.

Iraganean, zerbitzu okupazionaleko langileak tailer edo fabrikako lanean aritzen ziren gehienbat, industrian. Gaur egun, enpresaren zerbitzu alorreko lanak ere egiten dituzte: lorezaintza, garbiketa, ostalaritza… Langileak kaleko lanetan jartzea, urrats garrantzitsua izan zen gizartea sentsibilizatzeko prozesuan.
Juan Antoniorekin juntatu gara berriz. Lehengo lanpostuan jarraitzen du, baina hau ez da beti horrela izaten. Goizeko lehen orduan kableekin aritu naiz lanean, eta gero heldu diot honi. Enpresak garrantzi handia ematen dio langileak zeregin ezberdinak izan eta lan berriak ikasteari, gaitasunak garatzen joateko.

Jubilazioa, lasai bizitzeko

Lantokiko arduradunak agur esan digu, eta Juan Antoniorekin amaituko dugu laneguna. Gutxi falta da ordu-bietarako Bera jubilatzeko ere bai. “63 urte beteko ditut abuztuan, eta urte bukaera baino lehen hartu nahi nuke erretiroa. Urteak antzematen dira, gaztetan beste sasoi bat nuen! Bizkarrezurrean ere badut tarteka mina ematen didan desgasteren bat… Nahikoa egin dut nik!

Erretiroa hartutakoan zer egin behar duen galdetuta, azkar erantzun digu: Pasieran hondartza aldera buelta batzuk egin, estankoan laguntzen jarraitu… eta lasai bizi!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide