Que viva Egaña

Xabier Etxeberria 2017ko abe. 27a, 17:41

Irlandara bizitzera etorri berritan, alaben zain eskola atarian beste gurasoekin hitz egitera ausartzen nintzenean, eulia kaka-mokordora nola, elkarrizketa ere modu berean txokoratzen zen.

Nire ijito abizenarekin bat datozen patilla luzeengatik izango da beharbada, edo beltzaran samarra naizelako agian, edota ingelesez dudan azento traketsagatik seguruena, baina kontua da atzerrira joaten naizen guztietan, lehenago edo beranduago, ataka beretsuan suertatzen naizela:

⁃ Are you Spanish?

⁃ (Mekauentu...) No, Basque.

⁃ Ah.... sorry.

Irlanda ere ez da salbuespena izan. Hona bizitzera etorri berritan, alaben zain eskola atarian beste gurasoekin hitz egitera ausartzen nintzenean, eulia kaka-mokordora nola, elkarrizketa ere modu berean txokoratzen zen, eguraldiaren aitzakian ia beti:

⁃ Irlandan euria besterik ez du egiten. Eguraldi hobea izango duzue Espainian!

Esplikazio luzea etortzen zen orduan nire aldetik. Ezetz, ez ginela espainiarrak, euskaldunak baizik. Baietz, Irlanda apur bat bustiagoa eta hotzagoa zela, baina ez zegoela hainbesteko alderik Euskal Herriarekiko, gure probintzian behintzat antzeko eguraldia genuela. Eta, behin abaila hartuta, pakete guztia sartzen nien: hizkuntza ezberdin bat –hitz egiten– dugula, probintzia batzuk Espainian eta besteak Frantzian daudela, txalaparta, bertsoak eta gora Euskadi ataskatuta.

Horregatik, eskolakoek jada ez didate horrelako galderarik egiten –ez espainiarra naizela pentsatzen ez dutelako, baizik eta nire matraka berriz ez entzuteagatik–. Tregua moduko bat izan dut ondorioz.

Tregua tranpa izan da ordea. Etorri baitira familiakoak bisitan eta, jakina, hemengo txoko politak ikusi ondoren pub batean bukatu dugu eguna. Egurrezko aulki sendoak, tximiniaren epela, guinness bana esku artean. Propina gainera: hiru gizon musika jotzen eta jendea kantari. Hurbildu zaigu haietako bat eta galdera, ea gu ere abesti bat kantatzera animatuko garen. Guinnessak eta giroak legamituta, baietz guk. Pozik. Musikariengana gerturatzeko altxatu garenean, baina, ustekabean ongi-etorriko pieza jo digute: Laralaralararara, que viva Españaaaaa!

Ia buelta eman eta korrika alde egin dugu. Edozein hasten zaie azaltzen euskaldunak garela, euskara, bertsoak...Dedio. Gutxien gutxienean que viva Egaña abestu izan baligute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide