Buru ahaltsu horretan

Xabier Sukia 2017ko abe. 27a, 17:25

Ez da ezer kasualitatez gertatu. Hautuen ondorio da. Zuk esanda bezala, etengabeko ahalegin, auto-exijentzia eta lanaren emaitza da txapela.

BECekoa pasa eta gero zutaz oroitzen naiz ene Maialen. 1997an iritsi zinen lehen aldiz Euskal Herriko finalera, 21 urterekin. Oroitzen naiz 2001ean Andoni Egañarekin buruz-burukoa nola jokatu zenuen Belodromoan. 25 urte zenituen. Andonik 40. Zuk aurtengo finalaren azken txanpa Nerea Ibarzabalekin egitea bezala litzateke hori. Eta geroztik  lau buruz-buruko jokatu dituzu, Ametsekin beste bi eta Mendiluzerekin azkena. Bi txapel. Aurrena izan ez zarenean ere aurretik ibili zara. 

Orain zortzi urteko txapel hartan lehengo amonen buru gaineko gobara gogoan eta aurten lehengoekin ta gaurkoengandik txapel hau gerokoentzat. Agur hori ere denborak onduko du euskaratik eta euskaraz hura bezala.  

Egun borobila atera zitzaizun. Txapelketa jarrera kontua da, gai bakoitzaren aurrean norberak hartzen duen ikusmoldea. Hori izan da behar bada aurten ere zure ekarpenik interesgarriena. Txapelketa osoan zehar egindako bost bakarkako lanetan, bost pertsonaia jarri dizkiguzu erdigunean: transexuala, etorkina, Ama bakarra, Drogazalea eta prostituta. Errespetu handiz, enpatiaz eta sinesgarritasunez hitz egin digute zure ahotik.

Sakontasun horretan kateatu gabe bertsotan dida! Fresko eta bizi! Futbolariaren larrua aukeratu duzu Reala Txinatarrei saldua dagoela esateko. Ez zaiela pentsatzeko ordaintzen esateko. Igogailuetan ez da eguraldiaz hitz egiten, orain efektu espezialekin mugitzen dira. Aurtengo jaiotzan Ama Birjina eta Jexuxito mugitu egingo ez ote diren ere…

Eta ez da ezer kasualitatez gertatu. Hautuen ondorio da. Zuk esanda bezala, etengabeko ahalegin, auto-exijentzia eta lanaren emaitza da txapela. Doinu zaharrak berritzea hurrengo txapelketatan tendentzia izan baietz! Bertsolari gazteak Juanito Doronsororen doinutegia arakatzen irudikatzen ditut datozen urteotan. Aurretik zoaz.

20 doinu berritik gora plazaratu dira aurten. Anitza izan da: hor ziren Benitoren Itzaltzuko bardoa, Eñaut Etxamendiren Agur adiskidiak, Andres Calamaroren Paloma, Txirritaren Kubako gerrarenak, Jorge Negreteren Mexiko lindo, Luz Casalen Negra sombra, Jacques Brelen Ne Me Quite Pas… 

Miresten ditugun pertsonak normalean zaharragoak izaten dira, izatez eta adinez goiko eskilara maila batean daudenak. Maialen gure kintakoa da, eskolarteko txapelketatan ezagutu genuen elkar, bertsolari gazteen topaketatan… Adin berekoak gara, baina miresmena eragiten digu.

Oinak dantzan buru ahaltsu horretan bertsolaritzari oroitarazten hemen da zure alaba.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide