San Nikolas bezpera. Beroki handia soinean, eskularruak, bufanda eta txapela jantzi eta kalera. Aurtengoan ere negu giroko sanikolasak! Hotza hezurretaraino sartuta hantxe ginen plazan txupinazoan. Lagunarekin elkartu orduko halaxe esan zidan, harrituta: hona netorrela mutil bat ikusi dut manga motzetan! Barrezka, halaxe erantzun nik: horrek markatzen dik gaztetasunaren muga, halako hotzarekin kalean lasai asko manga motzetan ibiltzeak!
Zenbat aldiz ez ote gara aritzen oraindik gazteak gara! eta halakoak esaten, gazte izatetik heldu izateko urrats hori etengabe atzeratzen doan honetan. Neurriz kanpoko balioa ez ote diogun ematen gaztetasunari, hara! Zerk ematen digu inbidia? Loturarik edo ardurarik ez izateak? Nerabezaroko egonezinak? Gauza berriak ezagutzeko antsietateak? Bitan pentsatu gabe gogoak ematen diguna egiteak?
Askotan iruditzen zait ardurak eta loturak gehitzen doazen neurrian bizipoza albo batera uzten dugula, eta gaztetako bizitzeko grina berritu nahi izaten dugula. Ikasi beharko genuke heldutan ere gustuko dugun horrekin gozatzen, bitan pentsatu gabe gauza berriak probatu eta ikasten. Inoiz ez baita berandu. Halaxe elkartu gara herriko emakume koadrila bat, inoiz traineru batean sartu gabe, arraunean ikasteko irrikaz. Kirola eginez gozatuz eta taldean elkar goxatuz. Bizipozez eta ilusioz gainezka. Zergatik ez?