“Egidazu euskaraz, ulertzen dizut eta”­­

Karkara 2017ko abe. 27a, 17:19

Hitz egin zein ez, euskara ulertzen duten pertsonak dira. Gainontzekoek beraiei euskaraz egitea nahi lukete, edo, bestela, ez zaie axola nola hitz egiten diegun, ulertzen dute eta.

Kuriosoa da belarripresten kasua: aspalditik existitzen dira, baina hitza sortu behar izan dugu ikus ditzagun. Hitz egin zein ez, euskara ulertzen duten pertsonak dira. Are gehiago, gainontzekoek beraiei euskaraz egitea nahi lukete, edo, bestela, ez zaie axola nola hitz egiten diegun, ulertzen dute eta. Ahobiziek, ordea, soilik ahobiziekin hitz egiteko lizentzia hartzen dugu normalean, hau da, euskaraz hitz egitea erabakitzen duten lagunekin. Errespetuaren izenean, edo badaezpada, erdarara pasatzen gara sarritan. Baina, zer gertatzen da errespetua bakoitzak nahi duen bezala hitz egitea dela erabakitzen dugunean?

Horixe da azken bi urteetan Euskal Herriko hainbat txokotako herritarrek adostasunez egin duten ariketa kolektiboa, hala nola Lasarten, Agurainen, Deustun, Baionan zein Hernanin. Inertziak apurtu eta euskara ulertzen duten lagunekin, senideekin, lankideekin zein ezagunekin euskaraz egitea erabaki dute milaka ahobizik, eta beste milaka belarriprestek beraiei euskaraz egiteko eskaera egin diete ingurukoei.

Emaitzak nabarmenak eta ilusionagarriak izaten ari dira: elkarrizketa elebidunak posible direla erakutsi dute, eta, horrez gain, ordura arte ausartzen ez ziren belarriprest askok euskaraz aritzeko urratsa eman dute. Pauso hori, gainera, gertukoekin egin dute, beren eguneroko harremanetan, hain zuzen. 

Euskal Herriko herritarren ia erdiek ulertzen dute euskara, eta, Orioren kasuan, gehienek. Beraz, baldintzak egokiak dira, hala nahi dugun kasuetan, euskaraz hitz egiten duten guztiekin ez ezik, ulertzen duten guztiekin ere gure hizkuntzan aritzeko. Ahobizi izateko aukerak biderka ditzakegu. Horretarako, lehen ariketa proposatuko dizuet: saia gaitezen gure inguruko belarriprestak identifikatzen. Agian ez zaizkigu burura berehala etorriko, baina ziur uste baino gehiago direla.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide