Gerora, urte askotan eskoilera aldean egin izan dugu topo. Jubilatuta, bi buelta egiten zituen hondartzara egunero. Kanaberarekin edo, besterik gabe, pasieran. Olatuen eta surflarien partea ere pasatzen zidan. Urteekin gorputza makaltzen hasi zitzaionean, familiakoen errietek atera zuten arroka artetik.
Aspaldiko partez, lehengo hilean elkarrekin bazkaldu genuen, bere bilobaren ezkontzan. Plater batetik besterako tartean, kontu kontari ari ginela, ni ederki bizi izan nauk edo antzeko zerbait esan zidan; edo, ulertu nion.
Titular ederra iruditu zitzaidan, ia 90 urte bete dituen gizasemearen bizitzarentzat. Lana erruz egin arren, bizitza ondo gozatu du Laurik, pentsatu nuen nire golkorako. Gauza gutxirekin.
Gaur egun, urrea balio du lapa haren zaporea ahoan mantentzeak. Zoriontasunak itsaso aldamenean behar du, nonbait. Egungo gizartean ez itotzeko, lezio hori eman zidan osabak 1994ko abuztu hartan; nahigabe, ziurrenik. Bizitzarako baliagarrienak diren ikasgaiak benetan erakusten diren bezala.