Azken 40 urteetan, obesitatea duten haur eta nerabeen kopurua 10 aldiz biderkatu da. Joerak horrela jarraitzen badu, historian lehen aldiz, 2022. urterako, haur obesoak gehiago izango dira desnutrizioa pairatzen dutenak baino. Azken urteetan, herrialde txiroetan igo da kopurua gehien; herrialde garatuenetan, berriz, datuak mantendu egin dira. Hala ere, datu horiek kezkagarriak izaten jarraitzen dute oraindik.
Euskal Herrian, 19 urtetik beherako haur eta gazteen % 8k du obesitatea. Gainpisuari dagokionez, mutilen % 18,7k du, eta nesken %14,1ek. Hemen ere, maila sozial baxuagoa dutenen artean da nagusi, batez ere. Beraz, esan genezake hemengo datuak munduan gertatzen ari denaren isla direla.
Datu kezkagarriak dira benetan. Haurretan eta nerabeetan obesitatea izateak ondorio larriak izan ditzakeela jakinik, fokua prebentzioan jarri behar dugu.
Alde batetik, aldaketak arlo politiko eta sozialean gauzatu behar dira; esaterako, elikagai osasungarriak merkeagoak izan beharko lirateke. Bestetik, gobernuek debeku eta kontrol gehiago egin beharko lituzkete elikagaien industriek eskaintzen dituzten produktuetan, eta elikagai kaltegarrien publizitatea debekatu. Azkenik, elikadura heziketan gehiago sakondu beharko litzateke.
Baina politika horiek guk aldatu ezin ditugunez geure etxean egin behar dugu ahalegina. Haurrari txiki-txikitatik, lehen elikagaiak eskaintzen dizkiogunetik, elikatzeko ohitura osasungarriak erakutsi behar zaizkio, elikagai egokiak eskainiz eta azukre eta gantz kaltegarriz eginiko produktuak ekidinez. Era berean, haurrak mugitzera animatu behar ditugu, beraiekin jolastuz eta plan aktiboak eginez. Ez dugu ahaztu behar gu geu garela txikien eredu. Beraz, beraiek ohitura osasungarriak jarraitzea nahi badugu, ezinbestekoa da etxeko helduek ere ohitura berberak jarraitzea.