Hori horrela izanik ere, heriotzaz hitz egitea TABUA da oraindik; gaiaz ez hitz eginda mina desagertu egingo balitz bezala. Niri bizitzak eta denborak kontrakoa erakutsi didate, hau da, heriotzaz eta doluaz hitz egitea ezinbestekoa dela.
Heriotzaren gaia gizarteratzerakoan rol garrantzitsua bete dezakete hedabideek, bereziki publikoek. Ildo horretan, ‘Ur handitan’ telebista saioak doluari buruz egindako atalak bere aletxoa jarri du zeregin horretan. Karkarak, Orioko eta Aiako herri aldizkari den neurrian, ere badu bere egitekoa gaia mahai gainera aterata.
Kontuak kontu, nire ustez, doluaren aurka ez dago errezeta orokorrik. Bakoitzak bere modura bizi du eta pertsona bati lagungarri izan zaionak ez dio beste bati balioko. Dena den, prozesuari buruzko informazioa eskura izatea eta entzungo zaituen konfiantzazko pertsona bat alboan izatea ez dago inoiz soberan. Gero, norberak erabaki dezala.