Kontxako bigarren igandean, irteera ikaragarria egin zuen Orioko txalupak. Lehen palada horiei erreferentzia eginez hasiko dut, Karkarako lagunek eskatu didaten iritzi artikulu hau. Entxufatuta irten ziren mutilak. Bazekiten ezer ez zutela galtzeko eta, lana ondo eginez gero, zerua irabazteko aukerak bazirela. Irteera eder horri esker, badiatik ateratzean, estropada buruagatik borrokan ibiltzea lortu zuten.
Bigarren puntu esanguratsua, arraunketa. Kontxan denboraldi osoan izan duten arraunketari eutsi zioten, hotz, eta bigarren igandeko itsas baldintza zailetan asko lagundu zien horrek. Ikaragarria izan zen mutilen lana. Estropalariek presarik gabe ziruditen arraunean, palada bakoitzari behar den denbora emanez. Estropada eremuko leku zikin eta nahasi askotan, luze eta borobil egin zuten arraunean. Goraipatzekoa, nire ustez, aurrekaldeko bost arraunlarien lana.
Beste puntua, patroia. Gorka Aranberri. Asko hitz egin da zarauztarraz azken bizpahiru asteetan, eta ez noa ezer berria esatera. Soilik goraipatu, momentu oro dakiela non dagoen, zertan dabilen, eta zer eskatu behar duen. Telebistan ondo entzun dira bere hitzak. Olatua brankaz datorrenean, arraunean luze egiteko eskatzen dio tripulazioari, txalupa aireratu aurretik. Estropada irabazteko aukerak azaltzen direnean, mutilak, sinistu. Guria dek. Konfiantza izugarria transmititzen du Gorkak.
Dena den, olatuak ez ditu patroiak bakarrik hartzen. Igande historikoan, arraunlariek eredugarri gogortu zioten txalupa Gorkari, honek ontzia errazago gobernatu ahal izateko.
Laugarren eta azken puntua, Jon Salsamendi. Bera da guzti honen errudun nagusia. Hau dena azaroan hasi zen. Zorionak bihotzez Joni, estropalariei, zuzendaritzari, herriari eta oriotar zale guztiei.
Goza dezagun Kontxako Bandera historiko honen zapore ederra, baina ez gaitzala itsutu eta gure bidetik atera. Jarrai dezagun aurrerantzean ere anbizioa eta umiltasuna uztartzen.