Ilegaltasunez

Erabiltzailearen aurpegia Eli Huegun 2017ko urr. 5a, 10:27

Irribarreren bat ere ateratzen dit batzuetan txioen erreinuak eta eskertzen dugu, azken boladan tristura baino ez dudalako sentitu.

Hitzok idazterako garaian, ia astebete falta da urriaren baterako eta Twitterren Piolin askatu dutela ospatzen ari dira. Irribarreren bat ere ateratzen dit batzuetan txioen erreinuak eta eskertzen dut, azken boladan tristura baino ez dudalako sentitu. Azalduko dut zergatik.

Espainiako autoritateetatik saldu dute ilegala dela, eta ilegaltasunaren aurrean zuzenbide estatuak erantzun egin behar duela, daukan indar guztiarekin. Bai egin ere. Beirut arrasatzeko adina polizia sartu dituzte Bartzelonako portuan, agenteak launaka sartuz leihorik gabeko kabinetan bizitzera. Herriari ahotsa eman nahi diotenak atxilotu eta baimen judizialik gabeko erregistroak egin dituzte alderdi politikoen egoitzetan. Botere Judizialetik kanpo dagoen organo bat, era politikoan aukeratzen dena, Auzitegi Konstituzionala alegia, zigorrak ezartzen hasi da. Eta guztia erreferendumaren makinaria bertan behera uzteko. Legearen kontra doazenak garaitzeko, eurak ere legearen kontra.

Nire sorpresa gizartearen erreakzioan dago. Eta ez sare sozialetan bakarrik, Madrilen pertsonan ere bizi izan ditudalako horrelakoak. Jendeak aintzat hartu du legaltasunaren argudioa, horrekin auzia argituko balitz bezala. Burua joan zaien hamalau politikari soil balira bezala.

Arazo politikoek erantzun politikoak behar dituzte. Legea ez errespetatzea ezin da onartu, jendeak ezin du sudur puntan jartzen zaiona egin. Ados, baina ez gara pertsonen edo gauzen kontrako delituez ari, legea ez errespetatze honetan ez baitago oinarrizko eskubideen urraketarik. Eta ez dezagun ahaztu ez dela bat-batean jaiotako zerbait: Kataluniatik urte luzez igorritako mezuen aurrean estatuak erakutsitako inmobilismoaren ondorioz sortu baita egoera hau. Boterea daukatenek errealitatea ukatu dutelako. 

Hau guztia esanda, ezin dut ulertu nola aldarrikapen baten aurrean, ahotsa eskatzearen aurrean, ilegala dela esatearekin konformatzen den jendea. Nire amonak nire adina zuenean ez zituen eskubide eta askatasun asko ditut nik, legitimoak zirelako eta horregatik direlako gaur egun sistemaren parte. Hala izan ezean, nik neronek ezingo nukeen gaur egiten dudan ezertxo ere egin. Eta tristea da, baina legalitatearen argudioa konpartitzen dutenen gehiengoak ere ez.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide