Euskadi-Akitania mugaz haragoko programaren barruan egin dute proiektua bi erakundeek. “Programa horren baitan CPIE elkartearekin bildu ginen. Elkarte horrek Hendaia eta Donibane Lohizune artean hainbat ekimen egin ditu urteetan zehar, eta bertan egiten dituztenak guk hemen egiten ditugunen oso antzekoak dira: naturaren babesa, hezkuntza sustatzea ikastetxetan, irteerak egitea eta abar. Beraiek ere gurearen antzeko flyscha dute, eta ikusi genuen bazegoela zerbait elkarrekin egiteko aukera”, azaldu du Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. “Programa horren barruan proiektu txiki hau egiteko aukera izan dugu, euskal kostaldeko mapa geologiko osoa egitea, alegia; Miarritzetik Bilbora bitartekoa, hain zuzen ere”.
Euskal kostaldearen %75 inguru flysch motako haitzek osatzen dutela azaldu du Hilariok, baina, mapa barrualdean ere sartzen denez, beste fenomeno geologiko batzuk ere hartzen ditu: formazio bolkanikoak, uharrietako kareharriak… “Egin dugun maparen helburu nagusia kostaldeko geologia ulertzen laguntzea da”.
Irakurri albiste osoa Urola Kostako Hitzan: http://urolakosta.hitza.eus/2017/10/04/kostaldeko-geologia-ezagutzeko-mapa-sortu-du-geoparkeak/