Itsasoa protagonista izan da emakumezkoen Kontxako Estropadan

Karkara 2017ko ira. 10a, 11:55

Orioko eta San Juango ontziak gaur Kontxako Estropadan. (Egiguren Argazkiak)

Antolatzaileek arazoak izan dituzte emakumezkoen estropadako balizak jartzeko, eta erlojuaren aurkako estropada jokatuko dute Kontxako Estropadako bigarren jardunaldian. Orioko trainerua seigarren izan da gaurko estropadan.

Gaurko itsaso zakarrak eta haizeak gora-beherak sortu ditu lehorrean eta uretan. Estropada asteazkenera atzeratzeko aukera ere mahai gainean izan dute antolatzaileek, iragarpenek 2-3 metroko olatuak aurreikusten zituztelako. Dena dela, estropada jokatzea erabaki dute arraun elkarteetako ordezkariek eta antolatzaileek, baina aldaketak egin behar izan dituzte emakumezkoen lehian. Izan ere, emakumezkoen estropadako balizak jartzeko arazoak izan dituzte antolatzaileek, eta txanda batean erlojuaren aurkako estropada jokatzea erabaki dute. 11:15ean hasita, laugarren kaletik ontziek minutuero abiatu dute estropada, pasa den asteko sailkapenaren arabera, atzekoz aurrera. Hurrengoa izan da irteera ordena. Hernani, Donostiarra, Deusto, Mecos, Arraun Lagunak, Orio, San Juan eta Hibaika. Arraunketa eremua oso kaskarra eta arriskutsua izan dute emakumezkoen txalupek estropadan zehar, eta baliza inguruan arazoak izan dituzte ziaboga emateko.

Ibilbidean zehar San Juanek Orio harrapatu du, eta ziabogara biak batera iritsi dira; kirol legez oriotarrek ziaboga hartzen utzi diote pasaitarrei, eta bi ontziek arazo larriak izan dituzte elkar ez jotzeko. Gora-beheraz betetako estropada jokatu ondoren, sanjuandarrek irabazi dute Kontxako Bandera eta bigarren sailkatu da Hibaika. Orio seigarren izan da gaurko jardunaldian, eta bosgarren postuan sailkatu da Kontxako Estropadako sailkapen nagusian.  

DONOSTIAKO 10. BANDERAKO SAILKAPEN NAGUSIA 
1.- San Juan 24:07,98
2.- Hibaika 24:22,86
3.- Mecos 25:18,58
4.- Arraun Lagunak 25:19,68
5.- Orio 25:49,42
6.- Hernani 26:12,98
7.- Donostiarra 26:38,26
8.- Deustu 26:40,24

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide