Eta aurtengoa balekoa balitz?

Erabiltzailearen aurpegia Intza Unanue 2017ko ira. 5a, 15:08

Iraila gerturatzearekin batera, bada herritarroi barnean sortzen zaigun halako korapilo edo urduritasun puntu bat. Bi astez, tribu horia bilakatzen gara, denok barnean ditugun herri sentimendua eta harrotasuna puzten zazkigu –bai, are eta gehiago–.

Igandea, goizeko 8:15. Trenean bagoi barnean ez da horia ez den beste kolorerik izaten. Donostiako geltokian hanka jarri orduko ikustekoa da norbanako bakoitzari niki horiak ematen digun indarra eta arpegietan dugun ilusioa. Estropada hasi baino hiru bat ordu lehenago, gazte kuadrilak Aquarium parera iritsi, lekua hartu eta bertan prestatzen dugu gure txokoa. Lurrikarak, tsunamiak, meteoritoak… edozer etortzen dela ere leial itxaroten dugu gure lekuetan irrifarra galdu gabe. Orduari begira igarotzen dugu goiza, une handia iritsi zain.

Erloiua aurrera joan ahala urduritasuna handitzen doa, baita pasealekua betetzen ere. Kolore aniztasuna gehitxo handitzen da oriotarron lasaitasunerako... Zu, hala ere, harro zaude, zure lekua baino hobeagorik inork ez baitu aurkituko. Goiz esnatzeak badu bere saria!

Irratia konektatu, aurikularra belarrian sartu eta lehen tandari erreparatzen diozu, baina zeharka. Azken tanda iritsi da. Hemen dira gureak. Epaileak zutitu du bandera txuria. Eta zast! Konturatu zarenerako Udaibaiko bikote petral bat muturraren aurrean sartu zaitu. Ezin duzu ezer ikusi. Zureak egin du.

Intza Unanue

 

Teklatuaren aurrean jarri naizen une honetan ideiarik ere ez dut zer den iraileko bigarren igandean gertatuko dena.  Ai jakingo banu!

Aurrekoan, Zarauzko ikurriñan, negarra ez genuen urruti: larunbatean guztiz txoratuta eta igandean... Estropada telebistaz ikusi bagenuen ere, alironerako bertan ginen... Hori da hori poza! Herri osoa plazan zegoen, baita Eusko Gudari kaleko txinatar dendako familia ere.

Oriotarrak zertzeate ba exajeratuk! esaten digutenean saiatzen naiz adierazten arraunarekin dugun lotura-grina-maitasuna zenbaterainokoa den, baina badakit zaila dela ulertzen. Horretarako joan den igandeko plaza-udaletxeko irudi haren partaide izatea besterik ez da behar.

Idazki hau argitaratu eta gero pasako da dena. Herria gailurrean izango dugu ala datorren urtekoaren esperoan?

Emaitza edozein delarik ere, aurtengo denboraldian eskaini diguzuena eskertzea baino ez zait geratzen.

Gure aitaren begien distira ,  Oiartzunen jaiotako iloba txikiaren aupa Orioa eta bertan bizi garen familia osoaren ilusioa ez da ordaintzen munduko diru guztiarekin ere!

Oriotarra izateaz harro! Inoiz baino gehiago. Eta dena zuei esker!

Esango ez dugu bada beti aupa Orio!

Marisa Arruabarrena

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide