Mintzalagun, euskal sarea zabaldu nahian

Izaskun Urbieta 2017ko eka. 21a, 17:36

Korrika Kulturalaren barruan Mintzodromoa egin zuten Orioko plazan. (AEK Orio)

Kostako herrietan hemezortzi taldek parte hartu dute Mintzalagun programan; Orion hiru izan dira. Uztailerako Udako Mintzalaguna antolatu dute, eta talde batzuk osatuta dituzte.

Mintzalagun Programak agur esan dio 2016/2017 ikasturteari astearte arratsaldean Zumaian egindako festarekin. «Ikasturte hasierako festa Zarautzen egiten dugu beti, urria inguruan, eta amaierakoa, aldiz, txandatuz egiten dugu Orion eta Zumaian», azaldu du Eukene Caballero Urola Kostako AEK-ko irakaslea eta Mintzalagun programaren dinamizatzaileak.

Mintzalagun proiektua egonkortu dela nabarmendu dute Caballerok eta Urola Kostako Udal Elkarteko Euskara Saileko Xabier Urdangarinek. Hori adierazten dute aurtengo datuek ere. Guztira hemezortzi talde ibili dira Mintzalagunen, eta 70 pertsona baino gehiagok parte hartu dute. Herriz herri antolatu diren taldeei erreparatuz gero, Orion hiru izan dira, Zarautzen hamabi inguru, Zumaian beste hiru eta Getarian bikote bat. «Mantendu egin gara, baina iaz jende gehiago ibili zen egitasmoan, pixka bat jaitsiera izan dugu», aitortu du Caballerok. «2009an hasi ginen proiektu honekin, eta lehendabiziko urtean 40-45 pertsona ibili ziren hamar bat talde osatuz. Segidako urteetan ia bikoiztera iritsi ginen, eta azkeneko urteetan zifra antzekoetan gabiltza», azaldu du Urdangarinek.

Bidelagunak eta bidelariak

Mintzalagun Programaren ezinbesteko bi protagonistak dira bidelagunak eta bidelariak. Irakasle eta irakasle figurak ordezkatzen dituzten pertsonak direla esan daiteke, baina muga hori iheskorra da kasu askotan. Bidelagunak euskaldun zaharrak dira, eta horien betebeharra euskaldun berriei laguntzea, bertako hizkera erakustea eta abar dira. Bidelariak, berriz, euskaldun berriak dira. Euskaraz hitz egiteko aukera izateaz gain, jendea ezagutzeko eta euskaraz aritzeko harreman-sarea zabaltzen dute. «Bidelariek jakin behar dute bidelaguna ez dela irakaslea, berriketan aritzeko solaskidea baizik, eta balioko dion eredu bat erakutsiko diola», esan du Urdangarinek.

Bi aldeek irabazten dute elkarrizketa horietan, eta, batez ere, bidelagunen lana eskertu eta saritu nahi dute. «Kasu askotan, zailena, bidelagunak aurkitzea da. Zumaian, adibidez, faltan gabiltza. Aurten, osatu gabeko talde bat gelditu da, bidelagunik ez zegoelako», adierazi dute.

Udako kanpaina

Udarako Mintzalagun Programa berezi bat antolatu dute uztailean. Lauzpabost izen dituzte, eta horiekin taldetxo bat antolatuko dute Zarautzen. Caballero bera izango da ziurrenik bidelaguna. Lehenengo esperientzia izango du, eta gustura agertu da. «Beste paper horretan ere jartzeko gogoa dut», aitortu du. Urtean zehar ibili diren beste bi taldek ere jarraituko dute uztailean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide