Kirolak emakume izena du Orion

Karkara 2017ko mar. 23a, 18:27

'Emakumeak kirolean' mahai ingurua

'Emakumeak Kirolean’ mahai ingurua egin dute Orioko Salatxo aretoan. Orioko bost emakume kirolarik parte hartu dute Xaltxerak talde feministak antolatutako solasaldian

Asteazken iluntzean Orioko Salatxo aretoa jendez bete zen 'Emakumeak Kirolean' mahai ingurua jarraitzeko. Feministorioa ekimenaren barruan antolatu zuen saioa Orioko Xaltxerak talde feministak, eta herriko bost emakume kirolarik parte hartu zuten solasaldian: Itziar Olasagasti arraunlariak, Ainara Manterola futbol jokalariak, Oiana Blanco judokak, Sonia Ziani surflariak eta Elena Etxeberria sofbol jokalariak. Emakumeen kirolaz hausnarketa egin zuten hizlariek jendaurrean, beren esperientzia oinarri hartuta.
 
Xaltxerak taldeko Lukene Lizaso izan zen mahai inguruaren gidaria, eta azaldu zuen «mota desberdinetako emakume kirolariak» biltzen saiatu zirela antolatzaileak. Zerrenda egin genuenean, herrian emakume kirolari asko ditugula ohartu ginen. Tamalez, ezin ditugu denak mahai inguruan bildu, baina herriko emakume kirolarien ordezkaritza anitza elkartu dugu.
 
Kirola bizimodua da
Kirol batetik bestera desberdintasunak argiak diren arren, emakumeen kirolak hamarkada gutxitako ibilbidea duela nabarmendu zuten parte hartzaileek. Askotan ezkutuan geratzen denez, kirol munduko erreferente gutxi izan dituztela aitortu zuten. Horregatik, kasu gehienetan, norberaren burugogorkeria, ahalegina eta indarra izan dira kirolean aurrera egiteko giltzak: Emakumezkoen kirolean bidea ireki dugu. Jakin badakite neska gazte askorentzat erreferenteak direla gaur egun. Izan ere, Orion kirola eginda goi mailara iritsi daitekeela erakutsi dute. Dena dela, ez da beti bide samurra izan.
 
Kirola beren bizimoduaren ardatza izan dela azpimarratu zuten agerraldian. Gaztetan kirola eta ikasketak uztartu behar izan zituzten, eta heldutasunera iristean aukeratzeko unea iritsi zitzaien. Errendimenduko kirola egiten denean, kirolak gainontzeko guztia baldintzatzen du. Ahalegin eta diziplina handia eskatzen ditu, eta ezin dira gainontzekoek egiten dituzten jarduera asko egin. Dena dela, gehienek uste dute, kirolak kendu diena baino askoz gehiago eman diela.
 
Ama izateko garaian, aukeratu egin behar izaten dute emakume kirolari askok. Oiana Blanco judokak lehiaketa alde batera utzi zuen ama izateko; Elena Etxeberria sofbol jokalariak, aldiz, hainbat urtetan amatasuna eta kirola uztartu ditu. Etxeko partidak bakarrik jokatzen nituen, ez nuen bidaiatzen. Ama izanda sofbolean jokatzen jarraitu ahal izateko, familiaren laguntza ezinbestekoa izan da . Hala ere, jakin badakit, beste hainbat kirolek sofbolak baino denbora gehiago eskatzen dutela, eta, kasu horietan, zailagoa da amatasuna eta kirola uztartzea.
 
Desberdintasunak
Gizonezkoen eta emakumezkoen kirolak ahalegin eta denbora bera eskatzen baditu ere, gehienetan bueltan jasotzen den aitortza ez dela parekoa izaten sentitzen dute hainbat emakume kirolarik. Kirolean, gizonezkoen eta emakumezkoen artean, berdintasuna lortu daitekeen galdetu zien Lizasok parte hartzaileei, eta urrats txikiak egiten ari badira ere, oraindik aurretik bide luzea dagoela nabarmendu zuten. 
 
Solaskideen ustez, normalean gizartearen gehiengoak jarraitzen dituen kiroletan gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna sakonagoa izan ohi da. Futbolean, esaterako, aldea argia dela uste dute. Ainara Manterola futbol jokalariaren iritziz, gizonezkoen futbolaren atzean dagoen negozioa eta dirutza lotsagarriak dira. Espainiako gorengo ligako talde gutxi batzuetan emakumeak futboletik bizi daitezke, baina mutiletatik oso urrun daude oraindik. Kirol minoritarioetan desberdintasuna txikiagoa dela uste dute kirolariek. Egoera nahiko zaila izaten da gizon nahiz emakumeentzat.
 
Komunikabideak
Orioko emakume kirolarien iritziz, komunikabideek nesken kirolari oihartzuna ematea garrantzitsua da. Herri eta eskualde mailako hedabideek beren jardunaren jarraipen zuzena egiten dutela azaldu zuten, baina beste zenbait komunikabidek emakume kirolarien irudi okerra eman izan dutela. Ainara Manterolak esaterako, esperientzia txarra izan zuen Espainiako kirol egunkari batekin. Hala kontatu zuen futbol jokalariak: Elkarrizketa bat egin zidaten futbol jokalaria izateagatik, eta nik taldearen eta nire egoeraren inguruan hitz egin nion kazetariari. Izugarrizko amorrua izan nuen titularra ikusi nuenean: 'Miss bat futbol zelaian' izenburua jarri zioten artikuluari. Nik neuk eta futbol taldeak kexa sartu genuen kazetariak erreportajea landu zuen moduagatik.
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide