Udalbatzarrerako deialdia lehenbailehen egiteko eskatu dio oposizioak alkateari gutun bidez

Karkara 2017ko mar. 22a, 16:42

2016ko abenduaren 28an egin zuten azken udalbatzarra Orion

Idatzi hau Orain Herri Plataformak, Orioko PSE-k eta EH Bilduk izenpetzen dute.

Herri batek funtzionatu ahal izateko aurrekontuak behar ditu eta aurrekontuak ateratzeko erantzukizuna gobernuan dagoen taldearena da. Orion gehiengo absolutua duen talderik ez dagoenez behar beharrezkoa da adosteko gaitasuna eta nahia izatea.

Otsailaren 21ean egin da aurrekontuak eztabaidatzeko lehenengo batzordea. Bertan programa zehatza aurkeztuko zuela agindu zuen. Ikusita ez zela iristen, oposizioko taldeak adostutako plangintza bat jarri zen mahai gainean. Presazko inbertsioak daudenez, aurrekontuei hiru talde politikoek adostutako bi emendakin jarri dizkiote.

Osteguneko batzordean emendakinak ikustean, berak antolatutako batzorde batetara 35 minutu berandu iritsi zen alkatea, ordurako beste talde politikoetako ordezkariak eta udal langileak zain zituelarik. Bertaratu bezain laster bere haserrea erakutsi eta alde egin zuen etorritako bidetik, batzordea egiteko geunden zortzi pertsonak aho bete hortz utziaz.

Ondorioa batzordea ez egin izana eta aurrekontuak airean geratzea izan da. Hiru talde politikoen ustez, alkateak egoerak kudeatzen jakin behar du eta ez da egon bere karguak eskatzen dion mailan.

Gobernuan dagoen taldeari lehenbailehen udalbatzarra konbokatu dezan eskatzen diogu, aurrekontuekin daukagun blokeoari aurre egin ahal izateko, Udalak eta herriak aurrekontuak –berriak edo prorrogatuak– behar dituelako funtzionatu ahal izateko.

Beraz, jakinda premiak larriak direla eta aurrekontuak ez izateak arazoak dakartzala, Udalbatzarrerako deialdia lehenbailehen egin dezala eskatzen diogu.

Orain Herri Plataforma, Orioko PSE eta Orioko EH Bildu

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide