Jende ugari bildu zen atzoko hondartza garbiketan

Karkara 2017ko mar. 20a, 12:35

Hondartzan eta arroketan pilatutako hondakinak biltzeaz gain, hondarpean egunak zeramatzan txalupa bat ere atera zuten ur-izkinatik.

Herritar kopuru polita gerturatu zen atzo hondartzara, Orioko Surf Taldeak Herriorekin batera urtero antolatzen duen ekimenera; tartean, haur eta guraso dezente.

Eskularru urdinak jantzita, botilak, freskagarri latak, jostailu zaharrak, plastiko zatiak, higiene pertsonalerako produktuak eta beste hainbat hondakin bildu zituzten zabor zorroetan; txalupa bat ere eraman zuten, bultzaka, ur-izkinatik surf elkarteak duen lokal pareraino. Bertan lagatzeko asmoa omen dute, udako turisten aurrean loreontzi gisa luzitu dadin.

Antolatzaileen esanetan, hondartza garbiketa ekimen berezia izan ohi da eurentzat, jendearengan ingurugiroarekiko sentsibilizazioa pizten laguntzeaz gain, jan-edan pixkarekin, goiz pasa ederra egiteko aprobetxatzen baitute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide