Orioko Surf Taldeak eta Herriok antolatuta, hondartza garbiketa egingo da igandean

Karkara 2017ko mar. 15a, 13:15

Antolatzaileen esanetan, garrantzitsua da egun horretan egiten den garbiketa lana, baina "are inportanteagoa da ekimenaren bitartez lortzen den sentsibilizazioa."

Urtero bezala, Orioko Antilla hondartza garbitzeko ekimena antolatu dute Orioko Surf Taldeak eta Herrio Natur Taldeak iganderako. 10.30ak aldera hasiko dira, eskularruak jantzi eta zabor poltsak hartuta, hondarretan eta arroka inguruetan pilatutako zaborra biltzen.

Lanak amaitutakoan, hamaiketakoa eskainiko zaie bertaratutako guztiei Orioko Surf Taldeak hondartzan duen lokal parean. Antolatzaileek garbiketan parte hartzera gonbitatu nahi dituzte herritarrak, baina batez ere, haur eta gurasoei egin nahi diete deia, ingurugiroarekiko sentsibilizazioa hezkuntza prozesuan txikitatik txertatzeko.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide