Zer egin duzue sentsibilizazio saioan?
Herriko LH 6. mailako ikasleek parte hartu dute. Gaztetxoak urritasun egoera bizi duten lagunen tokian jarri dira, horiek zer sentitzen duten ezagutzeko. Horretarako, hainbat jolas egin dituzte: saskibaloia gurpildun aulkian, itsuentzat jolasak, zirkuitu sentsorialak eta jolas kooperatiboak, besteak beste.
Uste duzue saioa baliagarria izan dela gaztetxoak sentsibilizatzeko?
Baietz uste dugu, beste hainbat herritan egin izan da sentsibilizazio saioa eta oso emaitza onak eman izan ditu. Urritasunen bat duen lagun baten tokian jartzeak enpatia sortzeko balio duela uste dut. Nik neuk gurpildun aulkian saskibaloian jolastea probatu nuen, eta benetan zaila iruditu zitzaidan. Beste batean, itsu baten gida izan nintzen piraguan, eta begiak estalita piraguan ibiltzea zer zen ere probatu nuen. Oso zaila egin zitzaidan, galduta sentitu nintzen eta oreka mantentzea ere kostatu egin zitzaidan. Beren egoeran jarrita ohartzen zara urritasunen bat bizi duenak beste gaitasun batzuk garatuagoak izaten dituela.
Orion sentsibilizazio saioa sortzeko ideia nola sortu zen?
Kasualitatez Berdin-Berdinak elkarteko kide Alicia Figueroa La Caixara joan zen izapide pertsonal bat egitera, eta bulegoko informazio pantailetan ikusi zuen La Caixako langileek boluntario jardunaldiak egiten zituztela. Ohartu zen Berdin-Berdinak elkartearen proiektuak bertan eskatzen ziren baldintzak betetzen zituela. Figueroak deitu zidan, boluntario sareko koordinatzailearekin hitz egin genuen, eta Orion egin genezakeen sentsibilizazio saioa antolatu genuen. Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak sentsibilizazio plana egina dauka, eta horretan oinarrituta antolatu ditugu jarduera desberdinak.
Udaleko ordezkariek ere parte hartu dute ekimenean, Orioko Udaletik zein harrera izan du sentsibilizazio kanpainak?
Orioko Udalak Berdin-Berdinak elkartearekin harrera oso ona izan du beti, eta oso eskertuta gaude ematen diguten babesagatik. Orain, Berdinduz proiektuarekin buru-belarri lanean gabiltza, eta boluntario sarea osatu nahi dugu herrian. Astean bi ordu eskaintzeko prest daudenek ateak zabalik dituzte Berdin-Berdinak elkartean. Izena ematen duten boluntarioei formazioa eskainiko diegu.
Boluntarioek baldintza zehatz batzuk bete behar al dituzte?
Egia esan, egokiena haur edo gaztetxo batek kirol jakin bat egin nahiko balu, boluntarioa kirol hori ezagutzen duen norbait izatea da. Hala ere, badakigu beti ez dela posible izango, beraz boluntario guztiek ateak zabalik izango dituzte.
Zenbat haur dituzue boluntario baten zain?
Sei-zazpi haur. Batzuk Eskola Kirola egiten dute, beste batzuk Sormena eta Mugimendua tailerra, arraunerako ere boluntario bat bilatzen ari gara, eta laster futbolerako ere beharko dugu.
Elkartea gero eta ezagunagoa den heinean, kasu gehiago etortzen al zaizkizue?
Azken kasua nire ahizparen bitartez ezagutu nuen. Nire ahizpak Berdin-Berdinak elkartearen inguruan hitz egin zion guraso horri, eta modu horretan jarri ginen harekin harremanetan. Badirudi oraindik ez dela herritar guztiengana iritsi elkarteak egiten duen lana. Herriko ikastetxeetan kanpaina egin genuen, baina eskolatuta ez dauden gazteengana iritsi behar dugu oraindik.