Patxi Uranga: "Emaztea urruti eta alaba jaiotzeko izatea oso gogorra da, urduri egon da Patxi"

Karkara 2017ko ots. 13a, 15:19

Ostiral arratsaldeko agerraldia

Semearekin hitz egiteko aukerarik izan al duzu?
Bai, asteazken eguerdian deitu zidan, Valentziako Picassent espetxera iritsi zela esateko. Pozik eta lasai sentitu nuen, eta ni ere poztu egin nintzen semea horrela antzemanda. Gero, aipatu zidan berriz ere Alacantera bueltatuko dutela esan diela, baina garrantzia kendu nahi izan zion, epaileak elkarrekin egon behar dutela esana baitu. Agian, ni lasaitze aldera esango zidan.

Laster joango al zara bisitan?
Ostiralean joango naiz. Familia bisitatuko dut, eta Olatzen ama Marikarmeni ere bisita egingo diot, Valentzian ospitaleratuta baitago. Ostegunean aterako naiz haruntz.

Beraz, egoera zaila bizi duzue orain?
Urtarrilaren 19tik ospitalean dago Marikarmen, eta egoera gogorra da.

Askotan joaten al zara semeari bisitan?
Ni hilean behin joaten naiz bisitan. Hala ere, bisitan joan nahi dugunon artean antolatu egiten gara, eta nik gainerakoei lehentasuna ematen diet. Izan ere, esfortzu handia egin behar izaten dute haraino joateko; lana eta familia dituzte, eta Valentziara joatea ordu asko da.

Bisitan joan izan zarenean zer moduz ikusi duzu semea animoz?
Gure aurrean ondo egoten da, indartsu. Hala ere, azken egun hauek oso zailak izan dira. Emaztea urruti zuen eta alaba jaiotzeko, gainera aitona ere hil zitzaion. Sentimendu guzti horiek kudeatzea zaila da. Bakardadeak urduritasun hori areagotu egiten du.

 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide