Gaur goizean aurkeztu dute Oriaren 23. Traineru Jaitsiera Orio AEko presidente Ibon Huegunek eta Orioko Alkate Joxe Angel Zalduak. Datoren larunbatean, otsailaren 11n, jokatuko da estropada eta bi bandera izango dira jokoan: Emakumeen III. Babyauto bandera eta Gizonezkoen VI. Babyauto bandera.
78 ontzi izango dira, guztira, parte hartuko dutenak. Mediterraneoko 4 llagut izango dira arraunean Oria ibaian. Horiez gain, jubenilen sei traineru mixtok, beteranoen hamalau traineruk, emakumezkoen 17 traineruk eta gizonezkoen 37k jokatuko dute estropada. 16:00etan irtengo da lehen ontzia eta 17:11n azkena, hau da, Orio AEko gizonezkoen lehen trainerua.
Llagutek, jubenilek, beteranoek eta emakumezkoek 4.000 metroko ibilbidea egingo dute, Saikolatik irten eta zubiraino. Gizonezko absolutuak, berriz, Mapiletik irtengo dira, eta 6.000 metroko ibilbidea egingo dute.
Huegunek Orioko Udalari, Babyautori eta Zarauzko Arraun Elkarteari –handik irtengo dira ontzi batzuk– beren laguntza eskertu die; baina, batez ere, eskerrak eman nahi dizkiet hau antolatzen diharduten 80 boluntarioei.
Zalduak, kirol probaren garrantziaz gain, herriarentzako izango duen onura azpimarratu du: 1.000 arraunlari baino gehiago eta bere ingurukoak Oriora etorriko dira eta horrek hotelak, tabernak eta jatetxeak betetzea dakar. Herriari bizia ematen dio.