Hotzetik doa negua aurten. Izotz egun dezente izan ditugu urtarrilean. Itsasoko uraren tenperatura ere azken urte luzeetako hotzena da. Zeroz azpiko tenperaturek herriko bi iturrietako hodiak –Anibarko Portuan eta Antillako parkean– lehertu egin zituzten eta etengabeko ur-jarioaren ondorioz, litroka ur galdu zen.
Eguraldi iragarpena ikusita, iturri guztiak lehor mantentzea erabaki du Udalak, izotzak ez ditzan hodi gehiago lehertu. Tenperaturak gora egin ahala irekiko diote berriz ere bidea urari.