Egunak argitu du eta jaikitzeko garaia da. Leihotik begiratzean eguraldi ona dagoela ikusten da, agian zertxobait hotz, baina euririk ez. Heldu da eguna azkenean eta urtero moduan, beharrezko zerekin prestatzen hasten zara. Gosari arin baten ostean, harantz hartzen duzu norabidea, inolako presarik gabe. Bidean haize freskoa sentitzen duzu aurpegian, Gabonetako argi eta apaingarriei erreparatuz. Hurbiltzen zaren heinean, zure modukoak topatzen dituzu leku berera doazela. Musika entzuten da eta jende kopurua handituz doa denbora pasa ahala. Ordua denean, arropaz aldatu eta abiapuntura zoaz guztien modura. Korrika egiteko asmoarekin zatoz, giharrak berotu dituzu eta hasteko seinalearen zain isiltasuna nagusitu da. Ez zaude urduri, korrika egiteko etorri zara, ondo pasatzera. Zer dela eta egon zintezke bada urduri?
Gehienok imajinatuko zenuten bezala, aurreko kontakizunean San Silvestreko lasterketaz ari nintzen, duela hilabete inguru ospatu zena urtero legez, 2016ko abenduaren 31n, eguerdi partean. Nik neuk bertan parte hartu izan dut behin baino gehiagotan, eta hala egin nuen oraingoan ere. Nire bikotekideak ere badu korrikarako ohitura, berak Donostian egiten duen arren, eta gure herriko lasterketa ikusi ostean, bere jaioterrikoarekin konparaketarik ez egitea ezinezkoa iruditu zitzaion. Eta zein desberdintasun topatu zituela uste duzue? Aurrerago zehaztasun gehiagoz aipatuko ditudan arren, dena gauza batera mugatzen dira, giroa.
Donostian, 8 kilometro inguruko ibilbidean zehar, milaka parte-hartzaile dituzte urtero. Jende mordoa biltzen da bertan, bai ikusten, bai animoak ematen eta baita korrika ere. Izena eman ostean kamiseta bana jaso eta lasterka doaz. Korrikalariak, edonon bezala, denetarikoak dira. Badira sekulako denbora egiten dutenak, eta hain ona egiten ez dutenak ere. Batzuk sekulako entrenamenduak egiten dituzte asteetan zehar beren markak hausteko edota lehen postuetan heltzeko; beste batzuk, aldiz, bai ongi pasatzeko bai beharrezko ez dutelako, inolako prestakuntzarik gabe, kirol oinetako zahar batzuk jantzi eta lasterka aritzen dira. Badira bakarrik doazenak, bikote ala senitartekoekin korrika egiten dutenak, eta baita koadrila, kirol talde edo dena delakoan batera dabiltzanak ere. Mozorrotzen direnak ere ikus ditzakegu. Desberdintasunak badira denen artean, baina azalekoak.
Gure herrian ere korrikan jende mota asko ikus daiteke egun horretan, baina bat nagusitzen da, San Silvestrea lehia moduan ikusten dutenak. Donostian, agian hiria izateak ematen duen anonimotasunagatik, inori ez dio axola nola, zergatik edota ze denboratan egiten duzun korrika. Orion berriz…
Beste ezer baino lehen, San Silvestrea niretzako zer den azaltzen hasiko naiz, denak nirekin ados egongo ez diren arren. San Silvestrea, beste asko bezala, lasterketa bat da. Bai jauna, lasterketa bat. Ez da lehiaketa ezta txapelketa ere. Bere xede nagusia edo helburua lasterka egitea da, eta ez beste ezer. Ez dute saririk ematen bizkorrago egiteagatik. Gainera, inon ez dituzte denborak erregistratzen –Orion ez behintzat–, inor ez da oroitzen zein izan den denbora onena, eta azkarren egiten dutenen izenak gogoan izan ditzakegun arren, ez dira inolako heroiak, ezta elitea ere. Loria hilezkor bila dabilen inor badago, lekuz erratu da, horretarako Olinpiar Jokoak daude. Noski, bere ahalegin betez aritzen direnak badira, eta hori txalotzekoa da. Baina hor eztabaida eta gogoeta asko egin ditzakegu. Zer da txalogarriagoa kasu honetan, denbora nahikoa ona egin duen baina bereziki ahalegindu ez den pertsona kirolaria, ala hain debora ona egin ez duen baina amaitzearren sekulako ahaleginak egin dituena?
Noski, egoera horretan, denok esango genuke bigarrenaren ahalegina, lehenarena baino handiagoa dela, txalogarriagoa. Orduan, zergatik sortu beharko ligukete mirespen handiagoa lehenengo 50 postuetan iristen direnek? Orduan, saiatzea, parte hartzea, ahalegina bada garrantzizkoena, zer dela eta ez du jende gehiagok korrika egiten egun honetan? Ez gaizki ulertu, kirolean onak direnek ez dute inolako txarrik egin, ez dut ezer haien aurka. Baina badirudi haien artean ez bazaude, hau da, kirolean ona ez bazara edota denbora tarte zehatz batzuen artean kokatzen ez bazara, hutsaren hurrengoa zarela. Minutu kopuru zehatz bat baina gehiago behar baduzu 5 kilometro horiek egiteko, jai duzu, zertarako saiatu sikiera. Nola irtengo zara ba korrika, barregarri geratu besterik ez duzu eta egingo.
Hau irakurtzen duten askok halako pentsaerarik ez dela existitzen uste dute, ideia soila errefusatu egiten dute, ukatu, gaitzesgarria iruditzen zaie, zikin sentitzen dira hala pentsatuta; baina ez al da ba egia biribila? Zer da ba korrika egingo luketen baina ausartzen ez direnen subkontzienteko lotsa, beldur edota kulpa sentimendua besterik? Askok badakite hori egia dela, eta ez dira korrikan ateratzen. Besteek zer pentsatuko duten gehiago kezkatzen die ondo pasatzeko aukera aprobetxatu baino.
Ez dakit zehazki zenbat jendek parte hartzen duen lasterketa honetan Orion, ezta kopurua urtero gehitzen ala txikitzen den, ideiarik ere ez. Badakit, ordea, asko korrika ateratzeko gogoz geratzen direla ikuslegoaren lekuan. Bi itzuli horietan zehar jende gehiagok nahi eta ahalko luke korrika egin. 5 kilometro horiek egiteko ordu erdi baino gehiago behar duten jende mordoa dago, baina egiteko gai dira, hala ere. Lasterketan parte hartzeko beharrezko zaiena, badute, hura burutzeko gaitasuna. Inolako legedi edo arautegian ez da zehazten lasterketa burutzeko beharrezkoa den denbora. Zer axola du helmugan den jendeak 5, 10 ala 15 minutu gehiago itxaron behar baditu amaitu arte? Bukatzea, zure ahalegina egitea, bada garrantzitsuena.
Argi dago beraz, lasterketa honen bereizgarri beharko luketen bi elementu oinarrizkoak, bata borondatea –korrikan ateratzeko nagikeria kentzeko, buruko trabak baztertzeko, konbentzio sozialak gainditzeko eta ahalegin fisikoa egiteko– eta bestea ondo pasatzea –asmoa izatea gutxienik– direla. Bi horiek sobera bete ohi dituen jendea bada, eta denez hitz egitea gustatuko litzaidakeen arren, kasu zehatz batean zentratuko naiz oraingoan, gertutik bizi izan bainuen. Lasterketa ikusi ez zutenek jakiteko aukera izango dute, eta gogoan ez dutenek oroimena freskatuko dute.
Lehengoan, parte hartzaileen artean, lau korrikalariz osatutako mutil gazte taldea zegoen, bertan egon zitezkeen beste talde askoren moduan. Denak zeuden berdin jantzita, kamiseta gorri batekin, batera zirela eta lasterketa batera egingo zutela erakusteko. Bereizgarri nagusia ziurrenik, gehienen kirol zaletasun falta zen. Garai batean arituak izango ziren, baina orain argi zegoen ez zutela korrika askorik egin denbora luzean. Hala ere, beste guztien antzera, irteera gunean kokatu eta ibilbidea burutu zuten. Lorturiko marka: 41 minutu.
Denbora hau ikustean, askok badakite jada nortaz ari garen, eta ez dakitenek, gutxienez harridura zantzuren bat erakusten ari dira. 41 minutu? Kalkuluak ateraz, edonor kontura daiteke ez dela marka arrunta, korrikalari onenek 20 minutu inguru behar izaten baitituzte, eta gehiengoak 30etik behera. Hala ere, lau horiek, behar beste denboran, amaitu zuten.
Lasterka hasi ahala, atzean gelditzen hasi ziren. Korrikalarien gehiengoak, irteera azkarra egiten dute, eta besteek, inertziak hartuta, jarraitu egiten dituzte eta pott eginda amaitu. Askok parte hartuko lukete gustura, baina irteera soila ikusteak gogo guztiak joan egiten zaizkie. Dena den, lauko talde honek batera hasi eta batera amaitzeko erabakia harturik, aurrera jarraitu zuen talde nagusia gero eta urrunago aurrera zihoala ikusirik. Hala jarraitu zuten, harik eta lehen itzulia amaitu arte, non ikusleek, animoak emanez zein harriduraz begiratzen zituzten. Askok, erritmo hura ikustean akaso amore emango zutelakoan ziren, amaituko ez zutelakoan. Bigarren itzulian, jada aurretik zituztenak autopistako zubian zituztela, neska batekin topatu ziren. Gajoa, beste talde batekin hasi zen, baina leher eginda, gelditu berria zen futbol zelaiaren parean. Amaitzeko asmorik ez zuen, bere gaitasunen gainetik ikusten zuen hura. Baina talde hark, berekin jarrai zezan erregutu zion, lasterketa ondo pasatzeko besterik ez zela esanez, eta behintzat berekin amai zezala eskatuz. Berak ere aipatu zuen, irteera bortitz harekin, ezin amaitu ahal izateak beldurtu zuela. Korrikalari ona ez zela zihoen arren, Zarauzko bikoteen krosean jarduna zen duela gutxi, eta hango giro herrikoia eta parte hartze handiagoa gustuko izan zuen, Orion bestelakoa zen, ostera.
Nolanahi ere, haiekin batzeko erabakia harturik, pixkanaka gelditu gabe, zubia zeharkatu eta hondartzarantz joan ziren bostak. Ez zen denbora asko igaro, sei izatera pasatu ziren arte. Izan ere, udaltzain prestu bat, bere auto eta guzti, erratz papera betetzen baitzebilen. Beren martxa geldoan jarrita, bozgorailu batekin, animoak ematen jardun zen ibilbidea amaitu arte, korrikalariek eskertu zutena pozarren. Hondartzako pasealekua zeharkatu zuten eta herriranzko azken zuzenean sartu ziren. Jada ez zuten inor ikusten urrunean, besteak helmugara iritsiak ziren. Haiek baino ez ziren falta, eta Arkaitz parean jenderik oraindik geratzen bazen ere, asko ziren hura amaitutzat jotzen zutenak. Minutu batzuk pasa ziren, eta denen harridurarako, beste bost iritsi ziren azkenean: bidean topatutako neska, eta beste lauak gorriz jantzita gazte festetako kamiseta gorriarekin garagardo bana eskuan hartuta –haietako baten senitarteko baten kortesiaz–. Kamiseta horiek ikusteaz batera, gaztetxeko taldearekin lotura ikusiko zuen batek baina gehiagok. Beste behin, gaztetxeko taldea herriko ardi belztzat hartuta.
Iritzi asko egon ziren momentu hartan, positiboak nagusitu ziren arren. Ikusleen gehiengoak, txalo zaparradaz hartu zituen azken bost haiek beren pozerako. Beste batzuk, aldiz (gutxiengo batek), lotsa pasako balute bezala jokatu zuten. Nola gerta zitekeen halakorik? Hura kirola da, kirola gauza serioa da, eta honenbestez ez dago halakoentzako lekurik. Halako denbora, halako jarrera, San Silvestreko lasterketaren izen ona zikinduko balute bezala. Halako jendeak lotsa ematen dit, pentsaera horiengatik ez baita handiagoa korrika dabiltzanen kopurua. Korrikalariak denetarikoak izan beharko lukete, beste lekuetan bezala, jarrera herrikoiagoarekin.
Amaitzean, nire bikotekideak bere ondotik pasatako aita-alaba batzuei entzuna kontatu zidan. Neska korrikan jardun zen gazte bat zen, eta aita ikusle zegoen. Neska erabat nekaturik, aitak “Jesus, zerbait hartzen gelditu al zara?” entzutea tokatu zitzaion, bere haserre eta ingurukoen harridurarako. Korrika egin zezala berak, pentsatu nuen nire artean. Ez dakit zer nolako denbora egingo zuen neska hark, baina parte hartzean, beti da hobe hasi eta amaitzea denborak gora-behera, azkarregi hasi eta ezin bukatu izana baino. Ezagutzen ditut parte hartu izan dutenak amaitu gabe. Neska hark bere ahalegina egin zuen behintzat. George S. Patton-ek hobeto esango lukeen bezala: Inork bere ahalegin guztia egin badu, bere onena eman, zer gehiago eska dakioke?
Nire iritziz, inork baino hobeto erakutsi zuten azken bost korrikalari horiek kiroltasuna eta gizalegea zer den. Ongi pasatzeko parte hartu zuten eta ibilbidea amaitu, beren ahaleginak egiten. Baina, batek erakutsitako ahalegina eta gainditze jarrera, besteenaren gainetik erakutsi zen. Haren izenik esango ez dudan arren, askok badakite nor den. Erabat leher eginda heldu zen aurpegiera grisarekin, baina gustura amaitu zuen egitera etorri zena, eta ikusleen gehiengoaren oniritziarekin ez ezik, sari gisa garagardo hura jaso zuen, pozaren pozez. Sariez hitz egiten ari garela, erabat deitoragarri iruditu zitzaidan antolatzaileen aldetik, parte hartzaileen arteko urteroko zozketa egin izana, parte hartzaile guztiek amaitu aurretik. Azkenak iritsitako bost haiek, saririk jasotzeko beste merezimendu izango ez balute edo lasterketan jardun izan ez balira bezala. Korrikalari denak helmuga pasa arte amaitzen ez bada lasterketa, eta zozketa, honen amaieran egiten bada, zer axola zien hasi eta ordu erdira baino, hasi aurretik egiteak?
Bi izan dira artikulu hau idaztearen nire helburuak, bata lasterketa honekiko dagoen pentsatzeko modua eta jarrera azalaraztea, eta bestea parte hartzaileen kopurua eta aniztasuna handitzea, bertan korrika egitea sustatuz. Bertan, edonork egin dezake korrika, ongi pasatzeko ideiarekin joanez gero. Izan ere, lasterketa honen funtsa parte hartzea da, herrikoia da bere izaera. Bestela, zer dela eta jarriko zuten ba jaiegun batean, bost kilometro soileko lasterketa? Lehia eta norgehiagokak badira urte osoan zehar, baina denentzako izan daitezen pentsaturiko lasterketak urriak dira.
Horregatik, urtero korrika egin nahian geratzen direnak San Silvestrean aritzera bultzatu nahiko nituzke. Zein modu hobea osasuntsu mantentzeko ala Gabonetako gehiegikeriak orekatzeko ariketa pixka bat egitea baino. Korrika, eta kirola orokorrean, oso gustuko izango ez dutenak ere egongo direla ere badakit –ni haien artean–, eta beren jarrera errespetatzen dut, ez da nire asmoa inor behartzea. Hala ere, kezka nagusia Urte Zahar gaueko parrandarako nekatuegia egoteko arriskua bada –dena den, Gabonak ez dira horretara mugatzen eta lasterketa hau ere ondo pasatzeko ez al da ba?–, pentsa oraindik garaiz zabiltzatela. Urteberriko asmo on baten moduan har dezakezue –bai, aurtengoan erretzeari lagako diot eta kirola egiten hasiko naiz–, oraindik 11 hilabete dituzue prestatzeko.
Azkenik, nire pentsaerek edo iritziek ez dutela inor iraindu espero dut, autokritika apur bat bultzatu izana baizik. Beteko al nuen hau idazterako nire buruari proposatutako asmoak? Ez naiz idatzitako honek jendearen parte hartze masiboa bultzatuko duela usteko bezain inozoa, baina agian hurrengo urtean korrika ikusiko zaituztet bat baino gehiago, edo akaso lasterketa ikustean beste begirada batekin egingo duzue. Honezkero nork idatzi zuen hau jakingo duzue. Nire esker onak lasterketa amaitzean animoak eman eta txalotu gintuzten guztioi, ordainezina izan zen.
Gustuko izango zenutelakoan