“Gizaki lurtar guztiek bi aldiz jateko adina janari sortzen dugu, baina animaliak gizentzera bideratzen dugu”

Jon Agirresarobe 2016ko abenduaren 29a

Herri baten bizimodua errezeta liburutan jasotzen da. Lagunarteko otorduak, etxeko jan ohiturak, baratza, ibaia eta itsasoa, jatetxeetako sukaldeak... ikasteko lekuak dira denak. Mahaiaren bueltan gauza asko egin daitezke. Interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Goazen Orioko errezeta liburua idaztera.

Errezeta

Txikiak dira esaldiak printzipio handientzat. Asko ikasi dugu Iñigorekin. Ikerketak dira bere iturri, irakurtzetik abiatu du eguneroko borroka eta datuekin argudiatzen du. Iñigorentzat beganismoa ez da dieta bat, ez da bizitza estiloa, borroka da. Garbi du: Nik ez dut larrurik jantziko, ez naiz Aquarium batera sartuko. Nahi dut zuek ere dieta aldatzea, baina badakit bakoitzak bere denbora behar duela.

2015. urtea hastearekin erabaki zenuen begano egitea.

Elikadura osasuntsurako pautak ikertzen interesatu nintzen beganismoan. Hasieran, ez zitzaidan begano izatea burutik pasa; konturatzerako kontzientziatu egin nintzen.

Arrazoi asko dauzkazu. Lehen arrazoiak etikoak: animaliei eragiten diegun sufrimenduaren aurka zaude.

Animaliek sufritu eta plazerra sentitzen dute, guk bezelaxe. Beharrik gabe gizakiok sufrimendua eragiten diegu, posible delako animaliarik jan gabe bizitzea. Demostratu da dieta begano orekatu batekin ez zaizula ezer faltako, dieta erakunde nagusiek hori diote. Ikuskera hau lotuta dago beste borrokekin: genero berditasunarekin, herri zapalduen eskubideekin, hizkuntzaren biziberritzearekin…Nire botere lekutik, ahal dela, ez dut sufrimendurik eragin nahi, solidaritate eta berdintasun printzipioak aplikatuz.

Beraz, egungo animalien explotazioa ez da beharrezko?

Ez hori bakarrik, gure aurka etorriko da, ez baita jasangarria. Ehun kaloria lortzeko energia gehiago behar da animalitan potajetan baino: hemezortzi aldiz zelai gehiago, hamahiru aldiz ur gehiago, hamabi aldiz ongarri gehiago, hamaika aldiz erregai fosil gehiago, hamar aldiz pestizida gehiago, besteak beste. Animali industria energia xahuketa handia da. Esaterako, haragi razio bat sortzeko behar den urarekin bi hilabetez dutxatuko naiz. Dutxan ur gutxi gastatzea beharrezkoa da, baina sakoneko erabakiak hartu behar dira.

Datuak ematen hasita, behien puzkarrena handia da gero.

Animalia industriak sortzen duen kutsadurak pisu handia du nire erabakian. Behien puzkarren metanoa CO2a baino laurogeita hamar aldiz suntsitzaileagoa da ozonoarentzat. Azken ikerketen arabera airera botatzen diren gas kutsagarrien %51 animalia industriatik dator. Egin kontu: munduko auto, hegazkin eta itsasontziek %13 kutsatzen dute. Pertsona bakoitzak bost tona kaka sortzen ditu zeharka, animalien ipurditik irteten direnak. Ongarritarako erabiltzen da kaka, baina ura kutsatzen du: iturri natural asko ez dira edangarri eta ozeanoetako gune hilak ugaritzen ari dira.

Jatearen arazoa konponduta mundua konponduko dugu.

Europa mendebaldean eta Amerikan haragi asko jaten dugu. Asiako zenbait herritan begetarianoak dira kulturalki, oso haragi gutxi jaten dute. Txinan hemen bezainbeste haragi jango balute munduan ez litzateke denontzat adina lur eta ur egongo. Zibilizazioa ez al da elkarrekin leku berean bizitzeko erabakiak adostea? Einsteinek, Teslak, Leonardo da Vincik aspaldi planteatu zuten arazo hau. Baina tradizioa aldatzea asko kostatzen da.

Zein da zure dieta?

Igandetan sukaldatzen dut, prozeduretan ere jartzen baitut begia. Gutxi-gorabahera hauxe da nire egunerokoa: etxean egindako humusa ogi gainean eta hiru bat fruta ale gosaltzen ditut, garaian garaikoa. Goiz erdian ezer jan gabe ondo irauten dut. Bazkaritan beti potajea eta arroz integrala, biak berdurekin. Postrean olo-aia. Afaritan berdura salda eta ensalada, germinatuak sartuta. Berdura egosiarekin amaitzen dut.

Ez al zaizu iruditzen haragi gutxiago jaten dela?

Datuek kontrakoa diote, kontsumoa handitzen ari dela. Animalitik bizi diren baserritarrei eta arrantzaleei beste negozio etiko batzuetara trantsizio-laguntza politiko bat idatzi eta aplikatu beharra dago.Langile klase diren aldetik babes osoa eta urgentea behar baitute.

Euskal herrian haragizaleak gara, festari lotuta batik bat.

Badirudi haragirik gabe ez dagoela festarik. Musikariok ondo dakigu hori. Gozategi taldearekin edo txarangetan astean behin jaten dut kanpoan. Hamaika ensalada kaxkar jandakoa naiz. Barazkiak lasai gehitzeko esaten diet. Niretzat, haragia jatea krimen bat da. Iritsiko da eguna denok krimen gisa ikusiko duguna. Munduari kalte egiten ari gara eta geure buruari ere bai. Gizaki lurtar guztiei bi aldiz jaten emateko adina janari sortzen dugu baina gehiena animaliak gizentzera bideratzen dugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide