Baldintzapean onartutako igoerak
Lehenik eta behin zaborren eta hiri hondakin solidoen etxez etxeko bilketa zerbitzua emateko tasa arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketa onartu zen. Igoera hauek proposatu zituzten: etxebizitzetan %20, bankuetxeetan %25 eta beste atal guztietan %15.
Proposamena, beraz, honakoa litzateke: etxebizitzen urteko tarifa 2017an 149,16 euro; komertzioak –zapata dendak, jostailu dendak...– 321,29 euro; elikagaien arloko komertzioak 468,14 euro; sei langile baino gehiagoko supermerkatuak 1.418,36 euro; tabernak, kafeteriak eta antzerakoak 457,56 euro; tabernak jangelarekin 488,91 euro; jatetxeak, erretegiak eta abar 702,08 euro; hamar langile edo gutxiagoko industriak 303,45 euro eta hamar langile baino gehiagokoak 716,98 euro; merkataritzako lokalak, gestoriak, aholkulariak eta atnzerakoak 190,77 euro; finantza entitateak 662,85 euro; izar bateko edo biko pentsioak, landaetxeak, ostatuak 571,72 euro; hiru izar edo gehiagoko hotelak 1.397,65 euro; eta, azkenik, 60 metro karratu edo gutxiagoko elkarte gastronomikoak, 60 eta 120 metro karratu bitartekoak 468,14 euro, eta 120 metro baino gehiagokoak 488,91 euro.
Miriam Urangak aipatu zuen hori onartzeko baldintza batzuk zehaztu zituztela, besteak beste, bilera batzuk egitea herritarrei igoera hori azaltzeko. Zabor maila urtarrilaren hirugarren astean biltzea eta Orioko mahai teknikotik jarraipen zehatza egitea herriko hainbat taldeei. Baldintza horiek aintzat hartuta onartu zen ordenantza fiskalen aldaketa, 8 aldeko botorekin eta 4 abstentziorekin.
EH Bildu abstenitu zen. Zergatia azaldu zuen Gotzon Igoak: legealdi hasieratik behin eta berriz eskatu dugu –EH Bilduk, PSE-EEk eta Orainek– hondakinen mahaia biltzea. Aurten ere ordenantza fiskalak hondakinen mahaia bildu gabe onartuko dira eta gehiegizkoa iruditzen zaigu birziklatzen duen jendeak eta birziklatzen ez duenak zerga berdinak ordaintzea. Horregatik bozkatu zuten abstentzioa EH Bilduko zinegotziek.
Merkeagoa izango da Interpretazio zentroko sarrera
Kostaldeko Donejakue Bidearen Interpretazio Zentroa erabiltzeko tarifak arautzen dituen ordenantza fiskalaren aldaketa onartu zen 12 aldeko botorekin. Iturriaga jauregiaren sarrera-prezioa jartzea derrigorrezkoa zela azaldu zuen idazkariak, Euskal Herriko museo sarean sartuta dagoelako.
Orain arte 2 eurokoa zen museorako sarrera. Oro har, tarifa hori 0,50 eurora pasatzea onartu zuten. Dena den, zehaztapen hauek ere onartu zituzte: jubilatuei, museo sareko bazkideei eta 12 urtetik gorako haurrei 20 zentimo kobratzea, eta langabetuek eta 12 urtetik beherako umeek debalde izatea.
Larrialdietako plana eta Orioko herribideen inbentarioa onartuta
TEKNIMAPek idatzitako Orioko herriko larrialdietako plana onartu zen ondoren, aho batez. Udal arkitekto teknikoak landu zuen gaia, eta, ondoren, batzordean onartu zen. Plenotik pasa behar izan zuen gaiak, jaurlaritzara bidali eta han homologatzeko.
Azkenik, laugarren gai bat gehitzea proposatu zuen idazkariak. Orioko herri bideen inbentarioari lehen onarpena ematea eskatu zuen, eta hala egin zuten, 12 aldeko botorekin onartu baitzen. Hil honetan egindako hirigintza eta ingurumen batzordean landu zen gaia atzoko bilkuran onartu zen.
EAJri kontuak argitzeko eskatu zion EH Bilduk
Eskarien eta galderen txandan Emeterio Iribarrek iritzia eman nahi izan zuen EH Bilduren izenean. Ondorengo testua irakurri zuen: Nahiz eta EAJk kontrakoa esan, herri kontuen euskal epaitegiak dioen moduan, aurreko legealdiko udal gobernuak egindako kudeaketa ona aldarrikatzera gatoz berriro, bereziki diru publikoaren erabilera egiterakoan izan duen zuhurtzia azpimarratu nahi genuke.
Ondoren, gaztelaniaz, hedabide batean argitaratutakoa irakurri zuen Iribarrek: en los primeros 30 meses de gobierno, la tesorería municipal ha menguado. Hay 6,4 millones menos que los que dejamos nosotros. 2014ko martxoaren 17an EAJk argitaratutako testua zela azaldu zuen EH Bilduko zerrendaburuak.
Eta jarraitu zuen: Adierazpen horiek medio, osoko bilkura batean, herritarren eserlekutik honako galdera egin zitzaizuen: "6,4 dirutza izanik, urte bateko aurrekontu osoa, jakinik diru horiek erabili ahal izatekoplenoko akordioa beharrezkoa dela, esan dezakezue zertan gastatu diren?"
Galdera horri ez ziela erantzun gaineratu zuen Iribarrek, baina guztia argitzeko konpromisoa hartu zutela esan zuen. Oraindik zain daudela esan zuen ondoren. Gu saiatu gara hau guztia argitzen eta datuak hauexek dira:
1- 2 milioi eta 245 mila euro erabili ziren Arraunetxeko obra eta ekipamendurako. Koste 0 izango zuela zioen EAJk.
2- 130 mila euro hondartzako etxe tasatuak konpontzeko. Aurreko legealdian utzitako akats bat.
3- 220 mila euro EAJk egindako kudeaketa txarraren ondorioz sententzia bat galdu eta familia bati ordaindu behar izan zitzaiona
4- 223 mila euro 2007-2011 EAJren legealdian Foru Aldundiari utzitako zorrak kitatzeko
Beraz, 2.798.000 euro erabili behar izan ziren EAJk utzitako zuloak estaltzeko. Beste bi partidetarako ere erabili zen altxortegiko dirua aurreko legealdian: 60.000 euro Etxeluze erosteko eta 680.000 euro kanpineko taberna berritu eta bungalowak jartzeko. Inbertsio horiek ez balira egin ezingo ziren 270.00 euroko irabazi garbiak l ortu aurten urtean. Bakoitzak atera ditzala bere kontuak, baina kontuak garbi.
Honela bukatu zuen irakurgaia Emeterio Iribarrek. Ondoren, Orain plataformako Joxe Angel Iparragirrek hartu zuen hitza. EAJko kideei esan zien azkenengo KARKARAn argitaratu zuten iritzia ez zutela ulertu. Joxe Anjel Zalduak esan zion ez zekiela zein testuaz ari den, berak ez baitu irakurri eta, ondorioz, ez baitaki zer argitaratu zen KARKARAn. Ez daukat hitz egiterik ez dakidanaren gainean, aitortu zuen Zaldua alkateak. Iparragirrek azaldu nahi izan zion beren erantzuna, KARKARAn eman zuten, ez zutela ulertu, besterik gabe. Eta, alkateak azaldutakoan harira, galdera zuzen bat egin nahi izan zion: orduan nork bidaltzen du EAJren izenean KARKARAra erantzuna? Zalduak EAJtik erantzun zion.
Urangak, orduan, batzordean gaiaren inguruko beste irakurketa bat egin zutela azaldu zuen. Jonek balorazioa egin ziela azaldu zuen. Ana, Emeterio, Joxe Anjel eta bera han zeudela azaldu zuen eta irakurketa bestelakoa zela gaineratu zuen, KARKARAn irakurritakoarekin bat ez datorrena. Aktan balorazio hori jasotzeko eskatu zion idazkariari eta behin jasota, plenora eramateko, denon artean alderatzeko eta argitzeko.