Heriotza hainbat ertzetatik ikusteko

Karkara 2016ko abe. 23a, 18:08

Amaia Gozategi, Karmele Garmendia eta Mertxe Talaverarekin izan da KARKARA, Mandalara Elkarteko kideekin. Eusko Jaurlaritzak martxan jarri duen Crowfounding kanpainaren bitartez heriotza ardatz izango dituen hainbat ikastaro eta tailer antolatuko dituzte 2017an. 2016an hamar urte bete ditu elkarteak eta oso pozik daude urteurren hori betetzeagatik. Urtez urte harrera hobea dutela diote eta hori pozgarria dela. 

Arratsaldeko 16:00ak pasatxo jaso ziguten beren lokalean. Oriotarrak ez diren askok eta askok ezagun duten lokala da Mandalarakoa, kanpotik jende askok bisitatzen baitie; izango dira, ordea lokala ezezaguna zaien herritarrak, baita lantzen dituzten gaiak gertukoak ez zaizkienak ere.

Guztiok gertutik bizi izan dugu noiz-noiz heriotzaren gaia; baina, halaber, urrutikoa balitz bezala tratatzen dugu. Gai tabua dela diote Mandalarako kideek, baina muga hori hautsi eta gaiari barru-barrutik heldu nahi die. 

Heriotzaren gaiarekin sari bat irabazi omen duzue...

Ez da sari bat. Saria eskuratzea, nik ulertzen dudanaren arabera, lan bat egitea eta horren ondorioz sari bat lortzea da; eta guk lortu duguna ez da hori. Kontua da crowfounding kanpaina bat jarri genuela martxan Goteo izeneko enpresarekin.

Jendeak uler dezan, azaldu zer den crowfounding kanpaina bat.

Finantziazio kolektiboa da, labur esanda. Zuk lan bat egiten duzu eta lan hori egin ahal izateko norbanakoen ekarpen ekonomikoa jasotzen duzu. Eta, honela, zure proiektua gauzatzeko adina diru jaso dezakezu. 

Kasu honetan, crowfounding kanpaina diputazioak onartu zuen. Zera esan nahi dut horrekin: kulturan inbertitzeko 70.000 euro zeuzkan diputazioak. Orduan pentsatu zuen 20 proiektu onartzea. Eta, proiektu bakoitzak lortu duen euro bakoitzeko, diputazioak, beste hainbeste jarri du.

Crowfounding kanpainaren bidez lortutakoaren bikoitza eskuratu duzue, beraz.

Hori da. Adibide batekin azaltzeko: guri bi euroko laguntza ematen baziguten, Diputazioak beste bi ematen zizkigun. 

Lehen aldia da erakunde publiko batek hori egiten duena, crowfounding kanpaina baten atzean dagoena. Berentzat izugarria izan da lehen esperientzia hau, proiektu guztiek lortu baitugu minimora iristea. Izan ere, proiektu guztiek jarri behar duten gutxieneko diru kopuru bat, baita gehienezkoa ere. 

Proiektuek harremana al dute elkarren artean?

Ez. 131 proiektu aurkeztu ziren guztira, bakoitza esparru batekoa. Lehen galbahea 78 proiektuk pasa zuten. Diputazioak biltzar bat egin zuen eta horietatik guztietatik 20 onartu zituen, tartean gurea.

Zuen proiektua heriotza du ardatz, ezta?

Heriotza on bat bizitzea eta bide horretan laguntzearen artea izeneko ikastaroa jarri behar genuen martxan urtarrilean. Lagun batek Diputazioaren lehiaketa horren berri eman zidan eta aurkeztu egin ginen. Apenas genuen itxaropena, baina 20 proiektu aukeratuen artean egotea lortu dugunez,  ikastaroa merkeagotu egin ahal izan dugu eta urten zehar gai horren inguruko doako beste hainbat tailer antolatuko ditugu.

Zein ertzetatik landuko duzue gaia?

Hainbat ertzetatik. Asmoa gai hori norberak norberarekin lantzea da. Gai horrek zer sentiarazten dion ikustea. Horretarako, ikastaro nagusi horretan, Heriotza on bat bizitzea eta bide horretan laguntzearen artea izenekoan, hainbat ikuspegitatik begiratuko diogu heriotzari.

Zortzi esparru izango ditu formakuntzak. Lehenik eta behin, antropologiaren esparrua landuko dugu. Izan ere, bakoitzaren sinismenaren arabera ulertzen baita heriotza. Bestetik, heriotzaren gaineko arauak berritu egin direnez, heriotzaren gainean dauzkagun eskubideen inguruan formatuko gara. Hiltzerakoan bizi ditugun prozesu fisiologikoak ere ezagutuko ditugu, hiltzen ari den hori zein etapatan dagoen jakin dezagun... 

Modulo bakoitza profesional batek emango du. Gai horretan jantzita dagoen pertsona izango da ikastaroaren zati hori emango duena. Gipuzkoan bizi diren bi pertsonek ere emango dute formakuntza. Doluaren gaia eta zaintza aringarriena landuko dugu berekin.

Eta zergatik aukeratu zenuen heriotzaren gaia?

Mandalarara etortzen den jende asko, terapia egiten hasten denean, ohartzen da tipularen kapak kentzen joaten denean, barru-barruan duen beldurrak lotura estua duela heriotzarekin. Beldur horietan latente egoten da heriotza.

Formakuntza asko daude jaiotzaren aurreko prozesuaren edo ondorengoaren inguruan ikasteko. Heriotzaren inguruko ikastaroak, ordea, apenas daude. Bizitzako etapa bat gehiago da heriotza, baina gai tabua da. Ez daude foroak gai hori lantzeko. Guk gaiari heltzea erabaki dugu.

Beharra ikusi duzue, beraz.

Bai. Ikusten dugu jende askok beharra duela. Gugana ere sarritan etorri dira ate joka. Normalean bideratu egiten genuen gaia. Oraingoan jendearentzat lagungarria eta mesedegarria izan daitekeen formakuntza eman nahi dugu. Oinarri oso landua duen jendea etorriko da irakastera, beraz, jendea formakuntzan parte hartzera gonbidatu nahi dugu!

Oraingoz zenbat lagunek eman dute izena?

Askok. Bi talde egin behar izan ditugu. Batzuk formakuntza Donostian jasoko dute eta beste batzuk Orion. Ia 57 lagunera iritsi da izen ematea, eta kopuru hori handiegia da gai horiek ondo lantzeko. Horregatik banatu gara bi taldetan.

Dena den, norbaitek izena emateko interesa badu, ez du inolako arazorik izango. Ez dugu nahi inor itxaron zerrenda egoterik nahi, beraz, denei eman nahi diegu parte hartzeko aukera.

Zein profiletako jendeak eman du izena?

Denetik. Gazte zein helduek; bertakoak eta kanpokoek. Kanpoko asko datoz. Ostatuagatik galdetu digute, gaua non pasa dezaketen galdetu digute; horregatik dakigu kanpotik datozela. 

Aniztasunak aberastasuna dakarrela uste al duzue?

Noski. Adituentzako zailagoa izango da agian. Baina ikastarora doazenentzat aberasgarria izango da. Gaiaren inguruko bizipen ezberdinak bizi dituen jendeak bat egitea beti da ona. 

Izango dira izena eman ez duten baina gaian interesa duten beste hainbeste. Gure beldurrak azaleratzeko beldurra al daukagu?

Gu ohituta gaude, baina ulertzen dugu horrelako gaiek barruak asko mugitzen dituztela. Ikastaroan izen eman duen batek esan digu dagoeneko hasi dela gaian igerian. Hasi zaizkiola barrena dantzatzen. Azkenean, ikastaroak haurdunaldien antza pittin bat ere badute: ikastaroa baino lehen gaiari bueltaka hasten zara, ikastaroa izaten duzu; eta, ondoren, ikastaroan ikasitakoa eguneroko bizitzan praktikara eramaten duzu. Ikasitakoak ubera uzten dizu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide