Jaiotzez donostiarra den arren, bost urte zituela Oriora etorri zen; garaiko giroak hala behartuta, segurtasunagatik, aitak lan egiten zuen Explosivos rio Tinto fabrika itxi eta Galdakaoko egoitzara eraman zuten. Bilbora joan ziren bizitzera, baina, han 10 urte pasa ondoren, hiritik herrira itzuli ziren. Orain, Bilbora itzultzen denean, arreta ematen dio hiriak izandako aldaketak. Urte oso ilunetan bizi izan zen bera eta orain zeharo aldatuta ikusten du. Begira alkate on batek zer egin dezakeen, dio Priedek. Esparru pertsonaletik politikora egin dugu salto eta mamira joan gara:
Joxe Anjel Zalduari alkate izateko babesa eman zenion. Zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Printzipio kontua da. Beti pentsatu izan du alkatea herritarren gehiengoak aukeratu behar dutela eta ez dela zinegotzien baturarekin hautatu behar. Hauteskunde hauetan zerrendarik bozkatuena EAJrena zenez, nire ustetan, Joxe Anjel Zalduak izan behar zuen alkate. Nire bozkarekin oriotarren gehiengoaren erabakia defendatu nuen.
Udal taldea osatu bezain pronto harrotu ziren lehendabizikoz hautsak, ordainsariarekin eta liberazioekin.
Uztailaren 7an hartu zen erabaki hori. Nik aurreko egunean, uztailaren 6an, arratsaldeko 19:00etan, izan nuen EAJren asmoaren berri. Miriam Uranga Oraineko zinegotziarekin bilera bat izan nuen eta berak kontatu zidan guztia.
EAJren asmoa alkatearen ordainsaria 60.378 eurokoa izatea zen eta bost zinegotzi jeltzale liberatzea.
Izugarri harritu nintzen. Astakeria bat iruditu zitzaidan. Bost zinegotziek soldataren maila altuena izatea zen asmoa. Aurreko legegintzaldian 22-23 mailan zeuden liberatuta zinegotziak eta Beñat, alkatea, 24an, lan kargaren arabera. Maila altuena 30 da. Eta, EAJren asmoa 28an liberatzea zen, hau da, oso maila altuan. Bost horietatik, alkatea %100ean
liberatzea, del Hoyo eta Campos %50ean, eta Cotado eta Bello %33an liberatzea zen asmoa. Salsamendik ez zuen onartu hori, beraz, berak ez zuen liberaziorik. Bidegabekeria hori ikusita, alkatearekin harremanetan jartzen ahalegindu nintzen. Hurrengo eguneko 15:30ean lortu nuen berarekin hitz egitea. Liberazio kopurua –normalean gutxiago eta hainbat alderditakoak izaten dira, gobernuan dena delako alderdia egonda– batzordeetan zuten parte hartzeagatik zela argudiatu zidan. Soldatarena, nola bere buruari, hala besteei, %100a ez, %110a exijituko zielako zela azaldu zidan. Argudio hutsalak iruditu zitzaizkidan.
Arratsaldeko 17:30ak jota zeuden eta 19:00etan udalbatzarra genuen. Ez nuen denborarik, baina erabaki bat hartu behar nuen. Ekonomikoki udalarentzat egokiena zena lehenetsi nuen. Alkatearen soldata jaistea aukera bat zen –Solaberrietak 52.744€ irabazten zituen–, baina gehiago aurrezten genuen bi liberazio kenduta, kasik 22.000 €.
Orduan, alkateak bere aurreneko proposamena aldatu egin behar izan zuen. Nik bultzatu nuen neurri honek, legealdian, 88.000 euro inguruko aurrezkia suposatzen du.
Bi urte pasa dira geroztik...
Eta denbora honetan bere argudioei arrazoia ematea espero nuen, baina ez da horrela izan. Ez du ez %110, ezta %70a eman ere. Bi urte hauetan hartu dudan erabakirik zailena izan zen hura. Hartu bezain pronto damutu nintzen, hurrengo egunean. Berriz ere gaiari heltzeko garaia dela uste dut, hartutako erabakiak berriz ere auzitan jarri daitezke-eta.
Siglei begiratu ordez proiektuei begiratzen diozuela esan zenuen hauteskundeen aurretik hainbatetan...
Eta, zorionez, alderdi guztiekin akordioetara iristeko aukera izan dut. Eztabaidatzeko eta adosteko borondatea daukate alderdi guztiek eta oso eskertua nago horregatik. Arazoa zera da, akordioetara iristeko denbora eta lana ezinbestekoak
direla, eta, Ordenantza Fiskalekin gertatu den moduan, gobernuak lana ez duenez behar bezala egiten, kosta egiten zaigu adostasunera ailegatzen. Gauzak ezin dira edonola eta edonoiz egin, bereziki lana taxuz egiteko hainbatetan eskatu zaionean; eta, are gutxiago, ordenantzaz edo aurrekontuaz ari bagara, funtsezkoak baitira. Bi horiek, hain justu, alkatearen eskumenak dira.
Beste alderdiekin ez ezik, herritarrekin batera lan egiteari ere garrantzia ematen diozu.
Oinarrizkoa da hori. Herriko arazoen berri izateko iturririk onena hori da. Aurrekontuetarako egin nituen proposamenek herriko hainbat eragileekin egindako bileretan dute jatorria.
Horrek guztiak ordu asko eskatuko dizkizu eta egunak 24 besterik ez ditu.
Zortzi batzorderen ardura izatea pisutsua da, baina banekien zer zegoen. Gehien amorratzen nauena ordu
horietako asko nire alabei kentzea da. Niri eta beraiei amorratzen die horrek.
Goazen harira. Gaztelekua zegoen herrian eta ludoteka eskatzen zen. Ludoteka martxan da dagoeneko, zer nolako balantzea egiten duzu?
Gauzak neurtzeko termometrorik egokiena jendea da, eta haurrak nahiz gurasoak oso kontentu daude zerbitzuarekin. Neurri handi batean, harrera on horren errua Txurrumuskik dauka. Jende gaztea da, gogo handia duena, langilea, serioa, ondo prestatua eta iniziatiba handikoa. Zerbitzua hobetzeko aldaketak ere egin dituzte, ordutegiari dagozkionak,
adibidez. Zoragarria da. Txurrumuski zoriontzea besterik ez zait geratzen.
Sozialki gorabeherak izan dira Zaragueta eta Ikastolaren artean. Nola samurtu harreman hori?
Ez dut uste gatazka sozialik dagoenik Zaraguetaren eta Ikastolaren artean. Hezkuntza zentroen eta udalaren arteko gatazka ekonomikoa da dagoena, diru laguntzen harira-eta. Haurrek eta gurasoek, zorionez, ez daukate arazorik elkarrekin harremana izateko.

Bakeola egitasmoak, beste eskala batean bada ere, bizikidetza du helburu.
Bizikidetza, elkar ulertzea eta harremanak sustatzen dituen proiektu guztiak primerakoak iruditzen zaizkit.
Esperientzia Eskolak momentu zailak bizi zituen laguntza faltagatik. Udalak zer paper jokatu zuen hor? Eta zuentzat, PSE-Eerentzat, zer nolako garrantzia dauka eskolak?
Argi gelditu dadila udalak beti babestu duela esperientzia eskola, sortu zenetik. Hasieran Matia zentroak ere ematen zien laguntza; gerora, Matiak babes ekonomikoa emateari utzi zionean, Udalak bere gain hartu zuen karga hori.
Orain arte ez zegoen Udalaren eta esperientzia eskolaren arteko hitzarmen idatzirik. Hasieran proiektu pilotu baten gisan hartu zen; baina, orain, duen harrera ona ikusita, arrakastatsua dela ikusita, proiektua finantzatuko duen hitzarmen bat egitea ezinbestekoa da. Horretan ari gara. Bi aldeen artean zeuden gaizki ulertuak argitu dira.
Horrez gain, proiektu horretan lanean aritu direnak eskertzea besterik ez zait geratzen.
Musika eskolako tasek zeresana eman zuten iaz...
Musika eskolak ia 200.000 euroko kostua du urtean udalarentzat. Horri gehitu gurasoek matrikulazioen bidez jartzen dituzten 130.000 euroak eta Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dituen 78.000 euroak. Eta, hala ere, 214.000 euroko defizita dauka. Hasiera batean, finantzaketa hiru aldeek %30a jarrita lortzen zen. Baina Jaurlaritzaren laguntza jaisten joan da eta guk bete dugu hutsune hori. Egun ia %40a Udalak finantzatzen du.
Interesgarriena musika eskola irekita jarraitzea da. Kalitate handiko zerbitzua ematen dute, kasik kontserbatorio txiki bat da. Baina kostu handia du eta denok jarri beharko dugu gure aldetik zerbitzu hori izaten jarraitzeko. Ulergarria da matrikula igotzean gurasoak kexatzea, baina, noiz arte hartu ahal izango Udalak ehuneko handi batean finantzatzearen ardura?
Udalak ordainketa egiteko erabateko malgutasuna eskaintzen die gurasoei: hilero, hiru-hileka... hainbat eratara
ordaindu dezakete. Horrez gain, beren diru sarrerekin musika eskola ordaintzeko kapaz ez diren familia horiei laguntzak ematen dizkiegu.
Iazko ordenantzetan %7ko igoera proposatu nuen nik. EAJk igoera handiagoa eta besteek izoztea proposatzen
zuten. Erabakia hartu eta hurrengo egunean Danbolineko zuzendariarekin bildu nintzen. Plenoaren aurretik elkartu nintzenez, eta berak esandakoaren harira gaian gehiago sakondu behar nuela ikusi nuenez, nire proposamena
zerrendatik kendu nuen. Ondoren, denon artean landu eta %4ko igoera onartu genuen.
Baina, tira, ordenantza horietan, aurtengoetan bezala, antolakuntza eta lan falta egon ziren gobernuaren aldetik.
Aurten zaborrarekin gertatu da iaz musika eskolarekin gertatutakoa, ezta?
Iaz gainontzeko alderdiek proposatzen zituzten zifren erdibideko igoera proposatu nuen, %8a. Hori bai, baldintza batekin. Ikusita aurten hondakinen bilketaren eta bide-garbiketen kontratu berri bat jarriko zela indarrean eta mankomunitatea arduratu zitekeela hondakinen bilketaz –gehiago ordaintzea dakar honek–, gaia lantzeko baldintzarekin. Behin eta berriz eskatu diogu alkateari hondakin mahaia eratzeko eta gaia lantzeko; baina, ohi bezala, ez du ezer ere egin.
Beraz, argi esan nion ez niola proposamenik aurkeztuko. Ez zait bidezkoa iruditzen berak niri lan egiteko eskatzea eta
berak kolpe zorrik ez jotzea; are gutxiago %100ean liberatuta dagoen bakarra bera izan da.
Abendurako gaia landuta eduki behar duzue, ezta?
Behartuta gaude, legez. Abendua baino lehen hartu behar dugu erabakia. Gobernuari informazioa eskatu diogu, elkartzeko eta gaia lantzeko. Eskaera egin diogu. Berak deitu zain gaude.
Aipatu duzun moduan, hondakinen mahaia osatzeko eskaera hainbatetan egin duzue. Beharrezkoa ikusten duzu?
Aspaldian gabiltza horren eske, bereziki EH Bildu. Lehen bilkuratik dabil eskean. Kasurik egiten ez ziela ikusita, idatzi bat ere egin genuen. Udalbatzarretan gaia atera den bakoitzean baiezkoa erantzun digute, baina esperoan jarraitzen dugu.
Udalean ez dago ingurumen teknikaririk. Profil horretako langile baten beharra ikusten al duzu?
Motondo edo Kofradia bezalako gaiei irtenbide bat eman behar zaie. Horrez gain, Oriok portua du, kosta... oso mugatuta gaude. Profesional bat izatea zeinak zer egin dezakezun eta zer ez esango dizun, interesgarria izango litzateke. Horregatik bakarrik, merezi du. Baina, edukiko zukeen lan karga ikusita, ez litzateke ekonomikoki errentagarria izango. Hortaz, beste aukera batzuk bilatu daitezke: mankomunitatearen teknikoa erabiltzea, beste Udalen batekin partekatzea, Udalean dagoen beste tekniko bat alor horretan formatzea... Alternatiba gehiago daude, baina bilatu egin behar dira.
Eta beste esparruren batean ikusten al duzu tekniko baten beharrik?
Udal honetako pertsonal departamentua desastre bat da. Astindu bat behar du, hutsetik hastea. Orainek, aspaldi, Udal organigrama bat eskatu zuen, egitura nolakoa den jakin ahal izateko eta, faltan nahiz soberan non dauden jakiteko. Kasu honetan ere, zain jarraitzen dugu.
Turismoko teknikoa behar dugu, baita gizarte ongizatekoa ere, Xanti Zaldua jubilatu egingo baita. Kanpineko zuzendariak lan itzela egin du, baina urtebeteko kontratua zuenez, postu horretarako plaza ere atera egin behar da. Baina horretarako epe batzuk errespetatu behar dira, denborarekin egin behar da. Iaz denboraz egin ez zelako kontratupean hartu behar izan genuen. Bukatu da denboraldia eta plaza ateratzeko profilen zain jarraitzen dugu. Ez daukagu ez kanpinekoa, ezta gizarte ongizatekoa ere. Brigadan ere jendea falta da. Iritsi ezinik dabiltza.
Hondartzako hondarrak ere hauts asko harrotu zituen. Arazoa bukatu egin al da hondarzalearen itxierarekin?
Ni ez naiz aditua, baina argi dago hondar gehiago dagoela. Dragatze lanak bukatu zirenetik hondar gehiago egotea logikoa da. Txurrukaren egoera ere hobetu egin da. Nik uste dut hondartza hori errekuperatu egin behar dugula, jende mordoa joaten da hara!

Adituek diotenez Motondoren lehengoratzea da aukera bakarra. Baina, oraindik, hori ez da Udalean onartu...
Gai horren inguruko bertsio mordoa dago. Nik dakidan bakarra da gune babestua dela eta ez dela hori onartzea besterik geratzen. Eremu babestu baten moduan tratatu behar dugu. Ez da gustu kontua. Babestera derrigortuta daude eta eremu horretan debekatuta dauden jarduerak egiten ez direla bermatu behar dugu.
Legez kanpokoak diren jarduerak egin dira, ordea, alkatearen ahozko onarpenarekin.
Berak aldebakartasunez baiezkoa ematea erabaki zuen, hegazkinekin ibiltzeko baimena eman zien. Gainontzeko alderdiak kanpotik izan genuen horren berri. Berak eragozpenik ikusten ez zuela esan zuen. Buruan sartzeko, idazkariari han egin zitezkeen jardueren informea eskatu genion. Baina Zalduari kosta egiten zaio onartzea berak nahi duena eta legeak baimentzen duena bi gauza desberdin direla.
Beste eztabaida bat... plazaren peatonalizazioa.
Aritzagatik Xixario erretegirainoko saneamendua konpondu beharra dago. Aurrekontuetan hori sartzea eskatu nuen. Lan horien haritik, herriko plazaren berregituraketa ere egingo litzateke eta peatonalizazioaren kontuari irtenbide bat emango litzaioke. Lehiaketa ireki genuen lan horiek egiteko. Hiru proiektu aurkeztu ziren. Irabazleak beste hiru proposamen aurkeztu ditu. Horietako batean plaza peatonala izatea eta zirkulazioa –bi norabideetan, herritik sartu eta atera egiteko– moila ondotik bideratzea proposatzen da. Honela, plaza ez litzateke biribilgune bat izango. Baina horretarako baimenak behar ditugu eta EAJri egokitzen zaio horiek lortzeko Portu Zuzendaritzarekin borrokatzea.
Eta, kasu horretan, zer gertatuko litzateke kofradiarekin?
Hor arazo bat daukagu. Erortzeko zorian dagoen eraikina da, Kofradiarena dena. Beraz, Kofradiarekin adostasun batetara ailegatu beharra daukagu. Bi aukera daude: eraberritzea edo botatzea. Bihotzak eraberritzeko esaten digu, baina gastu handia da hori; eta, Udalak ba al dauka horretarako nahikoa diru? Ez dakit, bada. Eta, zertarako balioko lukeen ere aztertu beharra dago, oso erabilera mugatuak izango baititu. Kostarekin loturiko erabilera bat eduki behar du, halabeharrez; eta hori mantentzea ez da merkea. Udalak dagoeneko nahikoa udal eraikin dauzka. Gastuak eta irabaziak parekatuta daude, beraz, inbertsioetarako tarte oso txikia daukagu.
Mutiozabal eraikina ere ia erortzear dago. Biziberritzeko asmotan erosi zen eraikina. Zein puntutan dago orain?
Turismoari eta komertzioari dagokionean, etorkizunera begirako apustua da. Herri bakoitzak bere amuak ditu eta Orio horrek desberdintzen du gainontzekoengandik. Orain eraikina eskoratuko dute, eror ez dadin. Eta, aste honetan bertan –azaroaren 15ean egin genuen elkarrizketa– proiektu bat aurkeztu digute, Mutiozabalek izan ditzakeen erabileren eta eskaini ditzakeen zerbitzuen ingurukoa.
Plan Orokorrean gune horiek guztiak lantzen dira eta herriko espazio bakoitzeko hainbat proiektu landu ziren. Nola dago gaia?
Hasieran bezala gaudela esango nuke. Hainbat bilera egin ditugu, azkena aste honetan bertan. Aukerak daude, bai,
baina ez dira erabakiak hartzen. Gobernuan egoteak hori eskatzen du, erabakiak hartzea. Ez badira erabakiak hartzen ez dira aurrerapausoak ematen.
Lehen etxegabetze kasua izan da Orion. Alderdi guztien adostasunarekin onartu berri duzue etxegabetzeen aurkako mozioa. Udalak zer nolako laguntza eskaini diezaioke horrelako kasu bat jasaten ari denari?
Dekalogoak 10 puntu ditu, guk zortzigarrena onartu genuen, aho batez. Etxegabetze kasu baten aurrean udalak laguntza emango duela adostu genuen. Aholkularitza zerbitzua eskainiko lioke; eta, etxerik gabe geratuz gero, etxebizitza bat ere eskura jarriko liekete, arazoa konpondu arte, behintzat.

Gero eta zailtasun gehiago daude independizatzeko. Ba al duzue alokairu sozialak edo antzerako formularen bat martxan jartzeko asmorik?
Bereziki gazteek dituzte gurasoen etxetik alde egiteko zailtasunak. Udalak laguntzak eman beharko lituzkeela uste dut. Azpeitiko Udalak, adibidez, programa zoragarri bat dauka martxan, oso harrera ona duena. Gazteei independizatzeko laguntzak ematen dizkie, baita banandu diren gurasoei ere... Etxebizitzak ez dira Udalarenak, berak zubi lanak besterik ez ditu egiten. Oso interesgarria da programa hori, erreferentziazkoa izan daiteke guretzat.
Etxebizitzetatik frontoira egin dezagun salto. Askotan jarri da mahai gainean gaia: dagoen tokian geldituko dela, hondartzara mugituko dela... Oso oker ez banago, plan orokorrean ere landu zen gaia.
Nik ez nuke dagoen tokian utziko. Zonalde hori oso denbora laburrean asko degradatu da. Hortik mugituko bagenu kale berri bat zabalduko litzateke, espazio ireki gehiago izango genuke. Arnasa hartuko luke gune horrek.
Arnastu... egiten den etxe kopuruaren arabera, ezta?
Udalean ez da etxez itotzeko aukerarik aurreikusi eta etxeak egungo altuera berekoak izatea planteatu da.
Eta frontoia non jarriko zenuke?
Palotasera mugitzea aukera bat da, baina Udalak lur horiek erosi beharko lituzke. Beste aukera bat Zaragueta ondora, hondartzara, mugitzea izango litzateke. Bigarren aukera hau ekonomikoagoa da, udal lurrak baitira. Zein den aukera egokiena? Ez dakit.
Horren inguruko iritzia jakiteko galdeketa bat egin nahi dugu. Horretan ari gara lanean, bereziki Orain alderdikoak eta biok, EH Bilduren babesarekin. Lan hau kirol batzordetik landu behar dela uste dut.
Kirol instalazio batetik bestera, Arraunetxera. Nola atera dakioke probetxua eraikin horri?
78.200 euroko kostua du urtean Arraunetxeak. Diru sarrera oso gutxi dauzka, oso puntualak. Argi dagoena da bideragarritasun ekonomikoa bilatu behar zaiola, ez irabaziak lortzeko, baizik eta mantenuari aurre egin ahal izateko.
Xaltxerak taldea sortu da herrian. Zer iruditzen zaizu?
Emakumea eta bi alaben ama naizen neurrian, zoragarria iruditzen zait. Oso argi daukat berdintasuna landu beharreko gaia dela, baita genero indarkeria ere. Udalean sarrera bat egin zuten gurekin biltzeko eta beren taldea aurkezteko. Deialdia noiz egingo zain nago, baina, ez badute egiten, ni saiatuko naiz berekin harremanetan jartzen.
Hauteskundeen bezperatan bideo bat plazaratu zuen PSE-EEk. Bideoak, laburbilduz, euskara ez dakiten horiei legebiltzarrak izkin egiten dietela zioen. Zer iritzi daukazu?
Uste dut euskarak kanpaina politiko guztietatik kanpo egon behar duela, euskara baita kasu guztietan galtzaile ateratzen dena. Euskarak batzeko balio behar du, ez banantzeko. Euskara sustatu behar da, Euskaltegiak irekitzen, adibidez.
Orion harrera paregabea izan du Euskaltegiak...
Arrakasta izugarria ari da izaten. Partida 20.000 eurotik 40.000 eurora igo da, pentsa.
Kanpotik jendea etorri izanak eragin dezake erabileran...
UEMAkoak izan ziren legegintzaldiaren hasieran, Orioko datuak aurkezten. Orioko euskararen osasuna oso ona zela esan ziguten, nola erabilera, hala ezagutza aldetik.
Orioko agenda hilero betetzera iritsi zen Udala. Ahuldu egin zen eskaintza, baina, berriz ere martxa hartu du...
Agenda betetzeak dirua eskatzen du, inbertitzea. Argi dago hori egin beharra daukagula Orion turismoa sustatu nahi
badugu, baina, bereziki, oriotarrak kanpora joatea nahi ez badugu. Jendeak aisialdiko denbora Orion pasatzeko gauzak antolatu beharra daude. Kontua da diru partida txikia dagoela horretarako, eta, muga horiekin guztiekin, lan oso ona ari da egiten Salsamendi.
Hainbatetan aipatu dugu turismoa sustatzearena...
Turismoak diru-sarrerak ekarri ditzake, baina horretarako indarrak hor jarri behar dira.
Orio herri arrantzalea zen. Bost ontzi besterik ez dira gelditzen, ordea. Arrantza turismorako amu gisa ikusten al duzu?
Bai, baina berriz diot, asko lagunduko liguke turismo teknikari bat izateak.
Etxeluze gaztetxea ere ari da geroz eta martxa handiagoa hartzen. Udalak zer nolako harremana du gaztetxearekin?
Orain ari da kontu hori egosten Udalean.
Herritik Autonomia Erkidegora salto eginda... Eusko Legebiltzarreko zerrendan 21. postuan zeunden.
Betelana besterik ez nuen egin. Ni soilik herri honetako gai politikoetan inplikatzen naiz, gainontzean iritzi pertsonala daukat, baina besterik ez.
Eta berak, goi karguek, askatasuna ematen al dizute zuri?
Hauteskundeetan aurkezteko baldintzetako bat hori zen, askatasun guztia izatea. Ni naiz Orioko Udalean lanean
aritzen dena, beraz, nik hartzen ditut Oriori dagozkion erabakiak.
Bukatzeko, zein dira epe luze nahiz motzera dauzkazun helburuak?
Oinarrizko arazoei irtenbidea ematearekin konformatuko nintzateke: Estropalari kalea, Baxoaldeko etxeak, Kiroldegiko igerilekua, irisgarritasuna, bidegorria... Hori konponduz gero ondo; eta, gehiago lortuz gero, primeran! Herritarrek zergak ordaintzen dituzte, beraz, gutxienekoa da gure eskumenak diren oinarrizko gauzak egoera onean egotea.
Bestalde, gobernuari lan gehiago edukitzea eta egokiago antolatzea eskatuko nioke. Bestela, ezingo ditugu urratsak eman. Akordioetara iristea ere gustatuko litzaidake.