Jesus Jesus Mari Peronak, haurra zela, Maria Auxiliadora arrainontzia eraikitzeko prozesu osoa gertutik bizi izan zuen. Maitemindu egin zen itsasontziarekin, 11 urte bete zituenerako eginak zituen ontziaren marrazkiak eta apunte batzuk. Horretan ematen zituen eskolako marrazketa-orduak eta jolas-orduak.
Urteak pasatuta, 1988an, barkuaren maketa egin zuen, gero horrenbeste lo-ordu kendu eta beste horrenbeste amets-ordu ekarriko zizkion barkuaren maketa. Orain arrainontzi haren historia idatzi du.
Maria Auxiliadoraren protagonistak
Abentura eder haren lau protagonistak familia bereko lau gizon izan ziren. Estanis Sarasua Arruti, armadore eta patroia, haren bi semeak: Ignacio itsas mekanikoa eta Pako arrantzako patroia, eta Manuel anaiaren seme Ignacio –iloba–, makinetako mekanikoa.
Sarasuatarren familiak sustrai sakonak ditu Orion, arrantza eta arraun giroan. Arrantzara traineruan joaten ziren garaia ere ezagutu zuen Estanisek; eta traineruko arraunlari ere ibili zen –1925-1931–, bi anaiekin batera: Jose Mari eta Inazio. Azken hau arraunlari eta patroi mitikoa izan zen –1930-1967–.
Estanis 1933an Orion sortu zen Emen Gatoztik lehenengo arraun klubaren sortzaileetako bat zen.
Estanis herriko San Antonio de Padua arrainontziaren armadore izan zen, lehengusu Jose Manuel Sarasua eta Victor Dorronsororekin batera. Ontziaren patroi ere bai, bigarren patroia anaia Manuel zela. Baina Estanisek bere ontzi propioa izatea amesten zuen, eta 50 urtetik gora zituela, San Antoniotik atera eta beste enpresa bat sortu zuen. Horretarako, beste arrainontzi bat alokatu zuen, Jose Javier ontzi zaharra, arrainontzi berria egin bitartean.
Ontzi berria egiteko, inguruko ontzioletara jo zuen. Baina bapore berriak egiteko eskaera asko zeuden eta luze itxoin beharko zuen. Horrela, baporea berak egitea erabaki zuen.

Ignacio Sarasua Aldaz, 1930-2014: proiektugile berritzailea
Aita Estanisek arkitektura ikasketak nahi zituen bere seme Inaziorentzat, Inazio txikitatik nabarmendu egiten baitzen eskolan, marrazten eta gauza berriak asmatzen sekulako gaitasuna erakusten zuelako.
Baina semeak ez zuen unibertsitaterako bidea hartu nahi izan. Bere kasa ikasi nahi izan zuen, modu praktikoan, liburuetan bere galderentzako erantzunak bilatu eta ikasitakoa bere eskuekin praktikan jarri eta lan eginez. Itsas mekanikako tailer batean jardun zen lanean, eta soldaduska aire-base
batean egin zuen, hegazkinen mekanika ikasteko.
Tailerrean eta soldaduskan pilatutako ezagutza eta eskarmentua zituela, 31 urterekin, onartu egin zuen bere aita Estanisek jarritako erronka: berak diseinatu eta eraikiko zuen haien ametsetako arrainontzi berria, aita eta anaiarekin
batera. Inaziok bere tailerrean egin zituen Maria Auxiliadora izango zen ontzi berriaren planoak.
Enpresa handia eta zaila zen aurrean zeukatena. Askok abenturatzat jo zuten eginkizuna. Zorionez, hainbat familia eta lagun batu ziren proiektura, elkarlanean.
Ontzia Orioko zubiaren ondoan zegoen zelai huts batean egin zuten –oraingo tren geltokiko errotondaren ondoan, Salatxo tabernaren aurrez aurre–. Garai batean, XVII mendera arte, badirudi hantxe egon zirela kokatuta bi ontziola: Arratola eta Arrazubiko Portu Ondo; eta XX. mendearen hasieran, berriz, `Astilleros del Oria´ izenekoa.
Maria Auxiliadora arrainontziaren historia –1960-61–
Garai hartan –1960–, arrantzaleek neguan lehorrean arotz-lanak eta mantenu-lanak egiten zituzten. Horregatik, Maria Auxiliadora egiten hasteko, sarasuatarrak zain egon ziren arrantzaleek udako kostera bukatu arte. Inazio Sarasuarekin batera, Jose Joakin Amilibia aritu zen lanen maisu, eta Francisco Lasa ingeniaria, lanak gainbegiratzen.
Era berean, aipatzekoak dira arotz hauek: Bernardo Idarreta Ubegun, Jose eta Donato Ibarguren Errota anaiak, Jeronimo Sarasola Makatza txiki, Antonio Makazaga Txabola, Jose Maria Erretzabal/Frailia, eta baporeko gazteenak: Martxiel Urkizu Ollua, eta Inazio Sarasua.
Aurretik, udan, planoak eta ontzirako piezak prestatu zituzten, oraingo Sarasua erretegiaren azpiko tailerrean. Egurraren bila ere ibili ziren, Aiako Laurgainetik ekarri zuten eta Baztanetik.
Maria Auxiliadorak 27,50 metroko eslora zuen, 2.500 miliako autonomia, eta 10 korapiloko abiadura hartzen zuen. Garai hartarako, oso ontzi berritzailea izan zen, iraultzailea gauza askotan.
Ontzia eraiki, uretaratu eta zubi azpitik pasatu
Ontzia egin zuten bitartean, jende asko bertaratzen zen ontziolara, lanak ikustera. Moilan eta tabernetan ia beste gairik ez zen. Zurrumurru asko ibili zen, espiak ere bai, ilargi beteko gauetan ontzia ikuskatzen. Ontzia eraikitzeko teknikak eta materialak harrigarriak ziren orduko adituentzat. Zer esanik ez, ontzia uretaratzeko eta zubi azpitik pasatzeko erabilitako moduak.
1961eko apirilaren 28an egin zen botadura, 16:30 aldean, arratsaldeko itsasgoran. Handik aurrera, apustuak hasi ziren herrian ea ontzi berriak lortuko zuen edo ez zubi azpitik pasatzea. Handik egun batzuetara, marea biziko egun bateko itsasbeheran, Maria Auxiliadora erraz pasatu zen zubi azpiko ezkerraldeko bigarren zulotik, modu burutsua erabilita.
Zakuak lurrez bete eta haiekin ontziaren atze aldea zamatu zuten, txopa jaisteko. Ontzia ibai gora begira jarri zuten, Aginaga aldera. Atzeraka bultzatu zuten. Lehenengo, txopak gainditu zuen zubia.
Ondoren, zakuak brankara eramanda, brankak ere gainditu zuen zubia. Ontziak ez zuen ukitu ez zubia ez hondoa. Errio ertzetan zegoen jendetzak sekulako txalo zaparrada jo zuen.
Moilan lotu zuten, zubi ondoan, Hendaia etxearen aurrean, materialak eta lanabesak sartu eta motorretako lanak egiteko: tankeak, puentea, makilak, aparailuak, elektrizitatea… Uda bukaera zen lanak bukatu eta ontzia itsasoratzeko moduan jarri zutenerako.

Lontzo gaztea hil zen, lan-istripuan
Ontziaren muntaia prozesuan, lan-istripu latza gertatu zen 1961eko ekainaren 7an. Langile bat hil zen elektrokutatuta, 14 urteko Lorentzo Portularrume Azkue Lontzo gazte oriotarra. Albiste tristea berehala zabaldu zen herrian. Ezbeharrak handitu egin zituen ontziaren eraikuntzaz zenbaiten aldetik zebiltzan esamesa gaiztoak.
Istripuak istripu, lanean segitu eta lanak bukatu zituzten. Tradizioak agintzen zuenez, ontzia bedeinkatu egin behar zen. Iraileko igande arratsaldea zen; Victorio Untzetabarrenetxea bikarioak bedeinkatu zuen, plaza aurrean. Ondoren, ohiturak agintzen zuenez, itsaso buelta egin zuten ontzian nahi izan zuten herritarrek. Etxerakoan, Oribarzar parean, ontziak hondoa ukitu zuen, eta eskoilerako arroketara lerratu, guardia zibilen kaseta ingurura. Estanisek lemarekin maniobra bikaina egin eta ontzia justu-justu libratu zen arrokak ukitu gabe. Batzuek susto handi samarra hartu zuten, beste batzuek pentsatu zuten patroiaren txantxa bat izan zela.
Maria Auxiliadora Kantauri aldean ibili zen batez ere, baina arrantza jaitsi zenean urrutira jo zuen: Algeciras, Kanariar irlak eta Afrikara: Dakar eta Sierra Leonara. Espezie askotako arrainak harrapatu zituen: bonitoa, atuna, zimarroia, zerrotea, antxoa, sardina, txitxarroa... eta modu askotan: xaxian –kazea–, kanabera, sarea, txopako arrastea… Barku azkarra zen, Bermeon Maria Voladora deitzen zioten.
Hauek dira Maria Auxiliadorako lehen eskifaia osatu zuten 17 gizonak:
- Armadore eta arrantzako patroi, Estanis Sarasua I.
- Armadore eta motorista, Ignacio Sarasua II.
- Armadore eta bigarren patroi, Francisco Sarasua III.
- Bigarren motorista/engrasadore, Ignacio Sarasua IV.
- Sota/patroi, Juan Ibarguren.
- Sukaldari, Donato Ibarguren
- Lehen mailako marinela, Juan Larrañaga Xarpas –Dakarreko kanpainetako beteranoa–.
- Marinelak: Gillermo Iradi, Daniel Astiazaran, Lorenzo Manterola, Marcial Urkizu, Emilio Herrero, Martin Aizpurua, Evaristo Lertxundi eta Andres Iruretagoiena.
- Txotxoak: Patxi Agirresarobe Gaztaña 14 urtekoa eta Jose Mari Arruti Aldape 13koa.