Gorka Aranberri: "Herriaren errespetua lortzeko bide bakarra irabaztea da"

Karkara 2016ko abe. 2a, 09:59

Zarauztarra da Gorka Aranberri Etxeberria. Etxetik urrun pasa ditu azken sei urteak, arraunagatik; orain, ordea, etxe ondoan egingo du arraun, Oriora etorri baita. Gustura dago, urduri eta irabazteko gogoz.

Dena irabazita utzi zenuen Bermeo.

Arraunean hasten zarenean helburua irabaztea da. Lehendabizi Kontxako estropadan jartzen duzu fokua, gero nahiko berria den ligan. Ametsak dauzkazu. Amets horiek guztiak betetzeak eta helburu dituzun Zarauzko estropada, liga eta Kontxa irabazteak –estropada garrantzitsuenak– lasaitu egiten zaitu. Orain beste etapa bat hasiko da.

Urdaibaitik Oriora. Zergatik hartu duzu beste etapa bat hasteko erabakia?

Urte asko daramatzat arraunean. 12 urterekin hasi nintzen. Zarauzko traineruan 16 urterekin hasi nintzen. Azken sei urteak bidaiatzen eman ditut. Beasainen egiten dut lana eta Bermeon entrenatzen nuen. Kilometro asko dira, 300 egunean. Nekeza da hori. Zortea izan det irabazteko aukera izan dudalako, baina orain gorputzak atsedena eskatzen zidan. Bikotekidearekin bizitzen nabil eta harek ere eskertuko du joan-etorrietan ibili behar ez izatea. 

Etxe inguruan irabazten jarraitzeko aukerak izango dituen talderen batean egoteko parada izan dut eta horri eustea erabaki dut. Orion aukera hori suertatu zait eta zortea izan dut horretan. Irabazteko ilusio berdin-berdina daukat, edo gehiago.

Erabakian eragina izan al du Bertzaiz Azkue tostakide eta Jon Salsamendi entrenatzaile izateak?

Bai, bai. Pisu handia izan du Bertzaiz ere Orion hasteko gogoz egoteak. Umea izan berri dute eta berari ere niri pasa zaidanaren berdina gertatu zaio. Azken zazpi urteak etxetik kanpo eman ditu –Bermeon bi urte, gero Portugaleten...– eta berari ere gorputzak atsedena eskatzen zion.

Gure egoerak bat egin du Jon hona etortzearekin eta, azkenean, karanbola hori eman da eta hemen gaude.

Irakoitz Etxeberria izan da urtetan Orioko patroia. Bera aintzakotzat hartzen ez zutela esan zenean, hautsak harrotu ziren. Arrazoien artean pisua aipatu zen. Horren garrantzitsua al da? Zu, zentzu horretan, asko zaintzen al zara?

Nik uste dut, azken urteetan, arraunak hartu duen mailarekin, garbi ikusi dela arraunlarien fisiologia aldatu egin dela. Orain dela 20 urteko arraunlarien gorpuzkera eta egungoena asko aldatu da. Lehen arraunlariak handiak ziren, 100 kilo pisatzen zituenak tokia eduki zezakeen traineruan; egun, ez da horrelakorik ikusten. Talde batean 90 kiloko pare bat sartzen badituzu ia... 

80 kilotik jaitsi da traineru bateko bataz besteko pisua. Horrek arraunlariak atletak izatea eskatzen du. Udaran oso-oso argal egoten dira. Orduan, patroiak, zer esanik ez. Patroiak ez du arraun egiten. Lastre bat da. Gidatzen joan behar du, baina enbarazu bat da. 55 kilotik zenbat eta gertugo ibili, taldearentzat abantaila da. 

Eta, tira, Irakoitzen gorputza eta nire desberdinak dira. Irakoitz oso gihartsua eta sendoa da. Patroi askok izaten dute pisuan sartzeko zailtasuna, nik neronek ere bai. Nik Zarautzen nenbilenean pisatzen nuena baino 4 bat kilo pisatzen ditut egun. Gorputza aldatu egin da, nola arraunlariena, hala nerea. Eta horrek sakrifizio asko eskatzen du.

Ahoa itxi beharra?

Gosea pasa beharra, bai. Kirola egin behar izaten dugu eta gauza askotatik pribatu. Azkenean, horretarako gabiltza eta egin beharra daukagu, ez dago besterik.

Berak utzi zuenean ere aipatu zen herriko traineruko patroia etxekoa izateak zuen garrantzia, traineruko patroia baita taldeko erreferentziazko pertsona-edo, talde batean abeslaria den moduan. Zuretzat ere garrantzia al dauka horrek?

Nik uste dut herritarra izatea baino, garrantzitsuagoa dela patroiak taldekideen errespetua lortzea. Patroiak balio duela demostratu behar du.

Patroia da tente doana, traineru batean ikusten dena. Traineruari aurpegia jarri beharko bazenio, hori patroiarena izango litzateke. Eta ni Zarautzetik Bermeora joan nintzenean beldur hori sentitu nuen. Han Lur Uribarren zegoen. Ez da bermeotarra, baina urte mordoa zeramatzan han Asierrekin batera. Horrek errespetua ematen zidan horrelako herri txiki bateko horrelako traineru garrantzitsu bateko aurpegia izateak.

Oriora etortzean ere sentitu dut hori. Nik badakit Irakoitzek zenbateko lana egin duen. Bizitza osoa pasa du hemen. Bera ordezkatzea zaila da. Baina nik nire buruarekin konfidantza daukat. Orain arte ibili naizen tokietan demostratu dut balio dudala –taldea izan dudalako eta baldintzak emand irelako– eta hemen ere horretan ahaleginduko naiz. Umiltasun eta gogo ikaragarriarekin etorri naiz, demostratzeko eta tokia irabazteko; izan ere, hemen harrobiko patroia ere badabil. Eta gazteak hori izaten du: ilusioa. Gainera, entrenatzaile berria daukagunez, guztiak hutsetik hasten gara eta guztiok demostratu beharko dugu tokia irabazi ahal izateko.

Bermeon lortu zenuen etxeko edo bertako sentitzea...

Nik uste dut horrelako taldeetan errespetua lortzeko era bakarrenetakoa irabaztea dela. Finean, emaitzek agintzen dute. Orion azken urteetan aldaketa ugari eman badira, horregatik izan da, emaitzak ez zirelako esperotakoak. Oriok historikoki palmares potoloa dauka eta horri urtero-urtero eustea oso zaila da. Azken urteetan arrauna asko aldatu da eta aldaketa horretan pittin bat atzera gelditu da-edo. Orain irabaztea askoz ere gehiago kostatzen da.  Baina, esaten nuena, nik uste dut herriaren errespetua lortzeko bide bakarra irabaztea dela. 

Taldearen helburuez hitz egiteko goizegi izango dela pentsatzen dut. Baina zuk, zein helburu dauzkazu? 

Hasiera batean, lehengo urte maila hobetzea da xedea. Oriora etorri naiz eta badakit iaz Oriok zein maila eman zuen. Niretzat, hobea eman zitekeen. Ezagutzen ditut hemengo arraunlariak eta 2014ean eta 2015ean erakutsi zuen oso azkar ibiltzeko gai zela. Eta, ordutik, trainerua ez da asko aldatu. Aurten, ni behintzat, iazkoa hobetzeko ilusioarekin etorri naiz.

Gainera, irabaztetik nator eta niri irabaztea asko gustatzen zait. Horretara etorri naiz.

Hasi zarete entrenatzen. Nolakoa izan da lehen hartu-emana?

Oso giro herrikoia dago. Asko ezagunak dira. Aiarrak, oriotarrak, zarauztarrak... inguruko jendeak osatzen dugu taldea. Guztiok ezagutzen gara.

Hasieran eskolako lehen egunean bezala zaude, lagun berriekin, urduri. Baina urduri egoteaz gain ilusioarekin ere banago. Talde giro polita dago eta nik uste dut uretara joaten hasten garenean konfiantza sendotzen joango dela. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide