Udazkenean Iranera joan zinen emaztearekin. Zergatik hautatu zenuten Iran?
Udazkenean joan ginen udako opor-zurrunbilotik atera nahi genuelako, ez genuelako opor sasoi erdi-erdian joan nahi. Eta, gainera, hango tenperatura ere kontuan hartu beharreko zerbait da. Udan bero gehiegi egiten du; udazkenean ez, beraz, urte sasoi hori hobea da hara joateko.
Lehenago, 1987an Uzbekistanen izan ginen: Samarkanda, Bujara, Xiba, Zetaren bideko zati bat ezagutu genuen eta, ordutik, Isfahan bisitatzeko ideia ez zaigu burutik kendu. Bereziki emazteari. Gogo handia zuen hara joateko. Azkenean joan gara!
Han ibilbide moduko bat egin al zenuten? Zer bisitatu zenuten?
Turismo bidaia izan da, bai. Talde antolatuan joan gara. Dagoeneko helduak gara eta guretzat erosoagoa da horrela bidaiatzea. Gida bat izan dugu, oso jatorra; zortedunak izan gara berakin! Bost hiri handitan egin ditugu geldialdiak: Shiraz; Kerman, Yazd, Isfahan, Teheran. Horrez gain, beste hainbat herritan ere izan gara. Hamar eguneko bidaia izan da. Uste dut zukua atera diogula. Programatuta genituen tokiak ikusteaz gain, beste hainbat gauza ere ikusi ditugu. Gidak asko lagundu digu horretan eta asko eskertzen da.
Lehen Persia izena zuen –persa etniari so eginez– orain Iran denak. Persak ez ezik, etnia asko daude Iranen, ezta?
1935ean Shahek –Reza Phalavi– jarri zion Persiari Iran izena. Iranek arioen herrialdea esan nahi du. Gaur egun persak, kurduak, turkiarrak, turkomanoak, arabiarrak, armeniarrak, balutxiak… etnia asko daude!
Datutan laburtzeko ohitura daukagu. Datu gehiago ematerik bai?
Shah Mohammad Reza Pahlevik 1979ko urtarrilaren 1ean alde egin zuen. Otsailaren 1ean Ruhollah Jomeini Ayatola itzuli zen Pariseko exiliotik. Handik bi hilabetera, apirilaren 1ean, Iran errepublika islamikoa bihurtu zen, erreferendunean gehiengo handiarekin gailenduz.
Gaur egun, estatu burua Ali Jamenei da eta presidenteak Hasán Rouhani du izena. Agintea erlijioak du, erabaki politiko guztiek oinarrian erlijioa eduki behar baitute. Hortaz, azken hitza, beti, estatu-buruak du, Ali Jameneik. Hasán Rouhani den arren gainontzeko estatuetako presidenteekin eta biltzen dena, erabakitzen dena Ali Jameneik onartu behar du beti.
1.648.195 km² ditu. Munduko 18. herrialderik handiena da. 80 miloi biztanle ditu, eta, aipatu bezala, hainbat etniatakoak dira. Munduko 4. indarra da petroleo erreserbei dagokionean, baina, paradoxikoki, ez dute gasolinarik. Gasolina inportatu egiten dute. Munduan gas gehien duen herrialdea ere bada.
Errekurtso-hidrikoak, ordea, apenas ditu...
Bai, badirudi, gaur egungo arazorik larriena dela. Sekulako lehortea dute. Azken 30 urtetako kontua omen da. Bere errekurtso hidrikoak ez dituzte zaindu, akuiferoen kutsadura handia da, eta, ondorioz, ur eskasia omen dute. Badirudi oraingo gobernua arazo larri honetaz jabetu dela eta neurri zehatzak hartzen ari dela. Baina, tira, urte askotan egindako kaltea ezin da egun batetik bestera konpondu...
Aberatsa omen da arteari dagokionez, ezta? Mezkitak, bazarrak...
Bai, oso aberatsa! Hainbeste jende ibili da horretan lanean eta sorkuntza horretan aletxoa jartzen; orain, guztien hondar alea ikusi daitekeela, Iranen izandako guztien azternak daude.
Adibide bat: Isfahan Imamaren mezkita da. Munduko arkitekturako eraikuntza ederrena izendatu dute. Vatikanoko San Pedro edo ta Taj Mahal parekoa dela diote. Zenbait ezaugarritan, adibidez, dekorazio zeramikoan, gizarteak lortu duen onena dela esaten da. Egia esan harrigarria da!
Komunikabideek herrialde agresibo eta arriskutsu gisa saltzen digute. Horrela al da?
Inoiz ez gara sentitu deseroso; ez kalean, bazarretan edo mezkitetan. Alderantziz, guregana lasai jotzen zuten eta edukazio guztiarekin hitz egiten ziguten, gainera! Jakinmina handia erakutsi dute, interesa. Herrialde kultoa, lasaia eta bisitarientzat zeharo segurua iruditu zaigu.
Erlijioagatik ere asko epaitu dute hedabideek, askatasuna mugatzen diela azaltzen dute...
Iranen gehiengoa musulman txiiak dira. Beste hainbat gutxiengo daude: zoroastrianoak, kristau armenioak... Laburtuz, munduan 1.250 miloi musulman badira, txiiak 110 miloi dira –beste ia musulman guztiak suniak dira–. Txiita ia guztiak Iranen bizi dira. Besteak Iraken, Pakistanen eta horrela daude, zatituta.
Mahoma hil zenean, kristo ondorengo 632. urtean, bere ondorengoa izendatzeko sekulako borroka izan zen. Txiiak Ali –Mahomaren lehengusua– ondorengo kalifa edo Imama izendatu zuten. Baina guztiak ez zeuden ados erabaki horrekin. Txiitak ez zirenak ez zuten Ali kalifa izatea nahi, orduan, kristo ondorengo 661. urtean hil egin zuten. Musulmanen arteko gerra zibila sortu zen orduan. Txiitak, Ali hil zutenez, Hussein izendatu zuten kalifa. Hussein Aliren bigarren semea zen. Hau ere hil egin zuten, 680ko gerran, Iraken, Kerbalan. Hor etorri zan beraien arteko zisma
Gaur egun txiitak 12 kalifa edo Imama dauzkate. Suniak 10. Coranaren interpretazio batzuk desberdinak dira... Oso harreman gatazkatsua daukate txiitek eta suniek. Egun, esaterako, Sirian gerran daude.
Lehen aipatu duzu erlijioak dela arauak jartzen dituena, guztiaren oinarrian dutena.
Islamak bizitza zibilari aplikatzen dizkion arauak, gure ikuspegitik begiratuta behintzat, XXI. mendeko gizarte modernoarekin talka egiten dute. Besteak-beste, zeharo matxista den errejimenean bizi dira. Emakumeen egoera oso latza da.
Hala ere, mugimendu esanguratsuak nabari dira gaur egun. Gizarte gaztea, emakumeak bereziki, errejimen horren kontra sumatzen dira. Emakumeek osatzen dute gaur egun unibertsitatean lizentziatutako pertsonen %50a baino gehiago. Geldiezina ematen du joera honek. Argi eta garbi bestelako etorkizunaren bila ari direla ematen du.
Gizonezkoek, ordea, nahiago dute 18 urterekin erremediorik gabe bete beharreko 2 urteko soldadutza egitea eta segituan lanean hastea. Honek horrela jarraitzen badu, intelligentsia: abangoardioako edo eliteko intelektuala eta jakinduria emakumeen eskuetan izango da eta oraingo gizarte matxista hau mantentzea ezinezkoa izango dela espero dut.
Gizon-emakume arteko harremana nolakoa da?
Emakumeak gizonezkoentzat bizi dira. Kalean tapa-tapa eginda joatzen dira, gizonezkoei ezin baitie asaldatu. Etxean, gizonarekin badaude, ez dira tapatuta egoten. Lehen egoera ez zen horrelakoa, emakumeek ez zuten jazarpen hori bizi. Azken urteetako kontua da.
Orain, hala ere, egoera pittin bat hobetzen ari dela nabari da. Emakumeak lanean ikusten dira: gida lanetan, gidari... Lehen ez zuten horrelakorik egiteko aukerarik. Lehen aipatu bezala, ikasteko gogo handia dute. Eta, harremanei dagokionez, orain ikusten dira bikoteak eskutik helduta-eta. Lehen pentsaezina zen hori.
Eta, ezkontzak?
Ezkontzeko dirua behar du gizonezkoak. Gizonaren aitak eskatzen dio semearekin ezkontzeko. Horretarako diru asko behar izaten du, ezkontza negozio bat baita. Orain, emakumeak unibertsitatera eta joaten direnez, gizonezkoekin harremana izaten hasi dira eta ezkontzak ez dira horren komenentziazkoak.
Esan dut gizonezkoek dirua behar dutela ezkontzeko. Ezkontzean, arau moduko batzuk ezartzen dira, hemengo botoen antzera. Kontua da, han, arau horiek ezartzean, emakumea eskubideak eskatzen hasi dela. Ikastera kanpora joatea eta antzerakoak exijitzen ditu ezkondu ahal izateko.
Eta hizkuntzari dagokionez?
Alfabeto arabigoa erabiltzen dute, sinboloena. Persa eta arabiarra desberdinak dira. Gaur egun eskoletan 3 hizkuntza erabiltzen dituzte: Persa –farsi–, arabiarra eta ingelera.
Argazki-zaletasunagatik zara ezaguna herrian eta han 3.000 argazkitik gora egin zenituen.
Bai, jo eta ke aritu nintzen argazkiak atera eta atera, baina ez zait batere erraza egin. Teknikoki zailtasun asko izan ditut, sekulako argitasuna baitzegoen eta, hainbat tokitan, argi-itzalek eta eraikuntzetako azulejoek sortutako argi-izpiek are zailagoa jartzen baitzuten. Zailtasunak izan ditut baina bai, 3.000tik gora atera ditut. Gustura nago emaitzarekin!
Argazki horiek proiektatuko dituzue asteazken honetan, Salatxo aretoan.
Asteazkenekoa argazki bildumaren laburpena izango da. Ea nola moldatzen garen! Emaztea eta biok izango gara.
Aukeraketa egitea nahiko zaila izan da, argazki mordoa bainituen. Horrez gain, azalpentxo batzuk edo emango ditugu argazkiekin batera, bizitakoa kontatuko dugu.