Noiz joan zinen hara?
Urriaren 25ean iritsi nintzen Katsikasera.
Zure kaxara joan zinen ala hemendik guztia lotuta zenuela joan zinen?
Guztia lotuta nuen. Urria erdialdean Whatsapetik irudi bat iritsi zitzaidan Pangea Solidaria izeneko GKE batena, Katsikaseko kanpamentuan lan egingo zuen fisioterapeuta baten behar zutela esaten zuena. Eskaera bidali nuen eta urriaren 18an erantzuna jaso nuen aukeratua izan nintzela esanez. GKE honek ordaintzen dizkit alojamentua eta janaria.
Hara iristean zer aurkitu zenuen?
Gauez iritsi nintzen eta iritsi bezain pronto boluntario batzuk ezagutzeko aukera izan nuen, beren artean nire aurretik zegoen fisioterapeuta. Hurrengo egunean berak eraman zidan bi kanpamenduak ezagutzera; eta, noski, pazienteak ezagutzera.
Ze bi kanpamenduetara?
Lehenengo kanpamentua Katsikasekoa zen. Han, bereziki, bizkarreko mina zuten pazienteak zeuden, estresak eta koltxoi desegokiek sortutakoak. Kasu gogorretan zeuden pazienteak beste herri batzuetako hoteletara mugitu zituzten astebatzuk lehenago.
Ondoren, Faneromeni izeneko herrian dagoen beste kanpamentu bat ezagutzera joan nintzen. Hemen yazidi erlijioaren jarraitzaileak bizi dira. Herrialde hau ISISak bereziki min egindako herrialdea da, erlijio ezberdina izanagatik. Genozidio yazidia bizi izan zuten. Beren lagunak eta senitartekoak fusilatu zituzten. Nire pazienteen artean zerbikalgia gogorra duen emakume bat dago, bahituta egon baitzen eta honek sortu dion estres postraumatikoagatik bizkarreko min izugarriak izaten ditu.
Lehenengo egunetan ikusi ahal izan nuen unibertsitatean pazienteekiko erlazioari buruz ikasitako guztiak hemen ez zuela ezertarako balio. Asko harritu ninduen lehenengo egunean beste fisioterapeuta paziente guztiak besarkatzen ikusteak. Baina hemen pazienteak lagun bihurtzen dira egun batetik bestera. Egunero besarkatzen naute tratatzera joaten naizenean eta tratamendu ostean berekin tea hartzera gonbidatzen naute edota bazkaldu edo afaltzera. Gainera, ezinezkoa denez ezetz esatea –tea hartzeko behin eta berriz eskatzen dizute– tratamendu ostean azukrez gainezka dagoen tea hartzen dudala beti. Beren familiak ezagutzeko aukera izaten dut, ahal dugun moduan komunikatzen saiatzen naiz.
Albistegietan lehen denbora dezente hartzen zuen errefuxistuen gaiak. Orain, ordea, gutxiago. Ez-jakintasun asko al daukagu hemen?
Hona etorri aurretik nik neuk topatu nuen Katsikaseko kanpamentuari buruzko informazioa. Aurkitu nuena izan zen Greziako kanpamenturik okerrena zela, euri asko egiten baitu eta honek egoera asko zailtzen baitu. Egia da euriak Katsikaseko egoera zaildu egiten duela askotan; baina hemen GKE txikiei esker oinarrizko beharrak beteta dituzte errefuxiatuek.
Jakinaren gainean gaude Grezian zehar beste kanpamendu batzuk daudela informazio guztia ezkutuan mantenduta dutenak. Horietara ezin dute boluntarioek sartu eta mafia eta prostituzio asko mugitzen da. Horien artean umeak soilik dauden kanpamentu bat dago. Ez dakit esaten nor dagoen kanpamentu horien kargu, baina pertsonen trafikoa saihesteko helburuarekin inor sartzen ez uztea erabakitzen dute. Galdera da: nor egiten da kargu pertsona horien oinarrizko beharrez?
Bestalde, hona etorri aurretik oso polita ikusten nuen ACNUR organizazioaren spota telebistan. Bideoan azaltzen zenez, errefuxiatuentzat dendak eraikitzen zituzten hainbat kapamendutan. Hemen beren lana gertutik ezagututa, zera egin nuen: organizazio honi dirua ematen zioten gertuko pertsonei deitu eta diru laguntza eteteko esan. Organizazio honek, PRAXIS GKE grekoarekin batera, errefuxiatuak kanpamenduetatik hoteletara mugitzen ditu. Hoteletan ez diete inolako jarraipenik egiten. Gainera, GKE txikietatik joaten garen osasun saileko langileei zailtasunak jartzen dizkigute hoteletara sartzeko. Beraz, askotan, hotel batean dagoen errefusatu batek deitzen digunean hoteletik atera behar izaten du guk lagundu ahal izateko.
Hedabideei so eginez gero, badirudi egoera lasaitu egin dela, baina horrela al da?
Egoera ez da inondik inora lasaitu. Hemen laguntza behar duten milaka eta milaka pertsona daude. Negua dagoeneko iritsi da eta hotz handia egiten du kanpamenduetan. Gure kanpamentuan dendetatik kontainer batzuetara mugitzen ari dira familiak, hor berogailuak dauzkate eta.
Baina oraindik jende asko dago dendatan sartuta eta berak erositako berogailu txiki bat soilik daukate. Gaixo jartzen dira eta ospitalera eramaten ditugu. Han ospitaleko zuzendariarekin aurkitzen gara. Bera errefuxiatuak Grezian egotearen aurka dago. Orokorrean Greziako ospitaleetako zerbitzua txarra baldin bada, zer esanik ez errefuxiatuentzat.
Egoerak bortitzak biziko zenituzten...
Orain dela bi egun emakume batekin joan ginen ospitalera. Medikuak, hasteko, gure traduktorea gelatik bota zuen, bere beharrik ez zegoela esanez. Pazienteari ez zion galderarik egiten. Gu ginen galderak egiten zizkiona eta medikuari zer egin esaten geniona. Medikuak eginiko galdera bakarra zenbat urte zituen izan zen. Emakumeari pixka bat kosta zitzaion erantzutea, zenbakiekin nahastu egin zelako. Medikuaren erantzuna hau izan zen: ingelesa edota grekoa ikasi behar duzu! Gu han ez bageunde emakume honek gau osoa ospitalean pasako zuen inolako zerbitzurik jaso gabe, tripako minez eta alutik odol jarioa zuela.
Badakit baita ere, Patrasen –Anatolitik ia 4 ordutara dagoen herria– bi paraplejiko daudela osasun zaileko laguntzarik jasotzen ez dutenak. Bietako baten semea farmaziara joaten da behar dituzten medikamenduak erostera. Horietako batek kolestomia du. Ez dakienarentzat, kolestomia norbaitek bere kabuz kaka egin ezin duenean kolonean egiten den irekiera txikia da, abdomenean itsatsitako poltsa batera gorotzak atera ahal izateko. Gizon hau kolestomiako poltsarik gabe eduki dute denbora asko. Poltsa abdomenetik askatu, garbitu eta berriro jarri behar izaten zuen. Badakigu pertsona honek poltsa hauen donazioa jasotzen zuela , baina anpamentuko buruak zioenez, berak eskubidea zuen bere kanpamentura iristen ziren donazioen kargu egiteko. Ondorioz, ez zizkion poltsak ematen.
Zure egitekoa beraz fisioterapeuta lanak egitetik harago doa...
Hasiera aipatutako bi kanpamenduetako pazienteei errehabilitazioa egitea zen nire egitekoa. Goizetan Katsikaseko kanpamentura joaten nintzen eta arratsaldeetan Faneromenira. Orain, Faneromeniko paziente batzuk Perama izeneko herrian dagoen hotelera eraman dituzte. Katsikaseko beste batzuk Ioanninako hotel batera; eta gaur, beste paziente batzuk Ioanninako beste hotel batera eramango dituzte.
Fisioterapeuta bakarra naiz hemen inguruan. Beraz, orain hiru hotel eta bi kanpamendutan lana egin beharrean nago.
Hemen zazpi hilabete igaro dituen erizain batek Espainiara itzuli behar izan du. Erizain honek deiak eta mezuek jasotzen zituen Patras, Tesalónica, Grevena eta Ioanninako hoteletatik laguntza eske eta guztien beharrak asetzera joaten zen, bertako organizazioak ez baitziren gaixo horien kargu egiten. Bere lana, batez ere, toki horietara joan eta Praxis, ACNUR, Médicos del Mundo –MdM– bezelako organizazioek errefuxiatuak laguntzeko kontzientziatzea izan da. Organizazio horietako batzuk diru laguntza espezifikoak jasotzen dituzte osasun beharrak asetzeko, baina, gero ez dute beren lana betetzen.
Orain erizain honen proiektua amaitu egin da. Medikuntzako ikasketak bukatu berri dituzten bi neska eta nigan utzi nahi izan du bere egitekoa. Bere lanarekin jarraitzeko betebeharra daukagu orain. Gu, noski, edozertarako prest gaude , baina neska honek zuen kotxea bere proiekturako egindako donazio bat zenez, ezin izan digu kotxea utzi.
Kotxe beharrean zaudete, beraz.
Hori da, oraingoz ez baitaukagu toki horietara nola iritsi.
Kontuan izan aipatutako erizainak egin duen lan guztia egin ahal izateko autoa behar-beharrezkoa zuela. Gertatu izan zaio Grevenatik dei bat jasotzea gizon diabetiko batek intsulina behar zuela esanez. Grevena mendi puntan dagoen herri bat da eta hango hotel batean errefusatu asko daude. Bertako enkargatua Praxis da. Praxisek diru laguntza espezifikoak jasotzen ditu osasun arazoak asetzeko. Baina, errefuxiatuek zerbait behar dutenean, farmaziara eramaten dituzte, transporteagatik euro bat kobratzen diete etamedikamentuak beren poltsikotik ordaindu behar izaten dituzte. Batzuk ez dute dirua gaixotasun kroniko batek eskatzen duen medikamentua ordaintzeko.
Horretarako dirurik ez dutenez, guri deitzen digute –lehen kanpamenduan lagundu izan baikenien– eta hara joaten gara. Noski, hoteletik atera behar izaten dute Praxisek ez baitigu uzten hotel barrura sartzen. Autorik gabe ezingo genuke bertara iritsi eta, besteak beste gizon honek ez zuen bere intsulina eskuragarri izango.
Aipatu noski, lehendabizi Praxisek bere eginbeharra betetzen saiatzen garela; baina, askotan, lortzen ez dugunez, medikuaren preskripzioa hartu eta farmaziara joaten gara GKE txikien diruarekin beharrezko medikamentua ordaintzera.
Horregatik daude Aiako eta Orioko hainbat dendetan eta tabernetan itsulapikoak, ezta?
Orioko eta Aiako hainbat dendatan eta tabernatan itsulapiko solidarioak jartzen ari dira nire lagunak. Gabonak baino lehen itsulapiko horietako diruarekin bigarren eskuko auto bat erostea da helburua, Gabonetan Greziara autoarekin itzultzeko.
Hasiera batean Gabonetan etxera itzultzekoa nintzen, han geratzeko, Orion. Baina, hemengo egoera ikusita, hemen geratzea erabaki dut itzultzeko data jakinik gabe.
Eskerrak eman nahi dizkiet iniziatiba hau martxan jarri duten lagunei, izan ere, kotxe bat behar neula esanez idatzi nien eta berak jarri dute itsulapikoen kontu hau guztia martxan.
Nolakoa da zure lan egun bat?
Astelehenetik ostiralera: goizetan Katsikaseko kanpamentuan egiten nuen lan. Orain, astearteetan eta ostiraletan Ioanninako hotel batera joaten naiz emakume bat tratatzera. Berez ordubetean joan, tratatu eta itzuli ahalko nuke Katsikaseko pazienteak egun horietan tratamendu gabe utzi beharrean, baina beste boluntarioren batek eraman eta ekarri behar izaten didanez, goiz osoa behar izaten dut.
Arratsaldeetan Pangeako boluntarioekin batera Faneromenira joaten naiz. Hango pazientea tratatu ondoren, Pangeako furgoneta hartu eta Peramako hotelera joaten naiz hango pazienteak tratatzera. Ondoren, Peramatik Faneromenira itzultzen naiz, beste boluntarioak jaso eta Anatolira itzultzen gara, etxera.
Ondoren askotan kalera irteten gara zerbezatxo bat hartzera, beste boluntarioekin elkartu eta burua pixka bat errefuxiatuen errealitatetik ateratzeko.
Larunbatetan Pangeako beste boluntarioekin batera, haurrekin ekintza bereziren bat egiteko aprobetxatzen dut. Bestela, osasun saileko behar bereziren bat egonez gero, horrekin ibiltzen naiz.
Igandeak gure jai egunak izaten dira, guztiz beharrezkoak astelehenean berriz ere lan astea indarrez beteta ekiteko!
Dena den, pentsatzen dut egun guztiak desberdinak izango direla...
Bai noski. Hemen ez daude bi egun berdin. Lehen kontatutakoa nire buruan markatutako errutina da. Errealitatea ez da hain erraza. Beharbada paziente bat tratatzera joan eta negarrez aurkitzen dut semea gaixorik duelako eta inork ez diolako laguntzen. Orduan, dena alde batera utzi eta laguntza bila joaten naiz. Ospitalera joan behar badu lagundu egiten diot edota MdM organizazioan dudan lagunen bati deitzen diot, laguntza eske.
Honekin goiz osoa pasatzen badut ezin ditut gainontzeko pazienteak tratatu. Zorionez organizazio handietan jende ona aurkitzen dugu burokrazia guztia alde batera utzi eta laguntzeko helburua besterik ez duena.
Zein dira errefuxiatuek dituzten behar handienak?
Katsikasen ikusitakoaz soilik hitz egin dezaket. Hemen arropa eta janaria badaukagu, baita haurrentzako beharrezkoak diren gauzak ere. Nire ustez oraintxe borroka handiena organizazio handiek beren betebeharra betetzearekin daukagu.
Eta noski, herrialde ezberdinetako gobernuek ere beren egitekoa bete behar dute. Jende hau guztia mugitu behar dute eta bizitza duin bat ematen lagundu behar die.
Itsulapikoetan dirua sartuta, hemendik laguntza handia emango genukeela pentsatzen dut. Baina, beste moduren batean ere lagundu al daiteke Oriotik eta Aiatik?
Donazio asko jasotzen ditugu: arropa, medikamenduak, haurrentzako paketeak eta esnea… Baina, egia esan, gauza batzuetatik gehiegi daukagu eta, beste batzuetatik, gutxiegi. Nik lagundu nahi duenati GKE txikiei diru donazioak egitea gomendatuko nioke. Horrela, hemen dagoen beharretara bideratuko da dirua.
Pangea Solidariarekin egiten dut la. Egia esan, asko gustatzen zait duen funtzionamendua. GKE handien helburu nagusia publizitatea egin eta argazkiak ateratzea den bezala, Pangeak eguneroko lanean jartzen ditu indarrak, inongo publizitaterik gabe. Injustiziaren aurrean lan egitea eta pertsonak beste pertsona batzuei laguntza ematea helburu duten asoziazioa da.