Nola sortu zitzaizun telebistarekiko zaletasuna? Noiz joan zinen lehenengoz telebistara?
Txikitatik gustatu izan zait telebista. Garai hartan, asteartero, Goenkale grabatzen zuten Orioko plazan. Ni han egoten nintzen grabaketei begira. Orduak eman nitzakeen bertan. Telebistako plato batera, ordea, lehenengo aldiz 2008an joan nintzen, 14 urte nituela. ETBn lan egiten zuen lagun bat nuen eta berak gonbidatuta.
Publikoan, eztabaidetan parte hartzen... hainbat tokitan ikusi zaitugu.
Beti telebistara joan nahi izaten nuen eta horretarako moduetako bat publikoko kide izatea zen. Beraz, 16 urte nituela, lagunekin taldea osatu eta saioen grabaketetara ikusle gisa joaten hasi ginen. Askotan bisitatzen genuen ETB. Hilabetean behin gutxienez. Batzuetan 60 pertsonako autobusak betetzera ere iritsi ginen Orioko eta Zarautzeko lagunak elkartuta. Saio askotan izan naiz: Oh happy day!, Mihiluze, Consumidores, Finlandia, Ai ama!, El conquis, Tu cara me suena…
Saio horietako batzuetan parte ere hartu nuen, lehiakide bezala edo eztabaidetan.
Telebista saioetan ez ezik, fikzioan ere jarri zara kamera aurrean, ezta?
Telebistaren alderdi guztiak gustatzen zaizkit. Alor teknikoa, zein artistikoa. Hala ere, aktore moduan ez dut lan askorik egin. Kasting batzuk eginak ditut, baina inoiz ez naute aukeratu paper garrantzitsu baterako. Goenkalen pertsonaia txiki bat egin nuen duela bi urte. Eta telesail eta pelikula batzuetan figurazio lanak ere egin ditut.
Kameren aurrean egotetik aurpegirik jarri ezin zaion ahotsa izatera pasa zinen, irratira.
Euskadi irratian praktikak egiteko aukera zegoela entzun nuen eta azterketara aurkeztu nintzen. Aukeratu egin ninduten eta bertan aritu nintzen zazpi hilabetez lanean, otsailetik irailera bitartean.
Eta irratitik berriz ere telebistara. Oraingo honetan kameren atzean lan egiten zabiltza Gailurra saioan. Nolako esperientzia izaten ari da?
Ba oso esperientzia polita, baina baita gogorra ere. Alde batetik polita, unibertsitateko ikasketak amaitu eta nire lehenengo lana delako. Banuen telebistan aritzeko gogoa eta asko ikasten ari naiz. Baina beste alde batetik gogorrabere bai, asko exijitzen duen programa delako. Ez dut uste hau baino gogorragoak diren saio asko egongo direnik. Gailurrak telebistako lanaz gain, fisikoki ere prest egotea eskatzen du.
Erredaktore eta gidoilari lanetan zabiltza. Baina gailurretara igotzea ere egokitzen al zaizu?
Bai, mendietara igotzea ere tokatzen zait. ETBko produkzioak ezin dira konparatu beste kate handienekin. Denetik egitea tokatzen zaigu lankide guztioi. Nire kasuan, erredaktore lanak, gidoilari lanak eta batzuetan kameralari lanak egitea ere egokitzen zait. Nahiko gogorrak izaten dira grabaketak. Goizean hasten gara mendira igotzen eta arratsaldean iristen gara gailurrea. Ia hamabi ordu ematen ditugu gorantza igotzen, dena grabatuz eta atsedenik gabe.
Lehen aipatu dituzun bizipenak eta telebistara egindako bisitak, lagungarriak egingo zitzaizkizun Gailurra saioan, ezta?
Ba egia esan, bai. Lehen esan dudan bezala, txikitatik Goenkaleko grabaketetan ibiltzen nintzen Orioko plazan eta ETBra ere bisita asko egiten nituen. Grabaketa horietan, langileek zakarrontzira botatzen zituzten gidoiak eta bestelako dokumentuak jasotzen nituen. Irakurtzen eta kuxkuxeatzen ibiltzen nintzen. Ondorioz, hamahiru urterekin, jada banekien nola idazten ziren telebistako gidoiak, banekien zer zen eskaleta bat, grabazio plan bat... Asko ikasi nuen grabaketei begira.
Eta Gailurra bukatzen denean, langabeziara zuzenean? Hori da telebistaren alderik txarrena, ezta?
Hori da, saioa amaitu eta langabeziara goaz. Hala ere, telebistaren alderik txarrena izan daiteke, baina baita onena ere.
Ez daukazu egonkortasunik. Nik ez dakit datorren urtean lana izango dudan edo ez. Baina, bestalde, lau hilabetero lan berri bat daukazu. Lan talde berria, programa berria… ez dizu errutinan erortzeko eta aspertzeko denborarik ematen.
Gainera, programa bat amaitzen denean, horren ordez beste programa bat hasten da. Beraz, lana badagoela uste dut. Nire kasuan behintzat, irailean unibertsitatea amaitu eta hilabete hauetan hiru tokitatik deitu didate lanerako.
Aurrera begira, ba al daukazu beste proiekturen bat pentsatuta?
Egia esan ez. Ez daukat ezer pentsatuta. Lana eskaintzen didaten tokira joango naiz. Berdin dit telebistara edo irratira. Oso gustura ibiltzen naiz bietan. Hala ere, asko gustatuko litzaidake kamera aurrean aritzea. Aurkezle edo erreportari gisa. Zailagoa da kamera aurreko lana lortzea, baina probatu nahiko nuke.