Gaitza: "Larunbatean jotzeko gogo handia dugu"

Karkara 2016ko aza. 18a, 13:37

Argazkia: Gaitza

Azaroaren 19an Dispertsioff jaialdian joko du Gaitza taldeak. Nerabe zirela hasi ziren jotzen eta herriko belaunaldi batentzat erreferente izan ziren. Fly Shit eta Bi Bala taldeekin arituko dira larunbatean.

17 urte dira Gaitzarekin hasi zinetela, nola gogoratzen dituzue garai horiek?

Oso ezberdinak. Ikasleak ginen eta egunero genuen harremana. Ilusio askoko garaiak ziren. Zerbait egiteko gogoa genuen, eta berdin zitzaigun nola egin. Ezer jakin gabe hasi ginen elkartzen eta horrela sortu zen Gaitza. Orain lehen entseguetako bideoak ikusita nabaritzen da hori: zertan ari haiz? esaten dugu.

Dena emanda ibili ginen, eta maketa ere grabatu genuen. Gero Julenena gertatu zenean urte batzuk jarraitu genuen baina ez zen gauza bera. Azken kontzertua lehen gazte festetan eman genuen, Uko parkean, baina ordurako nahiko geldirik ginen. Abesti asko egin genituen, baina kontzertu gutxi eman.

Eta orain, urte batzuk pasata, berriz kontzertua emango duzue.

Gogo handia daukagu. Jende pixka bat joango dela uste dugu, inoiz zuzenean ikusi ez gaituzten gazteak eta gure adin ingurukoak ere bai, nostalgiagatik edo. Eta gutako batzuk guraso garen aldetik, orain guraso diren askok ere aitzakia polita dute umeak aiton-amonekin utzi eta, garai batean bezala, kontzertura joateko.

Jotzeko gogo handia dugu, lehen entseguan, abestiak berriz jotzean oso gustura geratu ginen. Egia esan, bagenuen nostalgia puntu bat eta hasi ginen gure artean zerbait egiteko pentsatzen. Gero, Dispertsiofferako taldeak lotzen ari zirela komentatu ziguten...

Orion talde mitikoa izan zarete belaunaldi baten begietan

Jende askok esaten digu lehenengoak izan ginela, baina lehendik baziren talde batzuk, Panoramix, adibidez. Gu oso gazteak ginen, gogo handiarekin hartu genuen eta zuzenean herriko plazara joan ginen gure bertsioekin.

Orain, ordea, adin tarte batean, ez dago zuen kantak ez dakizkien ia inor

Hori egia da, eta badira gaztetxo batzuk, Gaitza zuzenean inoiz ikusi ez dutenak, gure abesti guztiak buruz dakizkitenak ere. Guri ilusio handia egiten digu horrek.

2013an ere jo zenuten gaztetxean, Julenen 30 urteko festan.

Kontzertu bakoitzak bere lana dauka, aurretik entseguak egin behar dira eta ez dugu lehen bezain beste denbora elkartzeko. Asko kostatzen da kontzertu baterako zerotik hastea.

Berezia izan al zen hura?

Oso berezia izan zen, oso gertutik ukitzen gintuen zerbait zelako. Festa hura intimoagoa edo herrira begira egindakoa izan zen. Kontzertu hartan desagertutako herriko talde batzuk jo zuten gutaz aparte, Kenonek, adibidez.

Kontzertu hartan presio gehiago nabaritu genuen, agian; urte asko generamatzan jo gabe eta jendeak espektatiba handiak zituen. Oraingoan lasaiago gaude, beste kontzertu mota bat delako eta kartelean talde bat gehiago garelako.

Nola ikusten duzue orain musika panorama Orion?

Gu hasi ginenean ez zegoen mugimendurik ia, talde gutxi ginen. Gero, entseatzeko lokala galtzeko arriskua izan genuen eta, horrek, sortzen ari ziren taldeei bultzada eman zien. Urte hartan herriko talde denok txosnetan kontzertua eman genuen, 6 edo 7 talde izango ginen orduan. Gerora, gorabeherak egon dira eta badirudi orain pixka bat pizten ari dela.

Azken finean musika mugimendua, dena bezala, ziklikoa izaten da eta badira talde asko sortzen diren momentuak eta ezer mugitzen ez den momentuak ere.

Gaztetxean azkenaldian badago mugimendua. Nola ikusten duzue hori?

Bai, gaztetxearena ere ziklikoa da. Indar handiarekin hasi ginen, gero beherakada izan zuen eta desagertu egingo zela zirudien, eta orain, begira nola dagoen. Poza ematen du bizia dagoela ikusteak. Pixka bat erretiratu garenok jarraipena dagoela ikustea ederra da.

Gainera orain emakume asko dabil eta hori oso ona da, gure garaian mutil asko ginen eta gauzak beste modu batera egiten ziren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide