Bazkari bat, aitzakia gisa

Julen Aperribai, Berria 2016ko aza. 16a, 06:53

Jatorri askotako herritarrak elkartu eta elkarrekin bazkalduz, esperientziak trukatzeko aukera ematea du helburu Bizilagunak proiektuak.

Leku pribatu eta intimotzat hartu ohi da etxea Mendebaldeko kulturan. Egitura aldetik ere zurruna da, eta etxe bakoitzeko pareten artean gertatzen denak ez du zertan albokoan eragin, eta ez dagokio etxearen jabe ez den inori. Hala izan ohi da sarritan, eta agian horregatik sekulako indarra hartzen du etxeko ateak ezezagun bati zabaltzeak eta hura ezagutzeko ahalegina egiteak, sinbolikoki bada ere.

Ariketa hori egitea ahalbidetzen du, bada, SOS Arrazakeria elkarteak antolatzen duen Bizilagunak egitasmoak. Euskal Herriko familien eta Euskal Herrian bizi diren etorkinen artean harremanak estutzeko asmoz sortu zen, orain bost urte. Batak eta besteak mahai baten bueltan esertzen dira bazkaltzeko, eta esperientziak trukatzen dituzte. Urtean behin egiten dute, eta gaur izango da; ehunka pertsona mobilizatuko ditu, izan besteei ongietorria prestatzeko izan harrera eurek jasotzeko.

Bigarren aldiz parte hartuko du Maialen Belaskok. Oriokoa da –Gipuzkoa–, eta, herrian immigrazioa oso presente egon arren, uste du ez dela egiten esfortzua etorkinekin harremanak egiteko, jendeak ez baitu behar hori sentitzen. Telebistan izan zuten Bizilagunak egitasmoaren berri mutil-lagunak eta berak, eta hala piztu zitzaien interesa. Zarautzen bizi den Hondurasko emakume bat eta Usurbilen bizi den Etiopiako beste bat hartu zituzten etxean. Oso esperientzia aberasgarria izan zela dio Belaskok: Beren bizitzaren berri eman ziguten, gurea baino askoz zailagoa eta gogorragoa izan dena. Euren helburua, baina, ez zen laguntzea, haien berri izatea baizik, haiek senti dezaten hemen badagoela jendea beraien egoerarekin kezkatuta. Urtean behin egiten den egitasmoa izaki, ez da erraza izaten urte osoan egindako harremanari jarraipena ematea. Harremanari behar bezainbeste eutsi ez diolako pena du Belaskok, eta hori dute helburuetako bat aurten. Adin aldeak ere horretan eragiten duela uste du: Mahaiaren bueltan daudenak bizitzako momentu berdinean badaude, gauza gehiago partekatuko dituzte.

Jatorri, sinesmen, kultura eta ohitura askotako jendea elkartzen du Bizilagunak proiektuak. Harremana gertukoa da halabeharrez, hartu-emana ezinbestekoa baita bazkari batean. Aurreiritziak, kezkak eta, batez ere, harreman ona izateko nahia gailentzen dira. Baita urduritasuna ere, Belaskok azaldu duenez: «Janaria goxoa izatea eta guztiok eroso egotea nahi duzu, eta, aldi berean, elkarrizketa edo momentu deserosorik ez izatea. Izena ematen dutenetik, hala ere, parte hartzaileen artean ilusioa nagusitzen dela dio.

Alde onak ikusten dizkio proiektuari; benetako inklusio bat lortzeko, baina, horrelako egitasmoez gain, gizartean txip aldaketa bat gertatu behar dela uste du. Zaila iruditzen zaio, bestela, etorkinekin harreman sendoak sortzea: Orion ez ezik, gainerako herri txikietan ere, espazio gehiago behar dira kultura eta jatorri desberdinetako pertsonak elkarrekin nahasteko.

Ana Luz Tercero Hernanin –Gipuzkoa– bizi den nikaraguarra da, eta alde on nabarmenak ere ikusi dizkio egitasmoari. Bi familiak ez ezik, dinamizatzaileek ere parte hartzen dute bazkarian, eta lan horretan aritu zen iaz. Aurten, baina, familia bat hartuko du etxean: Herrialde desberdinetako jendeak elkar ezagutzeko aukera ederra da egitasmoa. Aurreiritziak gainditzeko ere balio izan dio: Jendea arrazista dela entzun izan dugu, eta halakorik ere egongo da. Kanpotik datorrena esku zabalik hartzen duen jendea ere badago, ordea.

Tercerok ere nabari du urduritasuna bazkariaren aurreko egunetan. Urduriago egon ohi da gonbidatuak etxean hartu behar dituena, gonbidatu moduan doana baino, esan du. Hala ere, egitasmoa oso gauza polita da.

Espazioak erraztea helburu

SOS Arrazakeria elkarteko kide Anaitze Agirrek azaldu du parte hartze datu oso onak izaten ari dela egitasmoa. Iaz, 427 familia izan ziren denera, eta antzeko kopurua espero dute aurten ere. Helburu argia du Bizilagunak egitasmoak, Agirrek adierazi duenez: «Bertakook ez daukagu nola jarri harremanetan etorkinekin, eta beste aldean ere gauza bera gertatzen da. Bizilagunak egitasmoak ahalik eta modu sinpleenean espazioak sortu eta erraztu egiten ditu jendeak parte har dezan». Izan ere, horretarako aitzakia bat besterik ez da bazkaria, etorkinaren edo kanpotarraren kategoria hori gainditu eta aurrean daukazuna ezagutzeko.

Formatu sinple horren garrantzia azpimarratu du Agirrek, ordea: Herri bazkari bat egitea edo egitasmoa beste esparru batean egitea ondo legoke, baina eraginkortasunaren gakoa etxean egitean datza. Esparru intimo bat da, eta sortzen den harremana ez litzateke gertatuko beste modu batean egingo balitz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide