20 kilometro ditu Behobia-Donostia lasterketak. Ibilbide hori egin dute 57 oriotarrek eta 21 aiarrek. Irteten lahenak gurpil aulkian parte hartu duten kirolariak izan dira. 9:30ean abiatu dira. Handik bost minutura, 9:35ean, patinatzaileen txanda iritsi da. 10:00etan hasi dira lehen korrikalariak lasterka. Azkenak 11:35ean abiatu dira.
Helmugako marra zeharkatzen lehena Cartes Castillejo izan da. Berak irabazi du gizonezkoen kategorian. Aroa Merino izan da lehen emakumezkoa.
Oriotarren artean Hossain Kaanache Amghiraf izan da azkarrena. 1:10:40 denboran egin ditu 20 kilometroak. Bigarren sailkatua Aitor Rubio San Sebastian izan da 1:14:35 denborarekin. Beteranoen kategorian lehen oriotarra izan da Rubio. Iñigo Exposito Murillo ere Orioko azkarrena izan da bere kategorian, promesetan, 1:14:50 denborarekin.
Emakumezkoetan Susana Martin Crespo izan da lehen oriotarra, 1:28:00 denborarekin. Atzetik Sonia Alonso Martines sailkatu da, honek ere ordu eta 28 minutu behar izan ditu.
Aiarren kasuan, Hodei Alkorta Azkue izan da azkarrena. 1:10:43 denboran gelditu du kronometroa aiarrak. Atzetik Jesus Mª Cañas Rico sailkatu da 1:16:50 denborarekin eta hirugarren Gotzon Iruretagoiena Lertxundi 1:17:20 denborarekin.
Emakumeen kategorian, helmuga zeharkatzen lehen aiarra Ainhoa Ubegun Manterola izan da, 1:45:28 denborarekin.