Imanol Garmendia: "Bi modalitateak uztartzea gustatuko litzaidake"

Karkara 2016ko aza. 11a, 15:40

Aulki mugikorrean Riora joateko ametsa zuen Imanol Garmendiak. Ametsa ezin izan zuen bete, eta, orain, ilusioak tostako arraunean jarri ditu. Hori bai, aulki mugikorra ez du albo batera utzi.

Aulki mugikorretik tostako arraunera. Zer dela eta?

Maiatzan ez genuen Riorako txartela lortu. Dezente afektatu zidan, jarritako ilusioa handia baitzen eta ametsa berta behera geratu baitzen. 2016-2020 olinpiadarako COIk -comite olimpico internaciona- zenbait erreforma egin nahi ditu, horien artean gure kategoria kendu nahi dute emakumeei plaza gehiago emateko. Otsailean erabakiko da 2020 joku olinpikoetako modalitateak zeintzuk izango dira, beraz, ordura arte itxaron behar dugu parte hartu dezakegun ala ez jakiteko. Baina, printzipioz, gure kategoria, 4-arina, kendu egingo dutela ematen du. 

Aulki mugikorraren bide hori eten egin duzu ala bi modalitateak uztartuko dituzu?

Esan bezala, otsaila arte ez da erabakiko joku olinpikoen kontua. Itxaropen txikitxo bat daukagu, eta, hala balitz, joateko aukera izango bagenu, biak uztartzea gustatuko litzaidake.

Klubean ez dakit nola antolatuko duten aulki mugikorra eta horrek ere baldintzatuko du... Baina, arazorik ez balego, aulki mugikorrerako forman egotea gustatuko litzaidake, otsailera arte behintzat.

Tostako arraunean, zein asmo daukazu? Zein dira jartzen dituzun helburuak?

Aulki mugikorra bukatuz gero, lehenengo traineruan ibiltzea da asmoa; eta, zergatik ez, banderaren bat irabaztea! Entrenatzaile berriarekin ikasteko asmoa daukat eta, nire partetik, arraunaren beste esparru honetan ikasitakoak praktikan jartzea gustatuko litzaidake.
 

Horiek tostako arrauneko helburuak. Aulki mugikorrekoa joku olinpikoetarako txartela lortzea, ezta?

Bai, hori da.

Astelehenean hasiko zarete entrenatzen, baina aste honetan bilera bat izan duzue, ezta? Zer moduz joan zen?

Asteartean bilera txiki bat egin genuen. Jonek denboraldirako dituen planak mahai gainean jarri zituen, eta, pentsatzen dut, hurrengo astean uretako lehen entrenamenduekin hasiko garela...

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide