Ibai Marin: "Kontzertu hau egutegian gorriz margotuta neukan"

Karkara 2016ko aza. 10a, 10:04

Hira taldean urte mordoa eta bost disko pilatu eta gero, bakarkako bideari ekin zion Ibai Marinek. Bizilekuan emango du kontzertua bihar, ostiralarekin; Orioko kultur etxean izango da zita, gaueko 22:30ean.

Oriotarra ez, baina Orion bizi zara orain, ezta?

Bai. Donostiarra naiz. Duela gutxi etorri naiz hona, irailean.

Orioko beste taldeak bezala KTAen entseatzen duzu...

Nire bikotekidearen familia Oriokoa da. Hona etorri ginen bizitzera eta berak komentatu zidan hemen taldeak-eta jotzen zutela. Udaletxeak koordinatzen zuela jakinda, udaletxera deitu zuen berak. Imanolekin hitz egin genuen, dosier txiki bat bidaltzeko eskatu zigun eta inongo eragozpenik jarri gabe utzi ziguten txoko hau.

Taldeen artean harremana sortzen laguntzen al du espazio honek?

Jende asko mugitzen da, bereziki gazteak. Ni berria naiz eta ez ditut guztiak ezagutzen, baina batzuk batzurekin egin dut harremana. Jende jatorra da, eta, gainera, beti da aberasgarria musikariak izatea alboan. Aritzek gitarra jotzen du eta abenduko Orioko kontzertuan nirekin joko du. Bakarlari gisa nabilen arren, abendurako banda osatu dut eta bera kideetako bat izango da.

Zu aurretik talde bateko partaide izandakoa zara, Hira taldekoa, alegia.

Orain dela gutxi arte, alegia. Taldea desegin egin zen, edo, hobe esanda, arnas pittin bat hartzea erabaki genuen. Bost diska atera genituen, urte asko generamatzan elkarrekin... Nire bizitzak haustura nabarmen bat izan nuen eta ikusi nuen taldeari ezin niola eskaini eskatzen zuen bezain beste. Nire bidea egiteko gogo asko neuzkan...

Desberdina izango da oso talde bateko kidea edo bakarlaria izatea. Zergatik ekin nahi zenion bakarkako bideari?

Urteak neramatzan horrekin buruan. Nire bidea egin nahi nuen bakarlari moduan. Taldean kantak nik konposatzen nituen, beraz, esan daiteke, banuela gaitasuna kantak egiteko.

Bakoitzaren burua neurtzeko modu polita iruditzen zitzaidan. Erronka handia. Bakarrik jendaurrean azaltzeko beldur asko gainditu behar dira eta hori ere interesgarria iruditzen zitzaidan, aberasgarria.

Taldeak babestu egiten du, baina bakarka biluzik sentituko zara, ezta?

Guztiz.Sekulako aldaketa da. Bakarrik lehen bi kontzertuak egin eta gero ez nuen gehiago jo nahi. Beldurra pasatzen nuen. Urduritasuna gauza bat da, eta gainera urduritasun sano hori ona da eszenatoki gainean. Baina ez zen hori, beldurra zen. Bi kontzertu horiek eta gero utzi egin nahi nuen, baina tira, urtea 15 bat kontzertu emanda bukatuko dut.

Buelta ematea lortu duzu, beraz...

Hirugarren edo laugarren kontzertuan, ez dakit zergatik, beste sentsazio batzuk izan nituen, guztiz bestelakoak. Gustura sentitzen nintzen, harro sentitzen nintzen egiten ari nintzenagatik...

Garrantzitsua da egiten duzunarekin harro sentitzea. Daukadan maila daukat, baina jendaurrean jartzeko gaitasuna garatzen ari naiz eta nire kantu propioak egiteko gaitasuna daukat. Horregatik oso pozik nago.

Beldurrak gainditzeak ere indartu egingo zintuen...

Bai. Beti umiltasunez, baina bai.

Hiraren antzik ba al du orain jotzen duzun musikak?

Ez dauka zerikusirik, baina pertsona berbera izaten jarraitzen dudanez eta han nik konposatzen nuenez, nire kutsu hori bietan igarriko da. Baina, gainontzean, ez dauka zerikusirik. Hemen nire ahotsa eta gitarra besterik ez daude. Rock akustikoa da. Rock amerikarraren eta euskal bakarlarien esentzia dute kantuek.

Batzuetan Libana izaten duzu alboan, kantuan...

Kontzertu baten ostean, zerbeza batzuk edaten ari ginela, gitarra atera eta kantuak jotzen hasi ginen. Bera nirekin batera hasi zen abesten. Hirugarren ahotsa oso erraz egiten zuen, hasieratik bukaeraraino. Orduan lokalean entseguak egiteko proposatu nion, zer gertatzen zen ikusteko.

Entsaiatu genuen eta primeran joan zen, bikain. Kontzertu batean abestera ea animatzen zen galdetu nion eta baietz esan zidan. Fnac-en izan zen kontzertua. Oso ondo joan zen!

Baina ondo entzuteaz gain, gure artean sortzen zen harremana, konexioa, izugarria zen. Nire bikotekidea izateaz gain, niri gehien gustatzen zaidan proiektuan dago sartuta. Hor sortzen da elkarrizketa, komunikazioa, izugarria da. Xarma itzela dauka. 

Lotura bat gehiago berarekin...

Bai. Berekin oholtzara igotzea berezia da. Nire hitzak primeran zapaltzen ditu. Kantuak oso ondo ezagutzen ditu. Bera ez da abeslaria, baina oso armonia politak egiten ditu. Oso kontentu nago!

 

Oraingo honetan ere oholtzan ikusiko al dugu bera?

Bai, bai; orain beti nirekin igotzen da oholtzara! Niretzat oso lagungarria da, gainera. Hasieran pena pittin bat ematen zidan, proiektuaren ikuspegia pixka bat aldatu egiten zelako pertsona bat gehiago izanda. Baina ikusi dut funtsa berbera dela, esentziak hor jarraitzen duela: nire kantuak dira, nik jo eta kantatuta...

Hasieran komentatu dugun arrazoi horregatik izango da -baita ere- lagungarria ezta? Hau da, oholtzan babesa izango duzulako...

Ziurtasuna ematen dit berak. Ez nago horren biluzik jendaurrean. Ez dut galtzen bilatzen nuen esentzia hori, eta, gainera, lagundu egiten dit.

Oriora etorri berritan kontzertua emango duzu kontzertua. Aurkezpen gutuna izango da herrian.

Oso gogotsu nago. Kontzertu hau egutegian gorriz margotuta neukan. Batzuetan kikildu egiten naiz gauza batzuen aurrean, baina, kasu honetan, kontrakoa da. Indartu egiten dit Orion izate horrek, orain nire herria den honetan. Izugarrizko gogoa daukat daukadan hori jendeari erakusteko.

Nahiago dut kontzertua herrian izatea, niretzat gertukoa den tokian, kanpoan baino. Askoz ere sentikorragoa iruditzen zait, zentzu gehiago duela uste dut. Nire jendearen aurrean jotzea asko gustatzen zait.

Hori bai, eztarria gaizki daukat. Horrek bai beldurtzen didala...

Gaixorik?

Hemendik ostirala bitarte sendatzea espero dut. Medikuarenera joan naiz, ea sendatzen naizen! Normalean ez dut arazorik izaten ahotsarekin. Egia da nire errepertorioa ahotsarentzat nahiko zorrotza dela. Kantuak altu daude, tesitura altuan. Maila horri ordu betez eusteko ahotsa ondo eduki behar da. Ezin du kili-kolo egon. Horrek ematen dit beldurra, eztarriak; gainontzean oso gogotsu nago, oso.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide